Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hannah Arendt fededun

Hannah Arendt fededun

Markos Zapiain 2025/02/09 11:55

Egia da laikotasuna erlijiotik datorrela, baina idazkiz idazki Laikotasunaren Berri Ona zabaltzen ibiltze hau, laikotasunaren misiolari, etsenplu onak ematen inuxentien artean, San Pauloren antzera, ez dakit kezkagarria ote den, gainetik kendu ezineko menpekotasuna, noraeza, ideiak argi ez edukitzea, edo omenaldi inkontziente bat erlijioei; orain bertan eman beharko nuke dimisioa beharbada Hezkuntza Laikoa elkartean.

Bestalde, Harrokeria intelektuala leporatu izan digute agnostiko eta ateistei fededun askok, geure burua adimentsuagotzat hartzea fededunena baino; eta egongo da fededunari goitik behera begiratzen dion agnostikoren bat, baina bistan da oker dagoela: aski da oroitzea Leibniz eta Hannah Arendt fededunak izan zirela. Edonola ere, euskaraz bederen eta oraingoz —bestela gertatzen baita Frantzian eta frantsesez—, geure jarrera adierazteko eskubidea eta askatasuna dugu agnostiko eta ateook, fededunak baino memeloagoak garela ohartzen bagara ere. Lagungarri da orobat euskarazko saiakeren ohiko irakurle-kopurua eta eragina unibertsoan. (Bide batez esanda, "memo"+"lelo" elkartzetik dator Ivan Igartuaren ustez "memelo".)

Nekez mintzo zen Hannah Arendt idatzietan bere buruaz eta sentimenduez, eta ederra da neurritasun hori, gurean ia galdua. Garai batean, harrapatzen nuen Arendten guztia irakurtzen nuen, eta uste nuen agnostikoa zela, harik eta Hans Jonasen autobiografian pasadizo hauxe irakurri nuen arte: behin batean, Hannah Arendten etxean lagun batzuekin zegoela, Erromatik etorritako katoliko elizkoi batek Jonasi galdetu zion ea Jainkoa sinesten zuen. Lehenbiziko aldia zen galdera hori hain era zuzenean egiten ziotena. Ezezagun batek, gainera. Txunditurik begiratu zion hasieran. Tarte batez pentsatu eta, bere burua harriturik, baietz erantzun zion, sinesten zuela.

Asaldatu egin zuen erantzun horrek Hannah Arendt. Harriturik begiratu zion. Katolikoak berriro: “Benetan?” "Bai. Azken batean, bai. Esan nahi duena esan nahi duela, ‘bai’ erantzuna hurbilago dago egiatik ‘ez’ baino".

Handik gutxira, Jonas eta Arendt bakarrik geratu ziren, eta Jainkoaren galdera etorri zen berriro. “Ez dut inoiz zalantzan jarri Jainko pertsonal bat dagoenik”, esan zuen Arendtek. “Baina Hannah, ez dut inoiz jakin! Eta hori horrela bada, zergatik harritu zintuen hainbeste lehengo egunean esan nuenak?” Eta Arendtek ihardetsi: “Zure ahotik entzuteak astindu ninduen, ez bainuen inoiz pentsatu horrela sentitzen zenuenik”. Halatan, oso aspaldiko lagunek elkar harritu zuten Jainkoarenganako fedearen aitorpen horiekin.

Sinesgarria da Jonasen autobiografia, ez du ematen Arendten fedeari buruzko oroitzapenean gezurra pasatzeko inongo interes maltzurrik susmatu behar zaionik. Hannah Arendt Jainko Pertsonalean fededun. Ezusteko galanta hartu nuen. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.