Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Kakalardo helezina

Markos Zapiain 2024/02/13 16:35

Wittgensteini lagun batek ziurtatu dio berak bakarrik dakiela bere mina zer den, eta bere oinaze propioari esker baino ez dakiela “min” hitzak zer esan nahi duen. Wittgenstein ez dago ados. Ez du uste “min” hitzak zer esan nahi duen jakin dezakezunik, zeure min pribatua bakarrik ezagututa.

Hasteko: hala balitz, besteen minari buruz ere horixe berorixe baieztatu beharko zenuke.

Bestalde, minaren kontzeptua hizkuntzan ikasten dugu, “min” hitza erabiliz eta erabilera horren jokoan sartuta. 

Kutxako kakalardoaren bidez ilustratu zuen Wittgensteinek desadostasun hori. Irudikatu zenbait lagun, nork bere kutxatxoa daukala, eta barruan “kakalardo” deritzoten zerbait. Inork ezin du besteen kutxan begiratu, berean baino ez; eta bakoitzak esaten du soilik bere kakalardoari begiratuta dakiela zer den kakalardo bat.

Baliteke, alabaina, beste zerbait izatea kutxetan. Gainera, ez da ezinezkoa zerbait hori etengabe aldatzea.

Edozelan ere, kakalardoei buruz mintzatzen dira lagunak: era ulergarrian eransten diote “kakalardo” hitzari esanahia, nahiz eta inork ez jakin besteek zer duten kutxetan; are, kutxa horietan zerbait ote dagoen. Beraz, garbi dago “kakalardo” hitzaren erabilera hori ez dela gauza baten izendapena.

Kutxan dagoen izakia ez da hizkuntza-jokoan sartzen; ezta "zerbait" gisa ere: baliteke kutxa hutsik egotea. Halatan, kutxan dagoenak edo ez dagoenak ez du garrantzirik. Lagunek “kakalardo” hitza nola darabilten, horrek erabakitzen du hitzaren esanahia, eta ez begiradatik gordetako balizko izaki pribaturen batek.

Kutxetako kakalardoek, kutxetako balizko izakiek, nolabait esateko, elkar neutralizatzen dute. Nire kakalardoak eta nire lagunarenak, batak bestea ezerezten dute. Eta geratzen den bakarra, irauten duen bakarra, “kakalardo” edo “min” hitzen erabilera da.

Wittgensteinen iritziz, hitzen esanahien izaera publikoa lotua dago gizakiok elkarri irakasteko dugun gaitasunarekin. Ordea, izaki pribatuak, kakalardoak, ez du zereginik irakaste-prozesu horretan, ezin baikara kakalardoraino heldu.

Nork bere planoa

Markos Zapiain 2024/02/13 12:25

Hiriek eta hizkuntzek ez diote aldatzeari uzten, bertan bizi eta bertatik igarotzen diren lagunen jardueren ondorioz. Etengabe sortzen dira esamolde eta karrika berriak, noranzko bakarreko kaleak eta kalezulo itsuak. Noranzko bakarrekoak edo itsuak direla, hala nola euskara zeharo garbia edota txokokeria, eskarmentuarekin batera ikasiko du erabiltzaileak, beranduegi agian.

Ataka larrian egotearekin alderatzen du arazo filosofikoa Bigarren Wittgensteinek, kale itsuan galdurik. Ez da batere zaila hizkuntza bezalako hiri konplexuko kalexka estuetan galtzea. Wolfram Eilenbergerren ustez, atsegina ere izan liteke.

Filosofatzearen eginkizunetako bat hiri horren planoa marraztea litzateke, paseatzaile galduak jakin dezan zehazki non dagoen eta, hortik abiatuta, aurrera jarraitzeko bidea bere kabuz eta argitasunez aukeratu ahal izan dezan.

Honelaxe pintatzen zien Wittgensteinek ikasleei bere irakasle-eginkizuna:

“Filosofia irakasten dizuedanean, gidari baten gisakoa naiz, Londresen nola mugitu erakusten dizuena. Iparraldetik hegoaldera eramango zaituztet, ekialdetik mendebaldera, Eustondik Embankmentera eta Picadillytik Marble Archera. Hainbat ibilbide egin ondoren hirian barrena, norabide guztietan, kale jakin batetik zenbait bider igaroak izango gara, eta ibilbide desberdinen zati gisa izango dugu zeharkatua aldi bakoitzean. Azkenean, Londres ezagutuko duzue: benetako londrestarrak bazinete bezala aurkituko duzue edozein bide.

Jakina, gidari onak kalerik garrantzitsuenetatik eramango zaituzte, bigarren mailakoetatik baino sarriago; kontrakoa egingo du gidari txarrak. Filosofian, aski gidari txarra naiz.”

Edonola ere, eskoletako gidaritza horiek gorabehera, Wittgensteinek berak dio norberak aztertu behar duela hiria, plano txukuna sortuko badu gero gogoan. Norberak pentsatu ez dituen gogoetek ez dute gauza handirik balio. Inork ezin du nire txapela bere buruan jantzita nire burua estali; era berean, inork ezin du nire pentsamendua bere buruan nire ordez pentsatu. Hiria bere kasa korritu eta aztertu baino lehen, inork ez du behar bezalako planorik buruan. Eta balu ere, nahasgarria litzaioke. Hori bai, goitik behera eta xehero-xehero behar da hiria aztertu. Eta zauden lekutik abiatuta galdetuko diozu gero zeure buruari zer norabide hartu nahi duzun. 

 

Hitzen hiria

Markos Zapiain 2024/02/13 10:45

Bigarren Wittgensteinek dio gure hizkuntza hiri zahar baten antzekoa dela. Batetik alde zaharra, kalezulo eta plazen nahaspila, etxe zahar eta berriena, hainbat mendetako eraikinak pilaturik; bestetik, badaude auzo berriak ere, kale zuzen eta erregularrez osatuak, atxikiriko etxeekin. “Likine abuloraune ekien bilbiliars” eta “erresonantzia magnetiko nuklearra”.

Wittgensteinen galdera: zenbat etxe edo kaletik gora hasten da hiri bat hiri izaten? Noiz osatzen da hiria, noiz osatzen da hizkuntza? Hizkuntzaren aldirietan dialekto berriak eta neologismoak sortzen dira, hala nola kimikaren sinbolismoa edo kalkuluaren idazkera.

Edozelan ere, periferiak erantsi baino lehen, hiria ez zen osoa ala? Bukatzeke ote zegoen orain dela 50 urteko Irun? Hala balitz, esan beharko genuke gaur egungo Irun ere ez dela osoa. Osatuko ote da inoiz?

Bigarren Wittgensteinen iritziz, kimikaren sinbolismoa jaso baino lehenagoko hizkuntza gaur egungoa bezain osoa edo osatugabea zen, orain dela 50 urteko Irun bezalaxe.

Bigarren Wittgensteinentzat, hizkuntza hizkuntza izaten hasten da testuinguru jakin bateko komunikazio-baldintzak betetzen dituenean. Ordutik aurrera, etengabe aldatzen da, ahozko adierazpena etengabe aldatu den bezala hizkuntza gisa kontsideratua izaten hasi arte. Era berean, esan liteke, Carla Carmonarekin batera, biztanleen beharrak asetzen dituenean hasten dela hiri izaten aurrerantzean etengabe aldatuko den hiria.

Bikote-dantzaldi bi

Markos Zapiain 2024/02/12 14:10
Pulp Fiction eta Poor Things

Nietzscheren esanetan, dantzatzen ez bazara errealitatetik kanpo gelditzen zara, eta egun galdua da dantzarik gabeko eguna. Dantzan lekikeen Jainko batengan baino ez luke sinetsiko Nietzschek.  

Uste nuen hilko nintzela pentsatuz Pulp Fictionekoa dela zinemako bikote-dantza eszenarik onena, baina orain dudak dauzkat, ez ote den are hobea Poor Thingsekoa.

Wittgenstein hitz bitan

Markos Zapiain 2024/02/09 14:40
Labur-labur, txuletarako

LEHEN WITTGENSTEIN:

-Hizkuntza eta mundua bat datoz; hitzaren zentzua bere erreferente erreala da; esaldi onargarria egoeraren edo gertaeraren irudia da

-Logika da hizkuntzaren eta munduaren karkasa

-Nire munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak dira

-Filosofia klasikoa sortu da hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik: munduan ez dagoenaz dihardu, eta zentzugabea da

-Filosofiak ez du doktrina izan behar, baizik eta jarduera: hizkuntza nahasia argitu behar du eta arazo filosofiko faltsuak desagerrarazi

-Esan daitekeena, argiro esan daiteke

-Esan ezin daitekeenaz, hobe isilik

 

BIGARREN WITTGENSTEIN:

-Hitzaren zentzua bere erabilera da eguneroko bizitzan

-Hitz bat ahoskatzea da tekla bat jotzea irudimenaren pianoan

-Hizkuntza-joko ugari aldakorrak daude, bakoitza bere logikarekin

-Hizkuntza-jokoak bizimodu zehatzetan daude txertatuak

-Hizkuntza pribatua ezinezkoa da, arau publikoei dagokie ezinbestez hizkuntza

-Arauek ez dituzte beren aplikazioak aldez aurretik mekanikoki determinatzen; orientatu egiten gaituzte

-Hiriaren antzekoa da hizkuntza; eta arazo filosofikoa, kaleen labirintoan galdurik egotea. Planoa marraztu beharra dago.

-Terapeutikoa da filosofia: botilan harrapatua dagoen euliari irteteko zuloa erakutsi behar dio

Tratatu logiko-filosofikoa (eta 2)

Markos Zapiain 2024/02/08 12:55
Lehen Wittgenstein, bigarren zatia

Dirudienez, guztiok izan ditugu esperientzia metafisikoak, estetikoak, etikoak, erlijiosoak. Hiru dira, funtsean, Wittgensteinenak: munduaren izateaz txunditzea, guztia ikustea miragarri; edozein arriskutik erabat salbu sentitzea; eta zuzena ez den zerbait egiteagatik errudun sentitzea.

Horra Wittgensteinen esperientzia nagusiak. Ordea, segituan diosku hori guztia ulergaitza dela, zentzubakoa, kalaka hutsa. Esate baterako, harritu, espero ez bezalako zerbait aurkitzean gara benetan harritzen: bagoaz etxera eta eraitsirik da, ikasle bati lehoi-burua erne zaio, eguzkiak kantatzeari ekin dio... Wittgensteinentzat, ez du zentzurik munduaz, mundu den heinean, harritzeak.

Edozelako mehatxutik zeharo libre sentitzeari dagokionez, berdintsu: elgorria nozitu ostean, ez duzunez berriro harrapatuko, lasai egon zintezke alde horretatik. Baina gertatzen dena gertatzen dela ere, beti eta nonahi guztiz babesturik zarela esatea, hitzak txarto erabiltzea da.

Hirugarren esperientzia: erlijioari lotzen dio errua Wittgensteinek. Konparazioak darabiltza erlijioak. Esaterako, Jainkoari belauniko otoitz egiten diogunean, izaki ahalguztidun baten mesedeak edo barkamena lortzen saiatzen ari bagina bezala dihardugu.

Baina konparazio zuzen batek bi izaki deskribagarri biltzen ditu (“Ahuntz-saldoa dirudi zure adatsak”; “Itsasoa bezain traidorea da Iker”); eta izaki bat konparazio baten bitartez deskriba badezaket, gai izan beharko nuke konparazioa baztertu eta Ikerren izaera traidorea edo adatsa bitartekorik gabe deskribatzeko ere. Haatik, erlijioan, konparazioa baztertu orduko, ohartzen gara ez dagoela deskribatzeko izakirik, erreferente errealik gabeko metafora handi batean sartuta bageunde bezala.

 

MUNDUAN GAUDE GU, BAINA BIZITZAREN ZENTZUA EZ DAGO MUNDUAN

Lehen Wittgensteinen iritziz, hizkuntzatik at daude etika, estetika eta erlijioa. Esaldi metafisiko klasikoek ez dituzte gertaerak zein egoerak aipatzen. Aitzitik, esanezina adierazi nahi dute; hau da, hizkuntzaren eta munduaren mugetatik harago dauden errealitateak adierazi nahi dituzte. Baina “esentzia”, “Jainkoa” edo “izatea” bezalako hitzek ez dute korrespondentziarik errealitatean.

Gela bat balitz hizkuntza, gelako hormen aurka burua jotzea litzateke etikaz eta metafisikaz zentzuz mintzatu nahi izatea. Halatan, inork liburu bat idatziko balu, zinez, etikaz, eztanda handi batez munduko gainerako liburuak oro suntsituko lituzke. Orobat, Unibertsoko gorabehera guzti-guztiak —xehetasun psikologikorik ezdeusenak barne— bilduko lituzkeen liburu orojakileak ez luke etikazko esaldi bakar bat ere; hilketarik doilorrenaren aurreko lekukoen erantzuna deskribatuko luke, samina, amorrua.... Dena den, Wittgensteinek dioenez, etika ez litzateke inon agertuko, ez baita mundu honetakoa.

Filosofia eta metafisika gertaeren eta munduaren osotasunari buruz mintzatu izan dira: “Izatearen esentzia denbora da”. Haatik, gertaera ororen multzoa ezin da gertaera bat izan, tabernari guztien multzoa tabernaria ez den ber. Soilik unibertsotik kanpo bageunde esan ahalko genuke zentzuzko zerbait unibertsoaren osotasunaz. Wittgensteinentzat, mundutik at legoke munduaren zentzua, halakorik balego. Baina nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak.

 

EZIN ESAN DAITEKEENAZ, HOBE ISILIK

Filosofia klasikoa eta arazo metafisikoak hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik datoz. Eta, Tratatuaren arabera, filosofia ez da teoria, ez da doktrina, baizik eta jarduera: hizkuntzaren kritika da, pentsamenduen argitze logikoa. Filosofiak zorrozki bereizi behar ditu, bestela lausoak diren pentsamenduak. Filosofatzeak ez dakar filosofia gehiago; ez dakar esaldien argitzea baino. Pentsa daitekeen guztia argiro pentsa baitaiteke, ahoska daitekeen guztia argiro ahoska daitekeen legez. Eta ezin esan daitekeenari dagokionez, hobe isilik. 

Lehen Wittgenstein gazte suhar solipsistak metafisika ahaztu nahi du, eta eguneroko hizkuntza nahasia aldatu —gramatika eta sintaxi logikoak sortuta—, ez bakarrik mundua artez deskribatu ahal izateko; gainera, hobetze horri esker mundua ere aldatuko duelakoan dago, nire munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak direnez gero. Tratatuak dioenez, solipsismoa, muturreraino eramanez gero, errealismo hutsarekin bat dator. “Komunista naiz ni, sakonean”, esan zion lagun bati 1934an.

 

Lehen Wittgenstein. Tratatu logiko-filosofikoa

Markos Zapiain 2024/02/07 18:02

Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik? Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian? Kanten galdera ezagut dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era onargarriz esan dezakedana.

Erantzunaren arabera, Wittgenstein bi bereizi izan dira, eta biek izan dute eragin handia filosofian: lehenbizikoak Vienako Eskolaren neopositibismoa bideratu zuen, eta bigarrenak filosofia analitikoa, edo hizkuntza arruntaren filosofia, batez ere ingelesez mamitua. Edonola ere, Wittgensteinek urruti ikusten zuen bere burua bai neopositibosmotik, bai filosofia analitikotik.

 

LEHEN WITTGENSTEIN

Tratatu logiko-filosofikoa liburuak darakutsa lehen Wittgensteinen pentsamendua. Baina kontuz: vienarrak dioenez, zati bi ditu Tratatuak: idatzirik dagoena, eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.

Lehen Wittgensteinentzat, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean filosofia baztertu eta jolastu, maitatu, bizi. Arazo filosofiko guztiei behin betiko konponbidea eman omen die Tratatuak, eta, hortaz, ez du zentzurik aurrerantzean ere arazo horiek buruan bueltaka erabiltzen jarraitzeak. Gainera, Tratatuak bere burua deuseztatzen du. Aldi berean du Wittgensteinek egia aldaezintzat eta gainerako filosofia-liburuak bezain absurdotzat. Dagoenari buruzko ikuspuntu zuzenera daraman eskailera bat da, eta, igo ostean, bota egin behar da. 

Lehen Wittgensteinentzat, tautologia eta kontraesana dira zentzuz esan daitekeenaren mugak: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz. 

Tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen esaldiak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Hizkuntzak eta munduak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez, izenak bat datoz gauzekin. Eta izenak esaldian modu jakin batean konbinatzen diren bezala konbinatzen dira gauzak gertaeran. Hizkuntzaren eta munduaren karkasa da logika. 

Beraz, munduaren irudi legez funtzionatzen du esaldi onargarriak. Hizkuntzaren izaera figuratiboaren ideia auto-istripu baten inguruko epaiketa baten berri irakurri zuenean bururatu zitzaion Wittgensteini: panpinen eta figuratxoen bidez errepresentatu zituzten autoak, etxeak, jendea. Antzera irudikatuko luke esaldiak munduko gertaera edo egoera.

Alabaina, ezin da esaldien bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea litzateke. Esaldiek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute; ezin dute  “azaldu”, edo “adierazi”. Hizkuntzan adierazten dena ezin dezakegu guk hizkuntzaren bidez adierazi. Era berean, margolanak paisaia irudika lezake, baina ezin du irudikatu formek eta koloreek paisaia nola irudikatzen duten. 

Tratatu logiko-filosofikoan, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta mundua deskribatzen dutenak dira esaldi onargarriak; hots, Natur Zientzietakoak. Esaldi filosofiko klasikoak ez bezala, errealitatearekin bat etor daitezkeen esaldiak egiazkoak ala faltsuak izan daitezke. Natur Zientziak egiazko esaldi guztiak bilduko lituzke. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat. Zientziaren galdera guztiei erantzunda ere, gure funtsezko arazoak ez genituzke ukitu ere egingo. 

Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, estetikoak, metafisikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi, ez dira gertaeren pinturak, ezin dira egiazkoak edo faltsuak izan. Hil ala bizikoak dira, baina ez dute zentzurik. Hizkuntzak ezin du etikaren berri eman. Ez da gai, katiluak Atlantiar Ozeanoa har ez dezakeen legez. Horregatik, bizitzaren arazoak ez du erantzunik. Arazo hori desagertzeak adieraziko luke konpondu dela.

Wittgensteinen bizitza zoragarria

Markos Zapiain 2024/02/06 14:05

Vienan jaio zen Ludwig Wittgenstein, 1889an, judu jatorriko familia batean, munduko aberatsenetakoa, burdingintzari eta altzairugintzari esker. Lau urte bete baino lehen, ez zuen hitzik esan. Ohikoa izaten da atzerapen hori gerora hizlari eta solaskide apartak izango direnengan. Mezenasak ziren Wittgensteindarrak, Austriako artista behinenen lagunak, maiz joaten zitzaizkienak etxera: Brahms, Mahler, Pau Casals, Klimt… Kultura-giro ezin kitzikagarriagoan hazi eta hezi zen filosofoa. Ospetsua da Klimtek Ludwigen arreba Margaretheri egin zion erretratua. Sigmund Freudek berak psikoanalizatu zuen Margarethe. Lagun minak egin ziren, eta Margharetek modu erabakigarrian lagundu zion Freudi naziengandik ihes egiten. 

14 urte bete arte, etxean ikasi zuen Wittgensteinek, aitak ezarritako ikasketa-plan baten arabera. Gero, Linz-eko eskola teknikoan sartu zuten, non ikaskide izan baitzuen Adolf Hitler. 

Wittgensteinen aitak asko eskatzen zion bere buruari; ingurukoei ere bai. Wittgensteinen hiru anaia nagusik beren burua hil zuten. Ez ziren aitaren exijentzia-mailara heltzen, eta hiruei ekarri zizkien arazoak eta errua homosexualtasunak. Ludwigek ere bizialdi osoan erabili zuen etengabe buruaz beste egiteko aukera. Anaia Paul Wittgenstein piano-joleak besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran, eta harentzat idatzi zuen Maurice Ravel euskaldunak “Ezkerreko eskurako kontzertua”. Hona hemen Paul Wittgenstein bera Ravelen pieza jotzen. 

Ludwigek ere sentiberatasun musikal berezia zuen. Buruz zekizkien Mozart, Beethoven eta beste hainbat musikagile klasikoren pasarte luzeak, eta trebetasun harrigarriz txistukatzen zituen.

1908an, Manchesterko Unibertsitatean Ingeniaritza aeronautikoa ikasteari ekin zion. Hantxe asmatu zuen propultsio-motor aeronautikoa. Dena den, berehala harrapatu zuen ingeniaritzaren oinarri matematiko eta logikoarekiko jakin-minak. Halatan, Cambridgeko Unibertsitatera jo zuen,  Bertrand Russell matematikari, logikari eta filosofari ospetsuarekin ikasteko.

Russell aurkitu zuenean, hauxe galdetu zion Russelli: “Mesedez, esan egia: zeharo ergela al naiz? Ergela baldin banaiz, Ingeniaritza aeronautikoa ikasiko dut. Bestela, Filosofia”. Wittgensteinen testu bat irakurri ondoren, filosofiari ekiteko aholkatu zion Russellek. 

Hala ere, detektibe-nobela popularrak eta cowboy-filmak nahiago zituen filosofiako liburu klasikoak baino. Zaratatsua egiten zitzaion askotan Cambridgeko giroa, axalekoak konbentzio akademikoak, eta bere pentsamenduan behar bezala kontzentratzeko Norvegiako fiordo batean etxola txiki bat eraiki eta hantxe bakartu zen. Ederki ikasi zuen norvegieraz mintzatzen eta idazten. 

1912an bere dirutzaren zati handi bat Rainer Maria Rilke eta George Trakl bezalako poeta txiroen artean banatu zuen; eta 1919an aitarengandik heredaturiko ondasun itzelari uko egin eta anai-arrebei eman zien. 

Itxura ederreko mutila zen Wittgenstein, eta izaera menderatzailekoa. Magnetismo izugarria zuen. Bat zetozen Bertrand Russell, George Moore, J.M. Keynes eta bertatik bertara ezagutu zuten gehienak: jenio bat zen.

Lehen Mundu Gerra hastean, Austriako artillerian sartu zen, boluntario. David Pinsent maitaleak, aldiz, Ingalaterraren armadan egin zuen gerra. Etsaiak ziren ofizialki. Maitasuna ez zen itzali ordea, gutun ugari idazten zioten elkarri. Atsekabe handiz jakin zuen Wittgensteinek Pinsent maitea hegazkin-istripu batean hil zela. Gerra amaitzen ari zenean, Italiako armadak preso hartu zuen Wittgenstein, eta hamar hilabetez atxiki. 

Borrokaldi-urteetan zein Italian preso, koadernoetan idazten zituen gogoeta filosofikoak. Bertako oharren zein Norvegiako etxolan idatzirikoen artean egokienak aukeratu, ordenatu, berridatzi, eta, hainbat argitaletxek atzera bota ondoren, 1921an atera zuen Tratatu logiko-filosofiko famatua, “Lehen Wittgenstein” deitu izan denaren adierazpen osoa, vienarrak bere bizitzan argitaraturiko liburu bakarra. David Pinsenti eskaini zion. Hitzaurrea Russellek idatzi zuen; Wittgensteinen iritziz, ez zuen tutik ere ulertu. 

Tratatuak arazo filosofiko guztiak behin betiko erantzun zituela sinetsirik, Wittgensteinek, behin gerra bukatuta, filosofia baztertu zuen. Vienarraren ustez, Filosofia-irakasle duzu munduko lanbiderik absurdoena. 

1920 eta 1926 artean, Austriako zenbait herri txikitan egin zuen lan, maisu. Ikasleek sarritan ateratzen zuten bere onetik, eta Wittgensteinek jo egiten zien. Zoritxarreko sentitzen zen eta etsiak hartu zuen. 

Irakaskuntza utzirik, Vienara itzuli zen. Depresioa sendatzeko fraide sartzen saiatu zen, baina komentuko buruak fede-falta sumatu eta  bertako lorezain izatea proposatu zion, eta Wittgensteinek onartu. Hainbat aldiz saiatu zen bere baitan fedea pizten, zoritxarra arinduko ziolakoan, baina inoiz ez zuen lortu.  

Arkitekto lanak ere egin zituen ondoren, arreba baten etxea diseinatzen, modu harrigarriro zorrotz eta obsesiboan. Gainera, Moritz Schlick eta Rudolf Carnap filosofoak ezagutu zituen, Tratatua inspirazio-iturri eta eredu hartuta “Vienako Zirkulua” eskola neopositibista sortuko zutenak. Berriz ere filosofatzen hasi zen horiekin. 

1929an Cambridgera itzuli eta Tratatu logiko-filosofikoa Doktorego-tesi gisa aurkeztu zuen. Wittgensteinen bizitzako urterik emankorrenak hasi ziren orduan: berriz ekin zien filosofiako lanei; Tratatuko teorietatik urrutiratzen ari zen, ordea. Gainera, ez zetorren bat interpretazio neopositibistarekin. 

1930ean hasi zen Cambridgen irakasten. Aurretik prestaturiko gidoirik gabe ekiten zion jendaurreko gogoeta autista samarrari. Adimen-borroka gogorrak eta isilune sutsuak tartekatzen zituen. Ideia berriez erditzen zen Wittgenstein, baina ahiturik bukatzen zuen. Norvegiako etxolan bakartu zen berriz ere 1936an, eta horrek Filosofia-azterketak lantzeko aukera eman zion. 

Hitlerren Alemania Austriaz jabetu zenean, 1938an, Britainia Handiko herritar bihurtu zen Wittgenstein. Erizain ibili zen Bigarren Mundu Gerran. Amaitu zenean, urte bi eman zituen irakaskuntzan, eta 1947an bizitza akademikoa berriro baztertu eta erretiratu egin zen. Aurrerantzean, lan egin ahal izateko Irlandan ezkutatu zen, Dublinen eta itsas ondoko etxola bakarti batean. Gaelerari eusteko ahalegina aldeztu zuen. 

1949an minbizia aurkitu zioten eta 1951n hil zen. Wittgensteinen azkeneko hitzak: “Esan iezaiezu zoragarria izan dela nire bizitza”. 

1953an argitaratu zuten Filosofia-azterketak, “Bigarren Wittgenstein” deitu izan denaren pentsaeraren funtsa dakarrena.

 

Wittgenstein eta hautsa

Markos Zapiain 2024/02/06 13:25

Hainbat irizpide erabili izan dira Lehen eta Bigarren Wittgenstein bereizteko. Hona hemen beste bat:

Hizkuntza zikinak bere onetik ateratzen zuen Wittgenstein, beste edozein zikinkeriak bezalaxe. Etxeko lurzorua garbitzeko metodo bitxi bat asmatu zuen, Tratatu logiko-filosofikoa bezain zorrotza: te-hosto batzuk ondo zopatu eta zoruan jartzen zituen, hautsa eta zikinkeria xurga zezaten. Hostoek zikina ondo jaso arte ez zuen erratza pasatzen. Sarritan zerabilen teknika berezi hori, eta beti egin zion irmoki uko edozein alfonbrari.  (Ray Monk, The Duty of Genius, 377)

Bestalde, hauxe esan zuen Wittgensteinek Cambridgen igaro zuen azkeneko urtean:

«Batzuetan, estudio batean sartu eta liburuen eta paperen nahaste-borrastea aurkitzen dugu edonon, eta erabakitasunez aldarrikatzen dugu: “Hau kuxidadea! Bistan da gela hau txukundu beharra dagoela!”

Aldiz, beste batzuetan, lehenbizikoaren oso antzekoa den beste gela batean sartu eta, goitik behera miatu ostean, dagoen bezalaxe uztea erabakitzen dugu, onartuz oraingo honetan hautsa bera ere dagokion lekuan dagoela». (Janik eta Toulmin, La Viena de Wittgenstein, 261)

Tratatu logiko-filosofikoaren izpiritua adierazten du lehenbiziko jokabideak: gela zikina bezalaxe behar da eguneroko hizkuntza garbitu, zilarra baino distiratsuago utzi arte; alegia, munduaren berri akatsik gabe emateko gai.

Eta bigarren jokabideak, berriz, Filosofia-azterketen izpiritua adierazten du, begirunea hautsari: hizkuntza-joko ugari aldakorrak aztertzera eta deskribatzera mugatu; hizkuntza-jokoak bakean utzi, edozein hobetu-nahiri uko eginik.

 

Hanpaduraren zioak

Markos Zapiain 2024/01/23 10:45
Txillardegi eta Ereño (eta IV)

Egia bada ere polemikari esker artez irudikatu eta ulertu dezakegula zertan ziren Txillardegiren eta marxisten arteko adostasunak eta desadostasunak, egia da ere arreta ematen duela desadostasun bilakatu izanak hainbeste adostasun.

Kanpotik aztertuta, artifizialki hanpatua dirudi polemikak. Kontrako itxurak egin arren, puntu nagusietan bat datoz: gizartean bizi diren izaki historiko aldakorrak dira hizkuntzak, hizkuntzek beren logika propioa dute, errealitatea ebaki eta taxutu bere erara egiten du hizkuntza bakoitzak, lotuta daude hizkuntza eta pentsamendua, estrategia eraginkorrak adostu behar ditugu euskara salbatuko bada, etab.

Orduan, Txillardegiren eta marxisten arteko botere-borrokak zergatik hartu zuen adierazpidetzat horrelako eztabaida? Honi dagokionez ere, Joxe Azurmendik eman du erantzunik zentzuzkoena. Galdera-sorta bat da erantzuna, hain zuzen, hizkuntzaren balio politikoaren ingurukoa: mundu-ikuskera berezia badakar hizkuntza bakoitzak, ez ote da kili-kolo geldituko nazioarteko langileriaren mundu-ikuskera, marxismo-leninismo zientifikoak aldarrikatua? Herriek ala klaseek mugiarazten ote dute, nagusiki, gizateria eta historia? Herriei ala klaseei eman behar ote zaie lehentasuna gizateria eta historia ulertzeko orduan? Azurmendi:

«Diferentzia erabakigarria bien artean doktrina linguistikoei ematen zaien edo ez zaien balio politikoan bilatu behar da apika. Eta, zuzen ikusten badut, Ereñoren artikuluan diferentzia hori hizkuntza eta mundu-ikuskeraren inguruan iruten da. Beharbada, hizkuntza bakoitza mundu-ikuskera bat dela onartzen bada, eta era horretan herri (nazio) bakoitza mundu-ikuskera bat originala legez definitzen eta mugatzen bada, marxista-leninista bat beldur da, nazioaren izaerari inportantzia larresten zaiola (gizadia nazio ezberdinen batura, emaitza, bihurtzen baita), eta batez ere proletargo internazionalaren mundu-ikuskera galtzen dela? Eta mundu-ikuskera guztiak hizkuntzak baldintzatuak eta, beraz, subjektiboak badira, non gelditzen da mundu-ikuskera marxista-leninista zientifiko objektiboa? Klaseek ala herriek ezaugarritzen dute gizadia, historia?»[1]

 

 

 



[1] Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, 294. or.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.