Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zuzendari

Zuzendari

Markos Zapiain 2025/02/10 12:15

Bigarren Hezkuntzan Filosofia irakasle baldin bazara, ohitura hartzen duzu urterik urte irakurtzeko bai erlijioa eta eliza lege zibilaren gainetik jartzeko oinarria ematen duten filosofoak —hala nola San Agustin—, eta bai laikotasuna aldezten dutenak —horien artean Spinoza. Joera handiagoa neukan eta daukat bigarren hauengana. Dena den, irakasle soil nenbilela ez zitzaidan burutik pasatu laikotasunaren aldeko inongo elkartetan militatzea edo libururik idaztea.

Institutuetan irakasleen mihi gaiztoek klaustrokideren bat seinalatzen dute zenbaitetan, normalean gizona, zuzendari izan nahi arren aitortzen ez duena. Alegia, lankideek espontaneoki eskatuta nahiko luke lanpostua, aho batez eta aklamazioz, beste inork nahi ez duena lortzeko borondatez aurkeztu behar izatea umiliazioa balitzaio bezala.

Dena den, ohikoena izaten da irakasle bakar batek ere zuzendari izan nahi ez izatea. Zailak izaten dira giza harremanak; eta zuzendaritzan, zailagoak ez ezik, ugariagoak ere bai. Gehiago irabazten den bada ere, handiagoa da erantzukizuna, estuagoak loturak gurasoekin, udalarekin, ertzaintzarekin eta hezkuntza sailarekin, laburragoak oporrak; oporretan ere, piztuta eduki behar duzu beti mugikorra, zer gerta ere.

Oroitzen naiz 2015eko abuztuan Paueko bikote batekin etxe-trukea egin eta egun batean hamarrak aldera jaiki eta ordurako 17 ahots-mezu neuzkala: obretan zebiltzan ikastetxean eta arazo tekniko korapilatsu bat zegoen zutabeekin eta hodiekin, zeinari konponbidea bilatzen hasteko gaitasuna oso urruti gelditzen baitzitzaidan. (Zehazkiago esanda, ez nuen ulertu zertan zen arazoa.) Kezka-mota hori erantsi behar zaio irakaslearen betiko kezkei.

Horrenbestez, ez da harritzekoa gurean ere klaustrokideok zuzendaritza geure gain hartu nahi ez izatea. Kontua da zeruak ukitu gorrixka bat zerakutsan goiz batean —biziki asaldaturik zeuden gainera Aritzatxuko uhinak— ikuskariak zuzendari izatera behartu ninduela.

Irakasle guztiek pasa beharko lukete zuzendaritzatik, izugarri ikasten baita: bestelakoa eta zabalagoa da ikastetxeaz harrapatzen duzun perspektiba; ohartzen zara, adibidez, zein ugaria eta desberdina den jendearen izaera eta jokabidea, besteak beste zuk ordezkatzen duzun agintaritzara hurbiltzeko moduan. Botere hori institutu bateko zuzendaritza bezain ezdeusa izanagatik ere, inork nahi ez duena, karisma distiratsu batez apaindua ikusten zaitu zenbait lankidek zuzendari zaren bitartean, ordu arte —eta normala den bezala— gizajo errukarritzat tratatu zaituen arren.

Esaten dute gizakiok ziminoa dugula arbaso, baina lankideen psikologia kontuan hartuta, ematen du batzuk ziminotik baino gehiago gatozela zalditik, kurrilotik, betixutik, saitik, tigretik, beletik, zezenetik, marrazotik, katutik, hienatik, ostrukatik, arranotik, olagarrotik, ahuntzetik, inurritik, legatzetik.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.