Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Adimen Artifiziala laikotasunaz

Adimen Artifiziala laikotasunaz

Markos Zapiain 2025/02/09 12:10

Laikotasunari buruzko serie honi buruz pentsatzen hasi nintzenean, egokia bezain zuzena iruditzen zitzaidan Arendten diskrezioa imitatzea. Ordea, bien bitartean Adimen Artifiziala agertu zaigu.

Chat GPT-ri galdetu diot: “Zeintzuk dira laikotasunaren aldeko arrazoirik sendoenak?” Segundoa igaro baino lehen, hauxe erantzun dit euskara garbian:

«Laikotasunaren aldeko arrazoirik sendoenak honako hauek dira:

  1. Fede askatasuna: Laikotasunak sinesmen erlijiosoen askatasuna bermatzen du. Herritarren fedea eta sinesmenak ez dira estatuaren eraginpean egon behar, eta pertsona bakoitzak bere erlijioaren arabera erabaki dezake. Laikotasunak erlijioaren eta estatuaren arteko muga finkatzen du, eta horrek aniztasun erlijiosoari errespetua ematen dio.
  2. Justizia eta berdintasuna: Laikotasunak estatuaren erabakiak erlijio edo sinesmenen arabera ez hartzea ahalbidetzen du, eta horrek sistema juridiko eta politikoaren neutralitatea ziurtatzen du. Horrela, gizartean pertsona guztiak berdin tratatzen dira, ez delarik erlijio edo sinesmenaren arabera bereizten.
  3. Demokraziaren sustapena: Laikotasunak gizartean askatasun politiko eta sozialak bermatzen ditu, eta horrek demokratikoki hautatutako ordezkariak erlijio-eraginik gabe aritzeko aukera ematen du. Horrela, gizartearen erabakiak herritarren nahiaren arabera hartzen dira, erlijio edo sinesmenen esku-hartzerik gabe.
  4. Hezkuntza eta zientzia: Laikotasunak hezkuntza sistema publikoan erlijioaren presentzia murrizten du, eta horrek zientzia eta jakintza objektiboaren garapena sustatzen du. Estatuaren hezkuntza politikak erlijioaren eraginik gabe garatzen dira, eta ikasleek desberdintasun erlijiosoak alde batera utzita hezkuntza inklusibo eta pluralista jasotzen dute.
  5. Gizarte kohesioa eta aniztasuna: Laikotasunak erlijio desberdinen arteko elkarbizitza sustatzen du, gizartean aniztasun erlijioso eta kulturalak errespetatzen direlarik. Horrela, talde desberdinak eta sinesmen desberdinek bakean bizitzeko aukera dute, estatuaren eraginik gabe.

Laburbilduz, laikotasuna demokraziaren, askatasunaren eta gizarte kohesioaren oinarri gisa agertzen da, eta gizarte guztientzat baldintza justu eta berdinak eskaintzen ditu».

Galdetzen jarraituz gero, arrazoi objektiboetan oinarrituriko eta ondorio objektiboetan garaturiko liburu inpekablea idatz dezakezu Adimen Artifizialak lagunduta; zeuk, neuk eta beste edonork.

Hortaz, bistan denez nik baino hobeki ematen dituela Adimen Artifizialak laikotasunaren aldeko eta kontrako arrazoiak, eta laikotasunaren egoeraren berri munduan, fidagarriagoak eta gaurkotuagoak dituenez laikotasunari buruzko datuak, erabaki dut laikotasunaren aldeko sermoi hauek Adimen Artifizialari ustez helezinak zaizkion sentimenduz eta pasadizoz eraikitzea —helezinak oraingoz, bederen, eta auskalo.

Dirudienez Adimen Artifizialaren esku ez dagoen zerbait idaztea erabaki dut; alegia, nola iritsi naizen ni neu laikotasuna aldeztera, Pascali bezala aski gorrotagarria baldin bazait ere nia, eta Arendten diskrezioaren imitazioa traizionatu beharko dudan arren. 

Theodor W. Adornok zioen Walter Benjaminen prosari lehen pertsona singularra gutxitan erabiltzetik zetorkiola sinesgarritasuna, kalitatea eta indarra, objektibotasun filosofiko berezi bat. Kontutxo pertsonalak baztertzeak eta “ni” ez erabiltzeak bere burua ahaztea eta kontzeptuetan sakonki murgiltzea ahalbidetzen ei zion. Halatan, hemendik aurrerakoak, irakurle, ia ez du sinesgarritasun, kalitate, indar eta objektibotasun filosofikorik izango. Pena da baina hala da.  

 

Amatiño
Amatiño dio:
2025/02/09 12:56
Zure azken esaldia: "Pena da baina hala da". Ez dut ulertzen. Zergatik pena?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2025/02/09 13:25
Hainbat motiborengatik dira Hannah Arendt eta Walter Benjamin eredugarriak; adibidez, aztergai filosofikoan sakonki murgiltzeko gaitasunagatik. Hori lortzeko, Adornoren ustez bederen, zeure buruaz ahaztea komeni da.

Laikotasunari buruz idaztera deliberatu nintzelarik, Arendten diskrezioa imitatzeko asmoa nuen, neure burua ahaztekoa.

Ordea, ikusita Adimen Artifizialak nik baino hobeto adieraz ditzakeela laikotasunaren inguruko datu eta arrazoi objektiboak, aldez aurretik amore eman eta nire biografian zentratzea erabaki dut, pentsatu nahi baitut Adimen Artifizialak ez duela zenbait pasadizo ezagutuko.

Pena ematen didana da aldez aurretik uko egitea, helburu ideal gisa ere, Adornok Benjaminengan ikusten duen sinesgarritasun, kalitate, indar eta objektibotasun filosofikoari, hori guztia “ni” erabiltzeari uko eginik lortzen omen baita.
Amatiño
Amatiño dio:
2025/02/10 16:13
Ez dakit ba ulertzen ez dizudan… ala uste ote nuen ez nizula ulertzen muina sakonagoa zelakoan, filosofiak errespetu handia eragiten baitigu filosofoak ez garenoi.

Segurutik kazetari arina baino ez naiz baina… norberaren buruaz ahaztu eta “sinesgarritasun, kalitate, indar eta objektibotasun filosofikoa NI erabiltzeari egiten lortzen” baldin bada, hori kazetaritzaren oinarrizko printzipioa da. Filosofoak “objektibotasun filosofikoa” jartzen duen lekuan, kazetariak “objektibotasun informatiboa” jartzen (jarri beharko) du.

Teoriaz (kirol-orrialdeak salbu, sektore honek beste baremo batzuk ditu), edozein egunkarik bi testu-mota ditu: objektiboa (nitasunik gabeko informazio arrunta) eta subjektiboa (nitasunezko iritzi-orrialdeak).

Zenbat-eta “ni” eta adjetibo kalifikatibo gehiago erabili, are subjektiboagoa da informazioa eta, hartara, desinformatiboagoa. Alegia, Walter Benjamin filosofoak kazetari ona izateko ezpalak zituela.
Amatiño
Amatiño dio:
2025/02/10 20:15
Ageriko oker nabarmena dago bigarren paragrafoan: "NI erabiltzeari egiten" jartzen du baina, "NI erabiltzeari uko egiten" da.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2025/02/11 09:15
Egia diozu, eta Benjaminek aldizkarietan ere idatzi zuen (baina zaila da zehazten testu objektiboak ala subjektiboak ziren). Ez dakit Adornok ez ote ziharduen Benjaminen liburu konkretu batez. Kazetaritzan ere, subjektibo/objektibo bereizketa ez da zurruna izaten: ez dute berdin eman El Correok eta Deiak Ortuzarren ukoaren berri, eta ez soilik editorialetan edo iritzietan, baizik eta, printzipioz, nitasunik gabeko albiste arruntak izan beharko luketenetan. Zer esanik ez OK Diariok.

Filosofia oso zabala da eta oso testu desberdinek osatzen dute: zaku zabal horretan sartzen ditugu Platonen Sinposioa, Montaigneren Entseguak, Kanten Arrazoimen hutsaren kritika, Nietzscheren Ecce Homo… Hainbat filosofok idatzi dute “nitanoz”, Mitxelenaren zioen bezala. Montaignek ia ez du idazten bere buruaz baizik, Nietzscheren gisara Ecce Homon. Bide batez, Nietzscheren susmoa da filosofia obra oro, itxuraz abstraktuena barne, autorearen autobiografia inkontzientea dela. Beraz, auskalo.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.