Liburutegietako apaletan
"Munduko atlas fisikoak eta ametsak interpretatzeko eskuliburuak. Mikrobioei edo galaxiei buruzko saiaera monografikoak. Jeneral baten autobiografia bat desertore baten gogoeten ondoan. Eleberri postapokaliptikoak eta, haien ondoan, esperantzek gainezka egiten duten utopiak. Amnesia-dosia duten memoriak eta egiazko gertaeretan oinarritutako zientzia fikzioa. Oroitzapen nostalgikoa eta beldurrezko kontakizuna, biak ala biak urte bereko egun berean girotuak. Munduan batera eta bestera dabilen idazle baten oharren ondoan, preso baten egunkari klandestinoa. Hirugarren adinean izandako lehenbiziko amodioari buruzko kronika bat laugarren dimentsioko agente bikoitz baten fantasiarekin batera. Tinta oraindik ere fresko duen nobedade bat eta, haren ondoan, hogeita bost mende bete berri dituen obra bat."
Irene Vallejo, Irakurketaren aldeko manifestua, Pamiela, 52. or., Fernando Reyren itzulpena