Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Sapir eta Barandiaran

Sapir eta Barandiaran

Markos Zapiain 2024/12/23 15:20

Euskararen txikitasuna darabil Sapirrek kontraste gisa, indoeuroperaren edo indo-txineraren hizkuntza-familien zabalkunde izugarria nabarmentzeko. Hondar gisa ikusten du gaur egungo euskara. Zabal zegoen hedaturik behinola, baina urrituz joan da, eta ezin murritzagoa da gaur egun bizirik den lurraldea.[1] Margit eta Antonio Alatorre gaztelaniazko itzultzaileek ezin izan diote Sapirren testuari ekarpen propioa egiteko tentazioari eutsi, eta “desagertzeko bidean dago” erantsi dute gogo biziz, “está en vías de desaparición”.[2] Bai astunak, indoeuropar etorri-berri puta hauek. 

(Emendio horren harira Antonio Alatorreren testuak bilatu ditut eta, jakina, etengabe aldarrikatu zuen Mexikoko hizkuntza nazional bakarra espainola dela, eta arras kaltegarria dela hizkuntza indigenak biziberritzeko ahalegina, are iraunaraztekoa. Hizkuntza natiboen hiztunak mespretxatzen zituen. Esan zuenez, "El español ha sido, es y seguirá siendo la lengua nacional de México. Lo demás es utopía, peligrosa utopía".)

Barandiaranek uste zuen cro-magnonaren bertako eboluzioak ekarri zuela euskalduna. Aztarnategiak ikertzen zituen Barandiaranek. Garai hartan ez zuten DNAren berri. Ez zituzten gaur egun Iñigo Olalde batek genoma zaharrak berreraiki eta aztertzeko dituen baliabideak. Hala ere, Gaskaren hipotesiak, alegia, euskara ez datorkigula ez estepa pontikotik ez Anatoliatik, baizik eta mendebaldeko ehiztari-biltzaileengandik, berriz ere hurbilduko liguke Barandiaranen susmoa, nahiz eta, aldi berean, genetikak, arkeologiak eta hizkuntzalaritzak erakusten dizkiguten datu berriek —nahasketez eta mugimenduz josiak—  ikuspuntu errealistagoa eta osoagoa ematen diguten. "Barandiaran gehi beste gauza asko" litzateke ikuspuntu berri hori, "baina Barandiaran barne". Ederki eman zuen eskura izan zuen geruzaren berri.

Kontuan hartuta ezusteko harrigarriagoak ematen dizkigula aspaldion iraganak etorkizunak baino, eta zein azkar doazen hizkuntzalaritzaren, genetikaren eta arkeologiaren aurkikuntzak, pentsa liteke hamar urte barru Barandiaranena guri bezain mugatua eta partziala irudituko zaiola afizionatuari orain arte desestaliriko geruza-multzoa.   



[1] Hizkuntza, Gaiak, Donostia, 2006, 173. or. (Alberto Gabikagojeaskoa euskaratzaile).   

[2] El Lenguaje, FCE, 1981, 176. or. Sapirrek idatzitakoa: Some of them, like Indo-European or Indo-Chinese, are spoken over tremendous reaches; others, like Basque, have a curiously restricted range and are in all likelihood but dwindling remnants of groups that were at one time more widely distributed. "Desagertzeko bidean" horren arrastorik ez (https://www.gutenberg.org/cache/epub/12629/pg12629-images.html#ch7, 164-165), itzultzaileen gurarian izan ezik.

Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/24 11:46
Patxi Baztarrikari irakurri berri diodanez, gaur egun munduan hitz egiten diren 100 hizkuntzetatik 90 epe labur samarrean galduko dira, eta euskara izango omen da oraingoz iraungo duten %10 horietako bat. Luzera, ordea (eta hau ez du Patxik esan), hizkuntza gutxi batzuk baino ez dira izango indarrean iraungo dutenak, eta euskarak ez du arrazoi handirik horietako bat izateko.

Hala ere, “iraun” eta “galdu” kontzeptu aldakorrak dira teknologiak eta eskubideak garatzen diren neurrian. Unescoren ustez, gutxienez 100.000 hiztun behar izango omen ditu edozein hizkuntak iraun nahi izango badu. Baina Unesco, euren hizkuntzan administrazio, hezkuntza eta hedabide garaturik gabeko hiztunez ari da. Ez da euskararen kasua. Hartara, euskarak iraun, luze iraun lezake.

Beste kontu bat da, ordea, zenbaterainokoa izan ote daitekeen euskarak iraun dezan anbizioa eta formularik emankorrena. Alegia, gizarte osoa eta orokorra alor eta esparru guztietan, ala jakineko barrutien, larrainen edo arloen barrena soilik?

Zenbat eta eskua gehiago zabaldu, are gutxiago estutu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.