Chat GPT eta DeepSeek
Dirudienez, desberdinak dira Txinako eta AEBetako adimen artifizialen psikologiak.
Txinatarrak, zure galderaren erantzuna ezagutzen ez duenean, “lanpetuta nago” esaten dizu (“utzi bakean, pixka batean bederen” adierazteko modu bat); aldiz, amerikarrak erantzuna asmatu egiten du, baina asmatua dela jakinarazi barik.
Amatiñok ChatGPTri espainiar zinemagintzako lehen musu homosexualaz galdetu eta “film bi aipatzen ditu: Eloy de la Iglesiaren Los placeres ocultos (1977) eta Agustí Villalongaren El paso del río (1980), bide batez frogatuz ezer zehatzik ez dakiela, esne-berbetan baino ez dela ari, onenean ere, dena delako erantzun zuzena film bat baino ezin baita izan”. Eta gainera ez da ez bata ez bestea, baizik eta Jaime Chávarriren A un dios desconocido-n (1977) Xabier Elorrieta bibotedunak eta Héctor Alteriok elkarri eman ziotena. Orduko giroa kontuan hartuta, bide batez esanda, ez da harritzekoa aktore biak Espainiatik kanpo jaioak izatea.
Nire esperientzia AEBetako AArekin: etengabe sartzen du hanka, gutxi gorabehera erantzuten dizu, denbora galarazten dizu, baina, jakinarazten diozularik, oso modu apal eta atseginean onartzen du, arrazoia ematen dizu eta barkamena eskatzen, eta damutu egiten da. Baina hurrengo galderaren erantzunean berdin-berdin jarraitzen du abisatu gabe tronpatzen.
(Hori bai, nola txinatarrek hala kaliforniarrek ezin hobeki darabilte ergatiboa, Errigoitikoak dirudite.)
Zeri zor zaio Txinako eta Amerikako AAen arteko aldea, nondik nora erreakzio desberdin horiek erantzunak ezagutzen ez dituzten galderen aurrean? Txinatarren eta kaliforniarren psikologien desberdintasuna erakusten ote dute AAek ere, alegia, mandarinak eta ingelesak ematen duten mundu-ikuskera desberdina? Amerikako barka-eskeak eragin kristaua izango luke; taoistek nahiago lukete damuak eta koplak utzita unibertsoaren ibilbide naturalarekin bat egin.
Hala ere, Txinako adimen artifizialak ingelesezko datuak ditu, eta alderantziz.
Orduan? Zori hutsa?