Espainiar zinemagintzaren lehen musu homosexuala
Orain hurrengo, bideo zaharren artean muturra sartzen ari nintzela, agertu zitzaidan Jaime Chávarri zuzendariaren A un dios desconocido (1977) filma, non, besteak beste, Héctor Alterio eta Xabier Elorriaga aktoreek ezpainetako musua elkarri ematen dioten. Xabierri berari musu homosexual hura espainiar zinemagintzaren lehenengoetakoa izan ote zitekeen galdetu eta, "aurrena edo... aurrenetakoa bai, behintzat".
Nork edo nola baieztatuko? Googlek ez du datu zehatzik, eta galdera eginez gero bideratzen gaitu "Homosexualidad en el cine español" (Universitat Oberta de Catalunya, 2023) delako txostenera, non Luis Buñuel, Eloy de la Iglesia eta Pedro Almodóvar diren erreferentziarik nagusienak, baina ez zaion, haatik, galderari artez arte erantzunik ematen.
ChatGPTri galdetuz gero, ostera, film bi aipatzen ditu Eloy de la Iglesiaren Los placeres ocultos (1977) eta Agustí Villalongaren "El paso del río" (1980), bide batez frogatuz ezer zehatzik ez dakiela, esne-berbetan baino ez dela ari, onenean ere, dena delako erantzun zuzena film bat baino ezin baita izan. Bata ala bestea.
Aurrea hartuz eta zehatz mehatz galdetuz gero, berriz, ez ote den Jaime Chávarriren A un dios desconocido (1977) lehen filma izango? Erantzun gisa, Adimen Artifizialak Eloy de la Iglesiarena lehenesten du, "musu esplizitu eta luzea" azaltzen duen lehena zarauztarraren Los placeres ocultos delakoan. Eta argitzen zaionean Eloyrenean ez dagoela batere musurik --ez espliziturik eta ez luzerik-- eta bai, ordea, Jaimerenean, nahastu egiten da, zeharbidetik ihesi doa eta hondarrik gabeko itsasotan galtzen. Zein naturala suertatzen den gero, adimen artifizialaren hanka egiteko berezkoa!
Alegia. Zorioneko adimen artifizialak ez du filmik ikusi. Ez bata eta ez bestea. Baina algoritmo jainkoturen batek diotsa Eloy de la Iglesiaren filmean homosexualen arteko musua agertzen dela, gutxieneko baldintzak betetzen dituen ganorazko musua dela eta, gainera, aurrena, espaniar zinemagintzaren historian. Ez du batere asmatzen, baina alferrik da, ez du amore eman nahi. Ez dago, antza, ameto emateko programatua.
Errepikapena eta guztiko musua
Xabierrek gogoan du Madrilgo Café Gijón-en bildu zela Jaime Chávarri eta Elías Querejetarekin. Bazkaria ondo joan omen zen, atseginez eta adostasun osoz, eta postrea heldu aurretik, ordea, isilunea, geldiunea. Xabier urduri, ezustekorik esango ote zioten, diru-kontuak… Halakoren baten, Jaimek eta Eliasek elkarri begiratu eta, bietako batek esan zion: “Hay una escena de beso, tú y Alterio os besáis…”
Grabazio egunean, berriz, elkarri musua ematerakoan, Alteriok, aurpegi arraroaz esan zion Chávarriri: “Creía que me encontraría un tipo sin bigote!”
Ez zen, ordea, hor amaitu. Zenbait egun geroago, Chávarrik deitu zion Xabierri esateko: “Tengo dos noticias, una buena y otra mala. La buena, que tendremos portada en Cambio16”. ¿Y la mala? “Tenemos que rodar de nuevo el beso”. Bigarrena errazagoa izan omen zen... Edozein modutan, emakumeen eta gizonezkoen ezpainak berdinak, antza.
1977 urtea… Espainiar zinemagintzan elkarri lehen musua eman zioten aktoreak... biak ere Ameriketan jaioak.
.
Antzeko denbora-galtze etsigarria izan dut nik ere Adimen Artifizialarekin. Iaz, testu bat idazten ari nintzela, Lacanen ideia batez oroitu eta apuntatu egin nuen. Baina gero erreferentzia zehatza behar izan nuen, oin-oharrean aipatzeko, eta ez nintzen oroitzen non irakurri nion.
Chat GPTri galdetu nion ea Lacanen zein liburutan ageri den ideia hori eta “Mamuaren Logika”n erantzun zidan. Goitik behera irakurri nituen berriro 400 orrialde pasak, eta ezer ez. “Ondo bilatu dut, Chat GPT, eta ideia hori ez dago “Mamuaren Logika”n”. Berehala: “Zuzen zaude, nahastu egin naiz, barka” (oso adeitsu eta benetan damututa eta lotsatuta). “Esango didazu mesedez zein liburuk dakarren?” “Bai, noski: “Psikoanalisiaren Etika”k”. “Zer orrialdetan?” “Hori ezin dizut esan”. “Zein ataletan?”. Atal pare bat aipatu zidan. Arretaz irakurri eta ezer ez. “Chat, aipatu dizudan ideia ez dago atal horietan”. “Bigarren hanka-sartzea, ez daukat barkamenik. Begiratu “Psikoanalisiaren Ifrentzua”n”.
Baina, ordurako etsita, ez nion kasurik egin eta bide klasikoagoak berrerabiltzeari ekin nion.
Txinatarrak dira orain gure itxaropen bakarra, Amatiño.