Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61

Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61

Asier Sarasua 2018/03/31 12:35
Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61

Luzuero (309 m), Zierbena, Bizkaia

100 Mendien Lehiaketako 3. urteari ekiteko, Luzuerora (309 m) igo ginen, gaztelaniazko Punta Lucero izenez ere ezaguna. Bilboko itsasadar sarreran dagoen lurmutur eta tontorra da Luzuero, Zierbena eta Muskiz gainean kokatua. Serantes (452 m) garaiagoa dauka alboan.

Zierbenako Aldapa (La Cuesta) auzotik ekiten zaio igoerari (nahiago bada, beheragotik, Zierbenako portutik bertatik). Ibilbide labur eta erraza da, zabala eta ondo seinalizatua, haurrekin egiteko ere egoki-egokia. Inguru guztia belardi eta otadiak dira, itsaso gaineko ikuspegi ederrarekin. Abra alde batera, Muskizko hondartza bestera.

Luzuero (309 m)

Bilborako sarrera izanik, Abra osoa dominatzen da Luzuerotik. Hori dela eta, garrantzi estrategikoa izan du historian zehar, eta gerrako azpiegitura ugari ere ikus daitezke Luzueron (lubakiak, kanoiak, gotorlekuak, kuartelak, eta abar).

Azpiegitura militar horiek hainbat garai eta berrerabilpen ezagutu dituzte. XVI. mendean ezarri ziren lehenengoak, eta karlistaldietan lubaki ugari eraiki ziren. Lubaki horiek berrerabili egin ziren, ondoren, Gerra Zibilean, Bilboko Burdin-Hesia egituratu zenean. Luzuero puntu estrategikoa izan zitekeen Francoren aurkako gerran. Behin gerra galduta, Franco bera izan zen Luzueron azpiegitura militar garrantzitsuak eraiki zituena. Izan ere, aliatuen eraso baten beldur ziren frankistak, eta horiei aurre egiteko zenbait azpiegitura ezartzen hasi ziren Kantauriko kostaldean zehar.

Kuartela nahiko luze egon zen martxan eta oraindik ere zati bat nahiko egoera onean dago. Ibilbide honek, beraz, naturaz gozatzeaz gain, gure historian barneratzeko aukera ere emango digu. Bitartean, Bizkaiko eta Cantabriako kostaldearen ikusmira ederra izango dugularik.

Luzuero (309 m)

 Luzuero (309 m)

Hauxe izan da gure aurtengo lehenengo mendi puntuagarria, 100 mendien lehiaketako 61garrena. Ehun mendien araudia oso erraza da, XX. mende hasieran sortu zenetik ia-ia aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa). Garrantzitsuena:

  • 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
  • Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
  • Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
  • Federatuta egon behar zara.

Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gainditutako erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.

Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago (berriki eguneratua); Euskal Herriko 800 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk (batez ere Pirinioetakoak) biltzen ditu. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehazten; zure esku dago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz