Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Gari-lanak Antzuolan (2003ko uztailaren 12an): gari-ebaten, gari-jotzen eta gari-garbitzen

Gari-lanak Antzuolan (2003ko uztailaren 12an): gari-ebaten, gari-jotzen eta gari-garbitzen

Asier Sarasua 2018/02/07 14:20
Anelkar elkarteak antolatuta, gari-jotzea ("gari-jotia", gure hizkeran) egin zen Antzuolan 2003ko uztailean. Jaialdi hartako argazki, bideo eta kartelak ekarri ditut hona.

1960. hamarkadara arte, gariak sekulako garrantzia zeukan Euskal Herriko baserrietan eta familietan, baina oso denbora laburrean, 10 urte eskasean, Gipuzkoa eta Bizkaiko baserri gehienetatik desagertu zen, raus.

2003ko uztailean antzuolarrek garai bateko ohiturak eta lan-moduak berreskuratu nahi izan zituzten. Urtean zehar garia erein, jorratu eta zaindu egin zuten; eta uztailean, arratsalde bakarrean, ebaki, tolestu, jo eta garbitu (berez, egunak behar izaten dira lan horiek egiteko, baina erakustaldi honetan dena arratsalde berean egin zuten).

Anelkar elkarteak antolatu zuen, 2003ko uztailaren 12an, Antzuolan. Haraxe joan ginen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Baserri bateko soroan garia ebaki zuten (igitaiak eta gurdi moztaile berezi bat erabilita) eta, gero, tolestu egin zuten (azaoak egin, mutxurioak egin, metak pilatu,...); jasotako garia gurdi gainean herrira jaitsi zuten; eta amaitzeko, plazan jo (matxaka izeneko gari-jotzeko makinan eta txangetean) eta garbitu egin zuten.

Prozesu osoa erakutsi ziguten, hiruzpalau ordutan, Antzuolako dozena bat baserritar edadeturen artean, auzolanean, betiko ohiturari jarraituz. Ondoren galafaria ere izan ei zen, nola ez, baina horra ez ginen gelditu ;)

Materiala

 

Gari-ebaten

Gari-jotea Antzuolan (2003), garia ebaten

Garia igitaiez ebaten zen, baina Antzuolan gurdi moztaile berezi hau ere ikusi genuen lanean.

Gari-jotea Antzuolan (2003), azaoa egiten

Azaoa egiten, gari-txorta, horretarako kakodun ziri berezia erabiliaz, txabera. Lastozko kapelak ere oso ohiko izaten ziren lan hauek egiteko orduan; izan ere, gari-lanetarako eguraldi beroa behar delako (egoki ebaki eta jotzeko). Zenbat eta beroago, orduan eta errazagoak dira gari-lanak.

Gari-jotea Antzuolan (2003), gari-azaoak tolesten eta metatzen

Behin gari-azaoak eginda, bostekoetan ipintzen ziren (edo hamarrekoetan, hamabostekoetan tolestuta). Ondoren, azaoak besaraka hartu eta metatu egiten ziren gari-soroetan, zenbait egunez, eguzki galdatan lehortu zitezen. Azaoak gari-metetan tolesten ziren normalean; bestela, egoerak behartuta, mutxurixo (mutxurio) izeneko metatxo txiki behin-behinekoetan ere pilatzen ziren batzuetan. Behin garia zenbait egunez eguzkitan lehortuta, prest zegoen jotzeko. Goiko argazkian, gari-azaoak jaso eta gurdiratzen, plazara eramateko, jotzera.

Gari-jotzen, "gari-jotia"

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Goiko argazkian, garia matxakarekin jotzen, gari-jotzeko makinarekin. Gari-jotzearen helburua da gari-aleak galburutik askatzea. Gari-jotzea, hainbat mendez, eskuz egiten zen, jakina, txanketian (txangetean) izeneko teknika erabilita, harlosa baten aurka. XX. mende erdirako gari-jotzeko makinak hasi ziren zabaltzen Euskal Herriko eskualde guztietan. Askotan zenbait baserritarren artean erositakoak ziren, auzokideen artean, eta txandaka erabiltzen zituzten; txandaka eta auzolanean.

Gari-jotea Antzuolan (2003), garia txanketian jotzen

Garia eskuz jotzen, "txanketian" (txangetean). Azaoa eskuekin ondo oratu, eta harlosa baten aurka jotzen zen, gari-aleak edo galgarauak (gari-garauak) askatu arte.

Garia garbitzen

Gari-jotea Antzuolan (2003), gari-garbitzen

Behin garia jo ostean, gari-aleak edo galgarauak garbitu egiten ziren, haizearen bidez garauak eta hondarrak (lasto-printzak, ahotza/alkotza, zikina...) banatuz. Jatorriz eskuz egiten zen: garia airera botatzen zen eta haizeak hondarrak eraman egiten zituen (arinagoak), garia (astunagoa) behera jausten zen bitartean. Prozesu hori ere mekanizatzen joan zen XX mendean zehar, argindarra eta gari-garbitzeko makinak agertu ahala; makina horiek, azken batean, haizea eragiten dute, garauak eta zikinak (lastoa, ahotza, zikinkeria txikiak...) bereiziz. Gari-garbitzea edozein unetan egin zitekeen; ezz derrigor garia jo eta berehala. Aurreko lanak auzolanean egiten baziren ere (ebagi eta jo), gari-garbitzea, askotan, baserri bakoitzak berea egiten zuen. Argazkian, Antzuolako gazteak, garia makinaz garbitzen.

Serafin
Serafin dio:
2018/02/07 21:09
Oso ona Asier. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz