Eibarko zezen-plaza zaharra
Interneten gerrako irudien bila nenbilela, Eibarko zezen plazaren argazki zahar hau aurkitu dut. Ez nuen ezagutzen. Polita iruditu zait; perspektiba berria. 1910-1920 urte ingurukoa dela esango nuke. Erdi-erdian plaza. Inguruan Eibarko putetxe ezagunak (Petra eta Maria ezagunena, besteak beste). Atzerago Isasiko konbentua eta bere lur-sail handiak, irudiaren ezkerretara, Isasitik Ipuruaraino (gaur egungo Santa Ines kaleraino zabaltzen ziren).
Eibarko zezen-plaza 1903ko San Juan egunean ireki zen, Cocherito de Bilbao ezagunaren korrida batekin. Gerra ostean eraberritu eta handitu egin zen (1959. urtean) gaur egun daukagun zezen-plaza eraikitzeko. 1940-1960 hamarkadetan izen handia izan zuen zezenzale eta toreroen artean. Garaiko figura handienak etorri ziren Eibarrera: Manolete, Antoñete, Bienvenida, Curro Romero,...
Zezenen inguruko zaletasuna zaharragoa da, hala ere. Eibarko historiako lehenengo aipamena (XIII. gizaldikoa) zezenketa baten ingurukoa da (Iruren egindakoa). XIX. gizaldian ere ezagunak ziren Eibarko zezenketak, ondorengo argazki ezagun honetan ikusten den moduan. Untzaga plaza da, zezenketarako itxita, parean Untzagako dorretxe zaharra ikusten dela (gaur egun Txokoko etxeak).