Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71
Euskal Mendizale Federazioaren 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu eta, horri eskerrak, besteak beste, Euskal Herriko hainbat eskualde eta paraje eder (eta guretzat ezezagun) ari gara bisitatzen. Udaberriko irteeren artean, esate baterako, Arkamu mendilerroa ezagutu genuen. Arkamuko Repico (1.188 m), Peña Colorada (1.131 m) eta Coronas (1.168 m) tontorrak igo genituen.
Arkamu mendilerroa Araba mendebaldean dago, Burgosko mugatik nahiko hurrean. Kuartangotik eta Gaubeatik ditu igoera edo sarrera nagusiak eta guk Kuartangoko Arriano auzunetik ekin genion igoerari.
Arriano dozena erdi etxeko herrigunea da. XIII. mendeko Done Erroman eliza polita dauka erdian, eta aparkaleku txiki bat ondoan. Hantxe laga genuen autoa eta herri amaieran dagoen pistatik gora egin genuen, sakanean barrena.
Malda dago, baina bide erraza da (mendi-bidea, abeltzain eta ehiztarien ibilgailuentzat pentsatua), pinu eta pago artean. Bista ederra dago une oro, parean Corona gailurra eta Arkamu mendilerro osoa ikusten ditugularik. Mendi-inguruneetako hegaztiak dabiltza gure buruen gainean, sai, belatxinga, okela-bela, haitz-enara eta abarrak.
45 minutu inguruko igoera tentearen ostean Arkamu mendilerroko lautadara helduko gara, Melaria edo Pozo Portillo izeneko lepoa gaindituta. Hemendik aurrera ez dago bide nabarmen-nabarmenik, inguru zabala da, goi-lautada tipikoa, ipuruz, elorriz eta txilarrez estalita. Parean ditugu Arkamu mendilerroko gailur guztiak. Repico (1.188 m) da garaiena, baina gainontzekoak ere ez zaizkio gelditzen urrutiegi. Behin lautadara helduta, gailurrak bertan daude, 15-20 minutuko igoera besterik ez da behar.
Peña Colorada da gainditu dugun mendi-lepotik hurren geratzen zaigun gailurtxoa eta hantxe hartuko dugu hamarretakoa, igo berri dugun sakonunea begien aurrean daukagula. Han barrenean, Kuartango ingurua.
Pirripioak kantuan entzuten ditugu eta, behin hamarratekoa hartuta, aurrera jarraituko dugu. Arkamuko lautada osoa inguratzea erabaki dugu, lehenengo iparralderantz eta gero, pareko maldatik gora, Repico eta Coronas gailurretarantz. Ttipi-ttapa, ordu bete inguruan eman diogu itzulingurua lautadari eta Repicoraino heldu gara.
Goiko lautadan tuntunak, pirripioak eta pitxartxarrak bizi-bizi ari dira kantuan, udaberriak hala eskatuta. Arrano eta miruak dabiltza hegan, azeriak eta basahuntzak ere ikusi ditugu sari artean. Leku ederra da pasiatzeko. Aztarna etnografikoak ere ugariak dira, otsoak harrapatzeko tranpak eta artzainek ehunka urtean lagatako ondare etnografiko eta historikoa.
Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.
Argazki gehiago Flickr-eko bilduman: Repico (Arkamu).