Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibar, elementu etnografikoak

Eibar, elementu etnografikoak

Asier Sarasua 2005/06/26 21:45

Orain dela hilabete inguru Aranzadiko Luis del Barriok deitu zidan. Debabarrena eskualdeko elementu etnografikoak katalogatzen dihardutela, eta ea Eibarkoekin lagunduko nien. Ermitak eta baserriak honezkero katalogatuta daude, horiek ez dituzte begiratuko. Bestelakoak aurkitu eta zerrendatu nahi dituzte: karobiak, errotak, perratokiak, jentilarriak, santutxoak eta abarrak.

Ahal nuen neurrian lagunduko niola esan nion, baina Eibarren ez zuela beste munduko ezer aurkituko. Zerrenda txiki bat egin diot, nik dakidan apurra aipatuz, eta Aranzadira bidaltzearekin batera, eta Luistxo ez dadin haserretu, hona hemen denentzat, Copyleft-arekin. :-)

Zerrenda trixtea geratu zait, bai. Alde batetik, nik neuk ez dudalako dagoen guztia ezagutzen; hor zehar egongo da beste gauza interesgarriren bat, seguru. Baina batez ere, gure herrian aspalditik dakigulako gure ondarea apurtzen, izorratzen eta ahazten. Ezer ez dugu zaindu, eta udalaren azken erabakiak ikusita, ez dirudi datozen urteotan ere hobera egingo dugunik. Hori beste egunen batean luzeago.

Dakidan apurra, beraz, hemen:

Karobiak, karobizuloak
Sasoi batean edonon aurki zitezkeen. Herrian bertan ere bai, Ubitxa-Ipurua inguruan bertan. Gaur egun ez dago bat ere ez. Aztarnaren bat Areta baserri ondoan, eta batez ere Arandobaserrien gainekaldean. Horixe zen (Urko ingurua) kareharria lortzeko lekurik aproposena. Eibar inguruan ederrenak eta zainduenak, Areition (Mallabia), eta Kilimonen (Mendaro).

Telleriak
Hogeigarren mende hasiera bitartean, Buztinzurineko telleria zegoen Txontako sarreran. Ez dut uste Eibarren besterik izan denik. Hori bai, baserrietan ere egiten ziren tellak, eta buztina Armaixo-Urkiola inguruetatik ateratzen zuten (San Pedro, Elgoibar).

Edurzuloak
Nebera baserri gainean geratzen da aztarnaren bat.

Mugarri esanguratsu eta bereziak
Eibar-Elgeta bitarteko mugan badira zenbait. Jabier Elorza soraluzearrak batzuen argazkiak atera zituen bere libururako "Eibar, origenes y evolucion".

Gurutzeak
Arrateko gurutzea, jakina, eta Urkikoa (hemen argazkia). Ehundaka urtean Urki Kurutzekua baserri parean izan da, San Lorenzo ermita parean. Ermita autopista egiteko bota zuten, 1970 inguruan; baserria eta gurutzea duela urtebete, etxeak egiteko. Gurutzea "en dependencias municipales" omen dago. Horretaz egingo dut berba luzeago beste noizbait.

Santutxoak
San Ildefonsoko santutxoa da ezagunena, San Roman baserri azpian dagoena (Aginaga auzoan). Inguruan galtzada ederra ere badauka, oraintsuan berritua. Arrateko pausuetan dauden 3 santutxoak ere eibartar gehienok ezagutzen ditugu, Eibartik Arratera doan bide zaharrean dauden hiru humilladeroak. Horiek ere azken urteotan berritu dituzte.

Gutxi gorabehera 1950. urtera arte hirugarren bat ere bazen, Usartzatik Arratera doan bide bazterrena. Badirudi Usartzan izandako erromeria baten ostean mutil kuadrillaren batek maldan behera bota zuela, eta hortxe desagertu zen. Beharbada hortxe egongo da, pinu eta sastraka artean ezkutatuta. Lekuak, oraindik ere, Santutxo izena dauka.

Amaitzeko, Aginagako Oregi baserriaren pareko txabolan ere santu baten irudia daukate (San Migel?). Hemen duzue argazkia

Perratokiak
Amezabalegi baserriaren ondoan dago ezagutzen dudan bakarra. Hemen duzue argazkia

Probalekuak
Aginagan eta Arraten, ederrak biak, eta oraindik ere lantzean-lantzean probaren bat izaten dutenak, Aginagan sanmigeletan, eta Arraten sanisidroetan.

Potzuak eta laminak
Eibarren ez zaigu geratzen laminik, ezta laminak bizi ziren potzu eta zubiperik ere. Gure zaharrenek ere ez dute sekula laminik ikusi. Baina badaude izen politak dituzten zenbait leku: liñapotzueta, lixiberreketa, urzulueta... Horietan derrigor laminak bizi behar.

Beste zenbait elementuren berri ere eskatu zidaten (hilarriak, sarobeak, zeramikagintzako labeak, gentilarriak...), baina ez dut horien aztarrenik lortu. Beste inork informazio gehiago balu, badakizue.

etiketak: etnografia, eibar
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz