Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Sabino eta Loquillo

Sabino eta Loquillo

Mikel Iturria 2006/06/03 10:20

Ez naiz Loquillo zalea izan inoiz. Haren disko bakarra dut etxean (zenbait poema ezaguni jarritako musika biltzen duen "La vida por delante"; seguraski, tartean Atxagaren poesia bat zegoelako erosiko nuen). Urteetan entzun dut Loquillo ez zela ezer Sabino Méndez kantugilearen lana barik. Eta horrela izango da. Batzuen ustez, Loquillok Sabino taldetik bota zuenean agerian geratu zen hori.

Gogoan dut gaur egun zinema munduan dabilen Anton Reixak gidatzen zuen Os Resentidos taldearen "Delicatessen" diskoa erosi nuela 1991n. Reixak Galiziako telebistan egiten zuen "Sitio distinto” saioko zuzeneko kantuak eta beste bitxitasun batzuk daude bertan.

Azken saioko gonbidatua izan zen Sabino eta "Voy en busca del señor" kantua abestu zuen kataluniarrak galiziarraren bandarekin. Geroztik, ez diot kasu askorik egin. Ez dut Sabinoren libururik irakurri, ez dut haren diskorik entzun. Ezer ez. "Corre, rocker, corre" liburuan Loquillo ez dela oso ondo atera aipatu zidan norbaitek, baina, esan bezala, ez dut irakurri.

Aurreko batean, Hontza liburudendan nengoela, saltseatzen, "Hotel Tierra" izeneko liburu argitaratu berria ikusi eta hartu nuen eskutan. Sabinok azken 25 urte hauetan berridatzitako zenbait apunte dira. Bukaeratik hasi nintzen orriak pasatzen eta Arcadi Espada behin eta berriro aipatzen zuela ikusi nuen, baita Albert Boadella edota Felix de Azúa ere. Horrela konturatu nintzen Kataluniako Ciutadans plataformako kide dela.

Zer den Ciutadans? Kataluniako alderdi guztiekin haserretu zen intelektual eta herritar multzo batek bultzaturiko mugimendua, gaur egun alderdi politiko izateko bidean dagoena. Irakurri duela urtebete-edo plazaratu zuten lehen manifestua edo 2006ko martxoan argitaratutako bigarrena.

Méndez-ekin jarraituz, liburua dietario bat dela esan behar da eta bost zati dituela. Jorratzen dituen gaiak? Musika, fama, droga, politika, gaixotasuna, aitatasuna… Batzutan pedantea dela idatzi gabe ere ez naiz geratuko. Azalean gaur egun 80 urte izango zituen Marilyn ederra ateratzen da.

Irakurraldiaren ondoren konturatu naiz, lagunak direla berriro ere Sabino eta Loquillo. Liburuaren aurkezpenean egon zen bigarrena eta Sabino Barakaldoko BECen 2005eko azaroan Loquillok eskaini zuen kontzertuan igo zen eszenatokira (Deia egunkariak antolaturiko emanaldia, bitxia bada ere).

Baga: ez dakit zer kontatu nahi nuen, baina amaitu dut. Seguraski, liburua gustatu zaidala.

Biga: Loquilloren webgunean dagoen lege-ohar honek oka egiteko gogoa ematen du.

Higa: Egon zarete Lasarte dagoen Mendi Kafe Rock tabernan? Ni ez naiz egon, baina ezagutzen dut bertan jo duen musikari bat. Sede oficial de Loquillo y Trogloditas dio webguneak eta esango nuke N-1 errepidetik ikusi daitekeela horren berri ematen duen kartela.

etiketak: Kultur harrikadak
patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/06/13 20:31

Euren webgunea arakatuta, eta aurretik entzunda/irakurrita neukana kontutan hartuta, "alderdi guztiekin haserre" dagozan uritarrak baino "nazionalismo kataluniarra" gustuko ez deukon taldea da "Ciutadans" hau. Euren manifestuak irakurrita, "el nacionalisme" gora eta "el nacionalisme" behera dabilz, "espanyolisme"-ri buruz ezta berba erdirik be ez erabiliz.

Azkenean plataforma eratu eta hauteskundeetara aurkeztuz gero, badakigu zer alderdiri kenduko eutsien botoren bat edo beste.

Noemi
Noemi dio:
2006/06/08 11:16

Txiripa hutsaz, post hori idatzi zenuen egunean, ekainak 3, Madrilgo Liburu Azokan ibili nintzen eta nor topatu eta Sabino Méndez kasetatxo batean bere liburuak izenpetzen eta dedikatzen. Adiskide batek biziki gomendatu dit "Corre, rocker, corre" liburua eta asmoa nuen erosi eta Sabinori izenpetxoa eskatzeko, baina inguruko jendetza ikusita, etsi. Dena den, poztu edo egin ninduen rocker bat literaturgile ospetsuen pare ikusteak.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/07/12 12:17

Azkenean bai. Aurkeztuko dira Boadella eta enparauak hauteskundeetara, Partit de la Ciutadania izen txit progresistagaz. Ganera, ez bakarrik Katalunian, Espainia mailan be aurkeztuko ei dira. Eta "zentro-ezkerra" ei da euren esparru politikoa. Suposatzen dot PPkoak bezain "zentristak" izango dirala eta sozialistak bezain "ezkertiarrak".

Halandabe, kentzekotan, hauek PSC-ri baino PPC-ri botoak kenduko deutsiezalakoan nago. Ea ba.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter