Gipuzkoa Basket ACBrako bidean
Gaur konturatu naiz denbora asko daramadala kirol harrikadarik idatzi gabe. Realari buruz idatzi nahi nuen, baina arrazoi ezberdinengatik ez dut hortik jo. Kirolaren inguruan dagoen zirko tamalgarrian, Guardia Zibilak atxilotutako Manolo Saiz askatu dute. Baina hori ere ez dut gaur jorratuko.
Dakizuenez atzo iluntzean final erdietako hirugarren garaipena jarraian lortu zuen Miguel Santosen presidentepean dagoen Gipuzkoa Basket-ek. Nork esango lioke duela urtebete Miguel Santosi talde hau ACB txapelketa jokatzeko moduan egongo litzatekeela? Duela urtebete diot, zeren orduan ari baitzen Santos Realeko lehendakaritza lortzeko hauteskundeak prestatzen, baina duela aste batzuk inork ez luke hori sinistuko.
Ez naiz saskibaloi zalea. Noizbait ikusi dut Baskoniaren edo Euro League-ko partidaren bat. Edo ACB txapelketako besteren bat. NBAko partidak, berriz, ez zaizkit gustatzen. Desorduetan eta nik etxean ez ditudan telebista-katetan botatzen dituztela ahaztu gabe.
Joan den astean Chojín rappera izan da gurean. Bi egunetan denbora asko pasa dut berarekin eta saskibaloi zalea dela kontatu zidan, baina batez ere NBAko liga zuela berak gustuko eta ACBkoa apenas jarraitzen zuela. Agian Torrejón de Ardoz-en yankiek duten base horren aldamenean bizi izateak kutsatuko zuen gure laguna.
Tokitan zegoela guretzat NBA esan nion nik. Gipuzkoako puntako taldea LEB ligatik ACB ligara pasatzeko norgehiagokak jokatu behar zituela, baina urrun zegoela kategoria hori ere.
Astebete pasa da eta ACB txapelketa jokatzeko txartela eskura du Gipuzkoa Basket-ek. Oker ez banago 7 milioi euro behar ditu talde donostiarrak liga horretan aritzeko. Eta horretarako 20 bat eguneko epea du. Pabiloiarekin ere arazoak ditu, Gaska kiroldegia ez baitago egokitua maila horretan aritzeko.
Dena den, Miguel Santos ezagututa, traba guzti horiek gaindituko dituela uste dute askok. Nik ere datorren urtean talde hau ACB txapelketan arituko dela uste dut.
Eta zer pentsatuko dute, Luix Barinagarrementeriak esango lukeen bezala, Mikel Iturriaken Realeko administrazio kontseilukideek? Nire ustez, ez ziren gehiegi poztuko:
Bat: Goi mailako beste klub bat egongo delako Administrazio ezberdinen leihatilan diru eske.
Bi: Gauzak okertuz gero, Realaren hurrengo hauteskundeetan ondo kokatutako arerioa izango delako iruindarra.
ni behintzat zeharo izututa nago, baietz joxejuanek behar duen diru guzia eman
nazka nazka eginda nago berea ez den dirua barra barra xahutzen ari diren horiekin: errealari, athletiki, osasunari... ez dakit zenbat mila milioi, orain bob dylanen kontzertua zurriolan dohan...
hurrena politikoren batek beharbada elvis berpiztu nahiko du eta denon artean ordaindu beharko dugu