Txita eta kaikuak
Atzo zortzi estreinatu zuen bere zerbitzua Txita enpresak. Zer den Txita? Donostian bisitariak hirian barrena paseatuko dituen txirringa txoferdun eta kapotaduna. Astean zehar irakurritako erreportajean, txita izena txirringa eta taxi hitzen laburdura dela jakin dut.
Atzoko eguna etxean pasa behar izan nuen derrigorrez (katarro puta batengatik), baina aurreko domekan bai ikusi nituela bizikleta hauek hirian barrena. Ondo. Dena den, Kaikuren publizitateak haserretu ninduen: dena gazteleraz zegoelako. Zergatik Donostiako herritarrek ikusi behar ditugu bizikleta horietan (ustez) euskal enpresa petoenetarikoak jarritako publizitatea erdara hutsean?
Eta Donostiako Udalak noiz hasi behar du zenbait hizkuntza irizpide jartzen horrelako kontratazioak egiterakoan? Beste aldera zergatik begiratzen duten galdetu beharko zaie politikariei.
Txita taxiak martxan jarri duen enpresaren aurka ez dut ezer. Bi gazte donostiar eta kataluniar bat dira bultzatzaileak eta munduko zortzerik onena opa (attá, inbiu txabolá) diet.
Bai irakurri dudala Eguzki taldearen salaketa, bidegorriaren zenbait toki estutan bizikletak desbideratzea ekartzen dutela txitek. Hori dela-eta, Udalari eskatu diote zenbait tramotan ez baimentzea haien pasoa. Ez dakit, gogorregia iruditzen zait, baina horrelako toki esturen batean beraiekin topo eginez gero, esango dizuet zer pentsatzen dudan.
Kaikuri, berriz, adierazi nahi diot horrelako publizitatea nire herrian egiten duen bitartean ez dudala beraien produkturik erosiko. Eta esan nahi diot ere, orain arte behintzat, asko gastatzen dudala astero haien produktuetan.
Oharra: Enteratu naizenez, publizitatea hilabetero berrituko da bizikleta hauetan.
off topikoa edo offshore edo hori:
Inork al daki zerbatik desagertu diren Kaikuren banilla zaporezko batidoak?
adiktoa naiz!!!! eta ez dakit non erosi!!!
horretarako egiten al dute iragarkiak??? dendentan ez dauden produktuak saltzeko? merkatu madarikatua....