Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Zenbat mundu kabitzen diren gurean

Zenbat mundu kabitzen diren gurean

Mikel Iturria 2021/12/07 13:25
Azken asteetan buruan bueltaka daukadan kontu bat. Eta bloga buruan bueltaka dauden gauzak ateratzeko tresna denez, hona hemen emaitza.

Atxagari irakurri nion duela urte batzuk bazirela toki berean bizi bai, baina garai diferentean bizi zen jendea. Gaur egun hori, dena bezala, ez ote den handitu (areagotu idatzi behar nuen, baina Leire Narbaiza agertu zait modu birtualean kokoteko bat emateko prest).

Lerro hauek pertsona pribilegiatua gisa idazten ditut. Kontzientea naiz.

Agiriak gora, agiriak behera (QR bihurtuta egun) ari garen honetan, zenbat jende dago lerro hauek idazten ditudanean Irunen beste aldera pasa nahian? Milaka batzuk pasa dira azken urteetan eta, tamalez, batzuk uretan hil dira.

Gutxi da Ibrahima Balde bezala Europa iparraldera joan nahi ez duen jendea, bere kasuan Miñan (anaia txikia) bidean hil zelako.

Horietako baten istorioa kontatuko dut, oraindik Europara iritsi ez dena, baina Europara iristea hil ala biziko kontua izan daitekeen pertsona baten istorioa.

Urria amaitzeko egun batzuk falta zirela lagun batek hots egin zidan kasua kontatzeko. Ez dut herrialderik aipatuko, ez dut izenik emango, egoera den bezalakoa delako.

Jatorrizko herrialdean politikari eta ekintzaile baten kolaboratzailea da gure protagonista. Emakumezkoak biak. Liderrak (horrela identifikatuko dut) duela aste batzuk hanka egitea lortu zuen eta, zorionez, babesean da gaur egun.

Gure protagonista (kolaboratzailea) gizon erlijioso batekin ezkontzera derrigortu zuten duela urte batzuk. Beraiek erlijioso erabiltzen dute gizona definitzeko, baina guk fanatikoa dela esan ohi dugu.

Halako batean, haurdun geratu zen eta, senarrak mutila nahi bazuen ere, neskatoa jaio zen. Lehendik egoera samurra ez bazen, orduan are okerragoa bihurtu zen. Emakumea eta neskatoa jotzen baitzituen gure fanatikoak. Gainera, emaztea mehatxatzen zuen esanez neskatoak 12 urte betetzerakoan ezkontzera derrigortuko zuela hura ere.

2020aren hasieran senarrak etxetik egin zuen alde, bolada batez, bidaia bat oker ez banago, emazte-alabak (senarraren) anai batekin utziz. Egoera hori aprobetxatu zuen emakumeak ez bakarrik herria, baita herrialdea ere atzean utzi eta hanka egiteko.

Bertan pasa du Covid-az markatutako ia bi urte hauek eta laguntza eskatu zion garai bateko lagunari (liderra) Europara etortzeko.

Liderra ezaguna da Europan, baita Espainian ere. Aitortza eta sariak eman izan dizkiote, besteak beste.

Emakume ezagun honekin bere garaian harremana izan duen hainbat laguni idatzi genien. Niri tokatu zitzaidan gertuko politikari bati idaztea. Ez zuen mezua erantzun: ez zuen ikusi edota okupatuta dago bere legatua txukun utzi nahian (abenduaren 25eko eguneratzea: bigarren mezu bati barkamena eskatuz erantzun du. Bada zerbait).

Halere, bidean beti topatzen da jende ona, ezagunak batzuk, ezezagunak besteak. Eta seguruenik nazioartean izen bat duen liderraren kontaktu bat ondo baino hobeto mugitu da egoera iraultzeko: babes bila dauden ama-alabek elkarrizketa bat lortu zuten Europako herrialde bateko enbaxadan, gaur egun dagoen herrialdean.

Azaroaren lehenengo egunetan eman zioten lehen hitzordua bertan. Kazetari (eta pertsona) ona den batek lagundu zion egun hartan. Azaroko azken astean esan zioten abenduko lehen egunean eramateko bi pasaporteak. Uste genuen, ezjakinak gu!, berehala emango zietela bisatua biei eta jada babesean egongo zirela.

Ez ba! Beste hamar-hogei egun itxoin behar ditu pasaportea eta bisatua jasotzeko.

Espero gabonak babesean pasa ahal izatea.

Eta bai, badakit bere egoera ez dela ohikoa, kontaktu onak dituelako azkartu da prozesua, nahiz eta guri, zer esanik ez berari, eternoa iruditu dena.

Zenbat jende dago munduan oraintxe bertan muga bat pasa ezinik edo ustez jaso duen herrialde batean atzerritarrentzako gune batean bere giza eskubideak hankapean daudela?

Cuántos mundos caben en este, estas líneas en castellano

Abenduaren 10eko eguneratzea. Amatiñok gaurkoan idatzitako apuntean dio europarrok etorkizun latza dugula. Agian egunen batean guk geuk ere, edo gure ondorengoek, hanka egin beharko dugu? Aldatu egiten dira gauzak une batetik bestera.

Urrian hots egin zidan lagunak esan dit datorren astean emango dietela Europara etortzeko bisatua ama-alabei. Berak, ene lagunak, erosi ditu bientzako hegazkin-txartelak. Ondo bidean gabonetan egongo dira gurean. Kide batzuk elkartu eta ari gara dirua biltzen. Parte hartu nahi izanez gero .

etiketak: giza_eskubideak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter