Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etorkizun latza

Etorkizun latza

Amatiño 2021/12/10 08:00
Behar bada, egongo da datorkeen garai latzik onartuko ez duenik, edota, argudio ideologikoak tarteko, ez ikusi egingo dionik. Segurutik zilegi dateke edozein jarrera. Eztabaida da, ostera, errealitateari muzin eginez gero, gainbehera geldotu beharrean, ez ote litzatekeen azkartuko.

Hona pare bat grafiko, Europan, Espainian eta Euskal Herrian itxaro dezakegun etorkizun latza ulertzeko, oinarrizko informazio nagusi bi eskaintzen dizkigutenak.

Aurrenengo grafikoak adierazten du Europar Batasunaren industriak, jarduera ekonomikoak zein gizarte-zerbitzuek behar izango dituzten lehengai kritikoen hornitzaileen jatorria munduan barrena.

Lehengai kritikoakLehengai kritikoak* zer ote diren ulertzeko adibiderik errazenetakoa bateria elektrikoen nondik norakoa da. Argindarrez ibiliko diren auto, kamioi eta hegazkinak aldarrikatzea ondo dago, baina bateriak egiteko behar izango diren litio, kobalto, magnesio, grafito eta bestelakorik ez dituzten nazioek nekez gainditu ahal izango dute mineral estrategiko horiek dituzten herrialdeen merkatu-abantaila.

Lau mineral horien kasua adibidea baino ez da. Etorkizuneko industriak behar izango dituzten lehengai kritikorik gehienak eta lur arrarorik gehientsuenak Europar Batasunetik kanpo kokatzen dira-eta.

Maldan behera BPG-sailkapenean.

Bigarrenak erakusten digu, munduko hiru potentziarik handienen Barne Produktu Gordinaren bilakaera 2019, 2040 eta 2050 urteetan zehar. Estatu Batuen, Europar Batasunaren eta Txinaren BPG zifrak, alegia.

BPG hiru handienak

Grafikoak adierazten duenez, egun Estatu Batuak herrialdea da indartsuena, hurrengo hiru hamarkadetan 8,6 jaitsiko bada ere. Txina hirugarrena den arren orain, 2040 eta 2050 urteetan lehena izango da, nabarmen asko. Eta orain bigarrena dena, Europar Batasuna, laugarrena izatera pasatuko da, ez soilik Txinak gainditu ez ezik ia bikoiztu egingo duelako hurrengo urteetan, baita ere behetik gora datorren India hirugarren postuaz jabetuko delako 2050 urterako, bere oraingo indarra ia laukoiztu ostean.

Garairik onenak amaitu dira

Honek guztiak zer esan nahi ote duen? Ba, arrazoi objektibo nabarmenak daudela adierazi ahal izateko, Europak sekula ezagutu duen unerik onenetakoa pasatu dela, ikaragarri kostatuko zaiola lortutako mailari eustea eta, emeki-emeki, europar ongizatea jaitsi egingo dela nazioarteko sailkapenean.

Ez dago inor Europaren gainbehera zalantzan jarriko duenik. Badira, ordea, uste dutenak, hondamen hori ekidin ez baina, gutxienez, geldotzeko modurik izango litzatekeela baldin gure lehiakortasuna areagotuko balitz.

Lehiakortasuna areagotzeko beharko litzateke, ordea, lehenik eta behin, egoeraren larritasunaz benetan jabetzea eta gizarte-konpromisoaz baliatzea. Eta, ondotik, prestakuntza, trebetasuna eta ikerkuntza sakontzea batetik eta, bestetik, eraginkortasuna eta produktibitatea gehitzea zein kostuak eta absentismoa murriztea.

Behar bada, egongo da panorama hau onartuko ez duenik, edota, argudio ideologikoak tarteko, ez ikusi egingo dionik. Segurutik zilegi dateke edozein jarrera. Eztabaida da, ordea, errealitateari muzin eginez gero, gainbehera geldotu beharrean, ez ote litzatekeen lastertuko.

------------------

*ESTUDIO DE LA REVISION DE LA LISTA DE MATERIAS PRIMAS CRITICAS. Resumen ejecutivo. European Comission. https://ec.europa.eu/docsroom/documents/25421/attachments/1/translations/es/renditions/pdf.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: