Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Atabal tabernak Santi izeneko anfitrioi aparta du

Mikel Iturria 2005/05/18 07:30

Bada taberna bat Amara Berrin Atabal izena duena. Sartzen zara eta zulo puta bat dirudi. Eskailera meheak jaitsi eta ke artean ibiliko zara. Hala ere, barraren alde bietan aurkituko duzu Santi eibartarra. 30 urte egingo ditu tabernari Donostian, bere hitzetan "rock & rollaren katedralean".

Maiatzaren 12an hasi egin zen Poltsiko Antzerkiaren XIV. jaialdia. Donostia Kulturak, kultur etxeek antolatzen duten programa honen bidez, formatu txikiko antzezlan eta kontzertuak hiriko tabernetara eramaten ditu.

Egun horretan abiatu zen zikloa Amaran Antzerkiola Imaginarioa talde bilbotarraren Kaputen Kanta musikalarekin. Antzerkiola, gainera, 13tik 15era izan da Egiako kultur etxean estreinatu berri duen Au revoir, triunfadoreak antzezlanarekin.

Ikusi behar zen Lipus ostegun gauean Santiren tabernarekin enamoratuta. Lotu dute gainera Ardoaz antzezlanaren emanaldi bat taberna horretan. Seguruenik ekainaren 2an egingo da. Espero dut inor ez haserretzea data hemen jartzeagatik. Martxa honetan Bilbotik Donostiara etorri beharko dute antzerkiolakoek.

Norbaitek esan zuen aurrekoan anfitrioi aparta dela Santi eta gustatu zitzaidan definizio hori. Guri kristoren erraztasunak ematen dizkigu lan egiteko orduan, ez du inolako pegarik jartzen, dena dago ondo, eskertzen du berataz akordatzea, taldeei esaten die etxean bezala daudela, ez dizu uzten trago bat pagatzen ("nire gorpuaren gainetik pasa beharko duzu"), ohiko bezeroei esaten die sartzeko barran eta ateratzeko 3 kaña aktoreentzako edo ez-dakit-norentzako, bera antzezlana ikusten edo beste batekin hitz egiten ari baita...

Horrelakoa da Santi. "Ni Ipuruakoa naiz eta aurten Eibar igoko da lehen mailara eta igotzen ez bagara ere, berdin du". Punk-rock talde piloaren afitxak daude eskegita haren tabernaren paretetan. Realaren eta Coruñako Deportivoren bi bandera ere bai, eta ez galdetu zergatik. Egunkarietako musika-agendak begiratuz gero, ikusiko duzu nola ostiral eta larunbatetan normalean emanaldiak dauden.

Iaz kontatu zidan bere ama hil egin zela eta hark utzitako diruarekin tabernan zenbait berrikuntza egingo zituela. Eta egin ditu zenbait gauza, bai. Hala ere, tabernak ez du galdu betiko toke hori, taberna bereziaren tokea.

Musika, bereziki, eta artea maite dituen pertsona bat dago zulo horretan. Beste donostiarrak egon badaude eta batzuk eibartarrak dira.

Blogak, plaza berriak

Mikel Iturria 2005/05/17 07:30

Pasa den astearte gauean, maiatzaren 10ean, jaso nuen Irutxuloko Hitza egunkariko Onintza Odriozola kazetariaren dei bat. Blogei buruz hitz egin nahi zuen nirekin. Donostiako blogariei buruzko artikulua egin gura omen zuen. Elkarrizketa telefonoz egin zidan asteazken eguerdian eta osteguneko zenbakiaren atzealdean agertu da.

Donostiako blogariak ea ezagutzen ote nituen galdetuta, ezetz esan nion. Euskal blogosferan ari diren zenbait blogari ezagutzen nituela, hori bai, baina blogari donostiarrik ez.

Ez dakit oso ondo adierazi ote nizkion gauzak kazetariari. Ordu laurdenez aritu ginen telefonoz eta ez dakit berak ez ote zuen ulertu blogari izateko komunitate batean egon beharra dagoela: ez, ez da beharrezkoa. Blogariak ez gara talde edo komunitate itxi batekoak. Kontrakoa esango nuke, gainera, plazara atera nahi dugun internautak gara eta besteen blogak irakurtzen ere makina denbora pasatzen dugu, inporta gabe zein sorotan dabiltzan.

Bloglines.com zer den saiatu nintzen adierazten. Ez da agertzen artikuluan: blogak jarraitzeko tresna da, norberak bere iturriak irakurtzeko. Hau da, gustuko ditudan blogetan arakatzen aritu ordez mezu berrien bila, Bloglines.com jario biltzailean emana dut izena eta bertan gustuko ditudan nire iturriak gehitu ditut. Publikoak dira iturri horiek eta hemen daude.

Ordenagailuan dut programa txiki bat eta berak abisatzen nau nik aukeratutako blogen artean ordu erdiro (edo orduro) blogari horiek notizia berriak kargatu ote dituzten. Norberak aukeratzen du gero mezu horiek irakurri edo ez irakurri, ezabatu edo beranduago kontsultatu.

Euskarazko blogosfera jarraitzeko tresna egokia da Aurki.com betikoan sortu berria den Jarioa.

Irutxuloko Hitzako artikuluan beste bi blogari aipatzen ditu Onintzak: Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxitrapero. Mendiguren editore eta idazle gisa da ezagunago, baina Trapero udaltzaina zela ez nekien. Hau bai elementoa!

Artikulua ezin da sarean aurkitu eta, beraz, nik kopiatuko dut hemen azpian.

Oharra: Honaino 19 aldiz aipatu dut blog hitza. Errekorra.

Beste ohar bat: blogari izateko ez da teknofilo izan behar. Bi adibide artikuluan: Mendiguren eta ni neu.

Blogak, plaza berriak

Blogak, norberak bere intereseko gaiez idazteko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ematen dute

Blogak "plaza berriak" direla idatzi zuen Anjel Lertxundik Berrian. Mikel Iturria bat dator definizio horrekin. Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da eta blog propioa du. Gertatzen zaizkion gauzez edota irakurri eta ikusi dituen kontuez idazten du bertan Iturriak.

Teknologia berriek dakarten tresna baliagarria da blogena. Informazioa nahi den unean web orri batean argitaratzekoa aukera eamten dute. "Bloga medio bat da, esan edo idatzi nahi dizuna Interneten jartzeko. Bakoitzak erabilera propioa ematen dio tresna horri, norberak bere kontuez hitz egiten du", azaldu dio Iturriak IRUTXULOKO HITZAri.

"Plaza berriak". Izan ere, beste blogariekin harremanetan egoteko guneak dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko txokoak. Iturriaren hitzetan, blogaren bidez gizartean sentitzen da bera, munduan; plaza batean.

Gipuzkoan euskarazko bi blog komuninate aipatu dizkigu: 2004ko uztailean zuten eibar.org eta aurtengo otsailean jaio berri den goiena.net. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak ere badituzte ikasleek osatutako blog komunitateak. Euskal blogosfera oso berria dela nabarmendu du Iturriak.

Xabier Mendiguren Elizegik, beasaindarra den arren, Donostian egiten du lan azken 17 urteotan. "Filologoa da formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz"; horrela aurkezten du bere burua Egunen harian berak eginiko blogean.

Ia egunero idazten du Mendigurenek ere. Teknologia berrietan "ezgauza" dela dioen arren, etengabe berritzen du Interneteko bere txokoa. Literaturaz, zinemaz, eguneroko lanaz edota gertakariez idazten du; norberaren bizitzarekin lotura egiten saiatzen da beti. "Pertsona garen neurrian interesatzen zaizkigun kontuez hitz egiten dut", esan dio IRUTXULOKO HITZAri.

Euskarazko blogetaz galdetuta, aukera polita dagoela esan digu Mendigurenek. "Aukera mordoxka dago. Batzuk oso gomendagarriak dira, politak, biziak eta interesgarriak", azaldu du. Patxitraperoren bloga aipatu digu adibide gisa. Aisialdian irudimena eta umorea Interneteko Patxitrapero blogean husten duen udaltzaina da Patxi.

Literatura, zinema, eguneroko bitxikeriak... Donostiak ere badu tokirik gune horietan. Bidaiarien blogetan agertzen da batez ere.

Berria da euskal blogosfera, baina zabalduz doa. Blogariek esan digutenez, teknofiloa izan gabe ere, oso erraza da blogak maneiatu eta erabiltzea. Beraz, esateko zerbait duen edonor ausartu daiteke blog hauetako batekin.

Gutarrak irabazi du

Mikel Iturria 2005/05/15 11:24

Gaur goizean pantailaren aurrean jarri naiz. Korreo elektronikoa jaso eta bloglines.com-eko harpidetzak begiratu ditut gainetik. Berria begiratu dut gero eta ikusi dut Koldo Gilek irabazi zuela atzoko etapa Giroan.

"Helmugatik gertu harrapatu zuten bigarrenean, baina atzo, beste bietan izkin egin zion zortea aldeko eduki zuen. 2000. urtera arte egin behar da atzera Giroan azkenekoz euskaldun batek besoak garaile noiz altxatu zituen bilatzeko".

Ea zer dioen Diario Vascok, seguru ere gutarra dela adieraziko duela. Ez naiz oker ibili

"Koldo Gil, del Liberty Seguros, logró la primera victoria española en la actual edición del Giro de Italia" dio. Eta aurretik "El navarro logró un gran triunfo tras marcharse en solitario en el último puerto".

Hau gurea da, bestea ere bai. Espainola, euskalduna, nafarra, auskalo nongoa.

Gaurkoa anekdota hutsa da. Askotan gertatzen da gure inguruko komunikabideetan. Garai batean, hasi berria zenean, Miguel Indurain Mikel zen, inkluso DVrentzat.

Hau dena erraz konpontzen da: kirolari hauei galdetuta ea euskaldun diren, espainol diren edo zer letxe diren.

Galdera: gai izango ginateke Koldo Gilek esan "ni nafarra naiz, ez euskalduna" eta berdin txalotzeko haren garaipenak?

Erantzuna: ez, seguru ezetz.

Garai hori iritsi bitartean, denona izango da garaipena.

Zorionak, Koldo Gil txirrindulariari, dena dela.

Catalunya (VI): Comissió de la dignitat

Mikel Iturria 2005/05/14 13:30

Apirilaren 23an Catalunyan Sant Jordi eguna ospatzen zen bitartean, Toni Strubell, Comissió de la Dignitat (CD) elkarteko bozeramailea, Villalar herrian egon zen. Izquierda Castellana alderdiak gonbidatu zuen Gaztela Herriaren eguna ospatzeko egin zen ekitaldira. Strubell-ek Salamancako paperak izeneko auzian izan duten jarrera eskertu nahi zien. Errenterian bizi da Strubell eta El Punt egunkariarentzat egiten du lan Euskal Herrian.

Ni bezala urruti samarretik Salamancako paperen auzia jarraitu duzuenontzat, laburpen txiki bat:

  • Guda zibila amaitu ondoren, 1939ko ekaina-uztailean eraman zituzten Salamancara Catalunyako erakunde, elkarte eta alderdiei harrapatutako paper mordoa.
  • Ez dakit zehatz-mehatz noiztik datorren paper hauek itzularazteko borroka, baina PSOE lehenengo aldiz boterera iritsi zenean egon ziren zenbait saiakera.
  • 1995ean, Kultura Ministerioan Carmen Alborch zegoenean, manifestazio jendetsua egin zen Salamancan paper horiek ez itzultzeko eskatuz. Alkate sozialista zuen hiri gaztelarrak, portzierto.
  • PPko gobernua gai hau hozten saiatu zen, baina kontrako ondorioa lortu zuen Catalunyan. Pilar Del Castilloren garaian sortu zen Comissió de la Dignitat. Besteak beste, Paul Preston, Mario Soares, Francesco Cossiga, Noam Chomsky, Adolfo Pérez Esquivel eta Rigoberta Menchú jaun-andreen babesa lortu zuen 2002ko otsailean. Gainera, Bartzelonan ere egin ziren manifestazioak.
  • 2004ko ekainean, sozialisten garai berri honetan, Adituen batzordea sortu zen. 2004ko abenduan eginiko diktamenean Catalunya aldetik eginiko eskaerak zuzenak eta legitimoak zirela erabaki zuen.
  • 2005eko apirilean hartu du Espainiako Ministro Kontseiluak paperak itzultzeko erabakia.

Eta pozez hartu dute erabaki hori Catalunyan. Gauzak horrela, Toni Strubell Villalar herrian egon zen eta han irakurri zuen eskerrak emateko diskurtso hau. Gustatu zait bertan irakurri dudana, baina gehien gustatu zaidana tonua izan da.

Sarean egon naiz begiratzen zeintzuk diren bueltan etorriko diren dokumentu eta agiri horiek. Ez omen dago garbi. Hala ere, Enric Borràs CD taldeko kide ohiaren testu luze hau topatu dut. Artikuluan ezkor ageri da eta ederki astintzen ditu bai Comissió-a bai ERC alderdia.

Egia esateko oihartzun gutxi izan du jarrera honek sarean, bere anaia Xavierren blogean izan ezik.

Apenas ezagutzen dudan Strubell, baina estimatzen dut asko. Hurrengo batean ikusteko aukera izanez gero, galdetuko diot zertan den auzi hau.

Hona hemen kontutan hartzeko zenbait lotura:

Itxuraz hau da erakundearen webgunea

Volem papers adierazpena

Elkartearen helburuak

2003ko otsailean bete zuen lehen urtea batzordeak

Los archivos que Franco expolió de Catalunya liburua

2004ko urrian aurkeztu zen Volem els papers liburua

2005eko apirilaren 12an Strubell-ek eta Cruanyes-ek sinaturiko artikulua

2005eko apirilaren 15ean Bartzelonan eginiko ekitaldia yahoon eta Telenoticies-en

2005eko apirilaren 23an Gaztela Herriaren Eguna ospatzera gonbidatu zituztenekoa

10 udalen paperak ez dira itzuliko

Catalunya (V) Oleguer Presas

Mikel Iturria 2005/05/12 08:15

Futbola jarraitzen ez duzuenok ez duzue jakingo nor den. Futbola jarraitzen dugunok, badakigu Oleguer izeneko atzelaria dagoela Bartzelonaren plantillan. Bera da gaur aipatu nahi dudana. Zergatik? Jokalari gutxik hitz egiten dutelako berak bezain argi eta garbi.

Atzo jokatu zen Athletic-Betis norgehiagoka. Kopako finalaren atarian bueltako partida jokatu zen San Mamesen atzo. Sentitzen dut athleticzaleengatik, baina gaur enteratu naiz penaltietan geratu direla kanpoan. Betis bidegurutzean beste behin.

Futbolari gehienek "partidak 90 minutu irauten ditu", "beste taldeak ere jokatzen du", "oso kontrario arriskutsua da"... Jarrai dezakegu ez dakit zenbat esaldi osatzen. Hori bai, beti dago batere graziarik ez duten txorakeriak esateko prest dagoen norbait. Adibidez, Roberto Carlos.

Oleguer Presas Bartzelona futbol taldearen harrobiko jokalaria da. Apirilaren 24an sartutako golari esker atera zuen aurrera norgehiagoka talde katalanak. Ondoren emaniko prentsaurrekoan gol hori Sabadell herriko 14 urteko mutil bati eskaini zion. Gazte hau atxilotu eta salatu zuen Udalak alkatearen kontrako pegatina batzuk jartzeagatik.

Ordint la trama aldizkariak apirilaren 27an jaso zuen jokalariari eginiko elkarrizketa bat.

Parrafo bakarra aterako dut:

"És una mostra més de la política seguida pel consistori en els últims anys, una política de circ, més que de ciutat. No és la primera vegada que el regidor assumeix el paper de víctima quan realment les víctimes som els ciutadans que patim la seva incompetència a l’hora de gestionar la policia municipal. L’últim exemple és el d’aquest nano de 14 anys".

Atzoko El Mundok, berriz, NBAn jokalari onenaren saria jaso duen beste jokalari baten izena aipatzen zuen: Steve Nash Manifestu komunista irakurtzen ari omen zen berriki Che Guevararen bizitza hobeto ulertzeko.

Ametsetan ari ote naiz?

Catalunya (IV): altres andalusos

Mikel Iturria 2005/05/10 20:00

La Vanguardia periodikuaren ale bat erori zen nire eskutara apirilaren 29an. Quim Monzó idazle eta zutabegilearen testua irakurri nuen Fuera de la Feria titulupean. Altres andalusos taldeari buruzko zutabea zen. Izen hori hartu nuen gogoan eta jada etxean nengoela beren webgunea begiratzen egon naiz. Noizko beste andaluzak gure artean?

Ez da oso argi adierazten noiz sortu zen taldea, baina dirudienez 2004ko azarokoa da. Webgunean diotenez Catalunyako Apirileko Feriarekin gertatutakoak eragina izan zuten taldearen sorreran. 2004an Forumaren atarian egin zen aipatutako feria hori, apirila-maiatzean. Ez da iaz bakarrik egindako feria, lehendik datorrena baizik eta 2005ean ere egin dute.

Duela urtebete, komunikabideek administrazio publikoek FECAC elkarteari zenbat diru eman zioten izan omen zuten hizpide. FECAC Federación de Entidades Culturales Andaluzas en Catalunya da eta Francisco García Prieto du buru.

Altres andalusos taldea ezagutzera emateko prentsaurrekorako deialdian kontuak argitzea eskatzen zioten Catalunyako Gobernuari eta Bartzelonako Diputazio eta Udalari. Dirudienez, urteetan lur publikoa utzi egin zaio FECACi, debalde, beraiek gero kasetak alokatu, edarien monopolioa ezarri eta presidentearen beste negozio batzuk baimendu dituztenean. Hori, jasotako dirulaguntzak ahaztu gabe.

Manifestuan dauden zenbait esaldi hona ekarri nahiko nituzke. Hala nola euskaratu ditut, ez hartu hitzez hitz, horretarako joan jatorrira:

"Manifestu hau sinatzen dugunok .... eskubide osoz katalan sentitzen garela adierazi nahi dugu, horrela erabaki baitugu".

"Gurasoek eta guk geuk, lurralde honetan jada bizi zirenekin batera, egindako lanak ematen digute eskubide hori, eta guztion artean sortu dugu gaur egungo Catalunya, benetazko Catalunya".

"Catalunyaren historia politikoaren eta bere kulturaren singulartasuna onartu eta aldarrikatzen dugu... Katalanera da, gaur egun, herrialde bakar bat, batua eta dibertsoa, izateko tresnarik onena".

"Kultura ofizialaren interprete diren zenbait sektoreen kudeaketa txarraren adibiderik behinena da, Bartzelona kenduta, Catalunyan flamencoak jasotzen duen tratua. Arte honen hedapena ez da –udal askok egiten duten bezala- etxe regionalen edo antzekoen esklusiba. Flamencoaren promozioa gainerako musika estiloen bide profesional berdintsutik egin beharra dago: klasikoa, rock-a, jazz-a, tradizionala, afro-kubatarra, etab".

"Catalunyako mandatariek uste izan badute gaur egun arte, FECAC eta talde honen presidentea gizartea batzeko elementu izan direla, eta horregatik indartu izan badute taldea baliabide publikoak erabiliz (....) guk kontrakoa uste dugu: nahikoa da 1998ko apirila-maiatzean gertatukoak gogoratzea, Francisco García Prieto jauna Llei de Política Lingüísticaren aurka azaldu zenean, soka erabat tenkatu eta Joan Maria Pujals jaunari, garaiko Conseller de Cultura, Apirileko Feria egiten zen gunera sartzen utzi ez zionean, Santa Coloma de Gramanet udalaren lur publikoan (...)".

Hala ere, conseller-a kokildu egin zen eta diru gehiago eman zion FECACi urte hartako feria egiteko.

"Noizbait norbaitek uste izan badu FECAC integrazioaren adibide dela, guk ziurtatzen dugu oker dabilela; eredu hori fartsa bat da: ghettoak indartzen ditu, nostalgia sendaezin bihurtzen du, ez du botorik ematen, ez du Catalunya elebidunaren alde egiten (praktikan eleaniztuna)".

Quim Monzó aipatu dut hasieran. Artikuluan zioen, memoriz ari naiz, aspaldian irakurritako egi gehien jasotzen zituen manifestua zela. Nik ere egi borobilak jasotzen dituela uste dut, ausardiz esandakoak gainera.

Noizko beste andaluzak Basque Countryn?

XX. mendeko blog & roll...

Mikel Iturria 2005/05/07 17:43

Diario Vasco eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean antolatu dute 1. blog & roll lehiaketa. Hautsak harrotu ditu euskal blogosferan Aldundiaren ekimen honek, batez ere eibar.org-en eta sustatu.com-en. Gaur irakurri diot Periodistas21 blogeko Juan Varelari aste honetan Euskal Herriko Unibertsitatean egin den kazetaritza digitalari buruzko jardunaldien aipamen bat. Bere mezuan Diario Vasco-ko Iñigo Kortabitarteren interbentzioa aipatzen du.

Hau da jardunaldi hauetan Kortabitartek esan duena:

"Íñigo Kortabitarte, gerente de DiarioVasco.com, explicó cómo los medios tradicionales comienzan a utilizar el periodismo participativo para mantener su liderazgo como ejes de la comunicación social y su papel de mediación entre ciudadanos y poderes (políticos, empresariales, institucionales, etc.). Kortabitarte explicó la experiencia exitosa de los foros de DV.com y cómo el diario líder en Guipúzcoa (donde el 40% de los ciudadanos son internautas y el 69% de ellos leen medios digitales) lanzó un portal de blogs que tuvo gran protagonismo durante las elecciones vascas. El directivo del medio digital abundó en las dificultades de los periodistas tradicionales para aceptar el cuestionamiento de su trabajo que supone el periodismo 3.0 y la tensión que produce la vigilancia de los internautas".

Gauzak horrela nik Foru Aldundiaren eta Diario Vascoren arteko azken hartu emanaren berri eman diot Juan Varelari:

"Saludos Juan:

Citas a Kortabitarte (El Diario Vasco) en tu reseña. Bien.

Entre la pequeña comunidad de blogs vasca (sobre todo la que escribimos en euskara) no ha sentado nada bien el 1. Blog & Roll, concurso organizado entre el Diario Vasco y el Departamento para la Innovación y el Conocimiento de la Diputación Foral de Gipuzkoa.

Como blogger, no tengo mucho que decirle al Diario Vasco, pero sí a la Diputación.

Yo soy miembro de Eibar.org y ahí tengo mi blog. En Gipuzkoa, hay dos comunidades de blogs (mayoritariamente en euskara) que vienen funcionando antes de el Diario Vasco.

  • Dentro de Eibar.org :es una asociación de internautas de Eibar, de la que también formamos parte varios foráneos (no eibarreses quiero decir). Esta comunidad se puso en marcha allá por el mes de julio de 2004, aunque la asociación viene del siglo XX.
  • Goiena : Goiena es una pequeña empresa fruto de la unión de varios medios creados en la zona del Alto Deba (Mondragón, Bergara, etc.) y tiene una televisión y publicaciones locales, junto al primer weblog euskaldun (sustatu.com), que viene ya del año 2001 si no recuerdo mal. La comunidad de blogs es de febrero-marzo 2005.

Ambas dos funcionan, por cierto, con software libre.

No me quiero olvidar, por supuesto, de todos los bloggers que van por libre (en blogger.com por ejemplo), las comunidades de blogs que hay en el ámbito educativo universitario (universidades de Deusto y la pública vasca), etc.

Con estos precedentes, el citado departamento convoca un concurso de blog and roll a realizarse en los blogs del Diario Vasco

¡De traca! No quiero calificar semejante iniciativa. Y no la quiero calificar porque me caliento.

Agur."

Maiatzaren 6ko DVren 10. orrialdean ageri da lehiaketa honen berri ematen duen iragarkia euskaraz. Laguntzailea GNet, Gipuzkoa.net dela dio eta aldamenean "Gero eta hurbilago". Nondik? Eskubian ageri den diariovasco.com-etik, noski.

Catalunya (III): Josep Pla homelot-a

Mikel Iturria 2005/05/06 07:30

Josep Pla idazleak ere izan zuen bere alde iluna. Francoren zerbitzu sekretuekin kolaboratu zuela diote. Manuel Aznar, José Maríaren aitona, Diario Vasco egunkariko zuzendari izendatu berri zela, tropa frankistak Donostian sartu ondoren, Gipuzkoan egon omen zen lanean Palafrugell-eko idazlea.

Hala ere, Josep Pla maite dut 1997 edo 1998 urte inguruan Cuaderno gris irakurri nuenetik. 20-21 urte zituenean idatzitakoa zela uste nuen. Eta hala da, baina Plak berridatzi zituen zenbait gauza 60. hamarkadan inprentara eraman aurretik.

Badakizue zer gertatzen den batzutan, bertan egon baina ez daukazu gogorik toki bat ikusteko. Hori gertatu zen 1998an: ez genuen Josep Pla-ren jaiotetxea bisitatu, nahiz eta astebete pasa Palafrugell herrian. 60 bat kilometro egin ditugu oraingoan bertara joateko.

Josep Pla fundazioak kudeatzen du etxea. Txirrina jo behar izan genuen, arratsaldeko 19:00etan ez baitzegoen bisitaririk. Ireki egin ziguten atea eta etxea barrutik ikusterik izan genuen.

Pla 1897 urtean jaio zen herri horretan eta 1989 urtean hil egin zen inguruan. Bitartean hamaika artikulu eta liburu idatzi zituen. Uste dut bere obra 46 liburukitan jasota dagoela, katalanez.

Etxeak hiru pisu ditu. Paretetan itsatsitako zenbait paneletan idazlearen bizitzako pasadizorik garrantzitsuenak kontatzen dizkigute. Ikus-entzunezkoak ere botatzen dituzte, adibidez, 70. hamarkadan TVEn Pla-ri eginiko elkarrizketa.

Liburutegia ere badago etxean. Ez nintzen ausartu liburu haiek ukitzen: literatura espainiarra, katalana, frantsesa, ingelesa, filologia liburuak, etab.

Gero, sarreran hiru liburu erosi nituen eta haiek kotxean sartu ondoren, Pla solasean egoten zen tabernan egon ginen, Café Fraternalean. Denak gizonezkoak arratsaldeko 20:00etan, badira inoiz aldatuko ez diren tradizioak.

Jarraipena izango du?

Sarean Pla-ri buruz topatu ditudan zenbait gune:

Fundazioaren webgunea

Escriptors webgunean azaltzen den aipamena

Lletres.net-eko aipamena

Pla-ren ohar biografikoa gazteleraz

La Vanguardia egunkariak eginiko espeziala, 20 urte Pla-rik gabe, gazteleraz uste dut edozeinek ikus dezakeela; hala ere, debaldekoa da erregistroa eta azken zazpi eguneko aleak kontsulta daitezke.

El País egunkarian ageri den beste aipamena, gazteleraz gune honetan ere ordaindu beharra dago, baina esteka hau librea da.

Vázquez Montalbán-ek idatzitakoa País Semanalean, hildako idazlearen webgunean

Catalunya (II): zer egin dugun eta hori

Mikel Iturria 2005/05/05 07:15

Roses herriko Thalassa Sport gunean egon gara, talasoterapia txiki bat. Langileak tratuan eta profesional gisa oso onak. Aldameneko eraikinean egiten genuen lo eta etxe azpian dagoen El Jabalí jatetxean bazkaldu. Leongoak dira Patricio sukaldaria eta Maria Rosa etxekoandrea: bikainak.

Irakurketak:

  • Bukatu dut Javier Cercasen La velocidad de la luz. Gehiago gustatu zitzaidan aurrekoa; hau, ez hainbeste, baina bikaina dela dio Mathiasen kopilotuak.
  • Martxel Mariskal onddarbitarraren Me llamo Ezequiel y así será siempre: liburukote sendoa, mardula, berezia; 17 urteko gazte baten suizidoa kontatzen du, baina ez du zerikusirik Jokin Zren istorioarekin. Trama Northport-en kokatzen du, Hondarribian.
  • Luisa Castro idazle galiziarraren Viajes con mi padre lan kontuengatik irakurri dut (gehiago espero nuen). Etxean hasi naiz irakurtzen El somier: bi orrialde irakurri ditut bakarrik, baina gehiago gustatuko zaidala uste dut.
  • Itzalak Iban Zalduaren ipuin-liburua hasi nuen eta Donostian bukatu dut: ez naiz ipuinzalea, baina gustura irakurri ditut ipuin hauek.

Jacques Breli buruzko erakusketa paratuta zegoen Gironako Diputazioak hiriburuan duen Kultur Etxean. Abeslari belgikarraren semeak zuzentzen duen fundazioak prestatukoa. Pobrea. Joan de Sagarra kritikoaren Records de Jacques Brel hitzaldia zegoen egun hartan, baina ez ginen geratu.

Port LLigat-en dagoen Casa-Museo Dalí: Cadaqués herritik gora dago Fundación Gala-Dalí erakundeak kudeatzen duen hiru eraikinetatik bat. Figuereseko museora ez ginen joan. Duela laupabost urte saiatu ginen, baina izugarrizko jende piloa zegoen zai. Oraingoan ez genuen gogo askorik.

Cadaqués-eko etxean ordua hartu beharra dago aldez aurretik. Guk bi egun lehenago deitu genuen. 16:40etan genuen zita, ostiralean, baina sarrerak ordu erdi lehenago erosi behar dira bertako leihatiletan. 10 minutuko tartearekin sartzen da jendea eta txanda bakoitzean 8-9 lagun bakarrik. 17:00ak edo 17:30etan amaitzen dira bisitak.

Etxeak lau gune ditu, ondo dago, gauza xelebreak ere baditu, noski, Dalí horrelakoa baitzen. Eta niri ez zitzaidan gehiegi gustatzen Salvador... Parajea, hori bai, izugarria eta zoragarria.

Aholku bat: han goian egonda, Frantziako mugatik 30 kilometrora, beste aldetik etortzea okurritu zitzaigun, Perpinyà-ra joanda. Autopista hartuta Toulouse-ra igo beharra dago, baina urruti zegoela iruditu zitzaigun eta beste bide bat hartu genuen. Hiru ordu t´erdi egin genituen Frantziako Tourrak uztailean pasako dituen errepideetatik. 70 kilometroko media orduko, ziklistak batzutan azkarrago ibiltzen dira...

Jarraipena izango du.

Catalunya (I): San Jordi eguna Bartzelonan

Mikel Iturria 2005/05/04 07:15

Oharra: Catalunyan pasatu ditudan egunetan ikusitako zenbait gauza kontatzeko asmoa dut. Abisatuta zaudete. Portzierto, eskerrak ez nuen argazki kamerarik eraman, zeren bestelakoan txapa irudiz lagunduta (edo) joango litzateke. Ea hurrengo bidaiarako erosten dudan kamera digitala.

Lehenengo aldia da Sant Jordi eguna, apirilak 23, Bartzelonan pasatzen dudana. Eguerdiko 12:00etarako genuen zita lagun batekin Rambla Catalunya eta Aragó kaleak bat egiten duten tokian. Gida komantxea (bertan bizi den eusko-katalana) generaman gainera. Bost euskaldun liburu eta jende artean.

Ranbletatik zehar ibili ginen hasieran. Liburuz eta jendez lepo. Hasiera ona izateko, Albert Fernandez PP partiduaren goi kargua Catalunyan izan zen ikusi genuen lehen famosua. Euskal Herritik begiratuta, harritu ninduen bertako partiduek beren postuak jartzen dituztela kalean. Harritu ninduen ere Euskaltel kolore laranjaren antzekoa zutela PPk eta Uniók, oker ez banago. Bi partidu horiek urruti ez dabiltzan seinale...

Beno, eta jada mundiala, ERCkoen leloa: Nosaltres paguem, nosaltres decidim. Katalanen topiko guztiak airean eta harro gainera. Gaiztakeri txikia: komantxeak esan zigun Stalin deitzen diotela Puigcercósi eta Lenin Carodi.

Liceuaren inguruan biltzen dira indar kontestarioenak. Adibidez, bertan ikusi eta erosi nuen paperean lehenengo aldiz Diagonal hamabostekaria. Eta inguruan zegoen Euskaldunon Egunkariaren aldeko stand-a. Lorea Agirre kazetariak "Plouen mentides" liburu atera berria sinatu zigun, iaz euskaraz ateratako Gezurra ari du liburuaren katalanezko bertsioa.

Ez nuen liburu gehiago erosi. Eta Santa Maria del Real elizaren sarreran dagoen plazatxoko La Vinya del Senyor tabernan hartu genuen bertako ardo txuria, orain zein jatorrikoa zen gogoratzen ez dudana.

Bazkaria Gracia auzoko Ca Boter (edo antzeko izena duen) tabernan izan genuen. Gomendagarria. Bertan bildu ginen Javier Ortiz kazetariaren irakurle eta jarraitzaile batzuk.

17:00etan Eusebi bizi den inguruan ibili ginen, Plaça del Sol eta Plaça del Reloj-en. Eguzkiaren plazan bizi da Jorja eta ikurrina eskegi du berriki balkoian. Berak dio Euskal Herriak independentzia lortu arte mantenduko duela bertan. Amen.

Festatxoak gauez jarraitu zuen Badlands tabernan. Badakizue zer egin daitekeen musika taberna batean, ezta?

Jarraipena izango du...

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter