Telebistarik gabeko astea eta fakturak
Telebistarik gabeko astea apirilean izan zen. Orduan, baina, ez nuen bete. Orain derrigorrezko betekizuna bilakatu da, etxean behintzat. Izorratu egin zaigu telebisiyua eta astebete pasa dugu kaja tontari begiratu gabe. Ez dut alde askorik nabaritu, denbora asko pasa baitut joan den astean etxetik kanpo. Dena dela, konponduta dago jada eta Frantziako Tourra ikusteko aprobetxatuko ditugu uztaileko arratsalde hauek.
Gaur goizean ekarri dute telebista. Bi anai zirela esango nuke. Jabearen semeak, seguraski. Jarri dute telebista betiko apalean. Piztu egin dute. Dena ondo dabil. Zenbat den galdetu diet. 96 euro izan dira eta hori kontutan hartu gabe ez-dakit-zer-pieza-edo garantian zegoela.
Pagatu diet pagatu beharrekoa. Eman didate fakturaren antzeko papera. Ez zuen jartzen nik ezer ordaindu diedanik. Hau da, ez zegoen zigilurik, ez sinadurarik. "Barkatu, baina hau sinatu beharko didazue". Beraiek, "lasai, hau nahikoa da eta". Nik, "bai, nahikoa izango da, baina honek ez du ziurtatzen nik pagatu dudanik ezer". Sinatu eta ziztu bizian joan dira hurrengo enkargua egitera.
Atzo ere antzeko-parezido gertatu zitzaidan. Joan nintzen kontsulta bat egitera. Egin nuen kontsulta eta, irteeran, idazkariak esan zidan zenbat pagatu behar nuen. Ordaindu nuen. Eta ez zidan ezer ematen. Eskatu nion agiriren bat. Eman zidan, baina ez nik nahi nuena. Berriro joan nintzen berarengana. "Aizu, mesedez, gaizki ulerturen bat egongo zen. Nik faktura nahi nuen, ez egin didazun papertxo hau".
Eta egin zidan faktura. Hainbeste kostatzen da, zenbait tokitan, gauzak behar diren bezala egitea?
Bai, dirudienez.
Ikusi dotenez tourra gustoko dozula... Laga blog bat gomendatzen, hauxe: http://www.goiena.net/blogak/txirrindularitza