Srebrenica, hamar urte beranduago
Berria egunkariak gogoratu digu gaur hamar urte beteko direla datorren astean Srebrenicako sarraskia gertatu zenetik. 8000 lagunetik gora akabatu zituzten 1995eko uztailean serbiarrek, II. Mundu Gerraren ondotik Europan izandako sarraskirik handiena. Balkanetan pasa den hamarkadan gertatu zena gogorra izan zen eta Europar Batasunak beste aldera begiratu zuen/genuen.
Gogoan dut Gipuzkoan SOS Balkanes izeneko elkartea sortu zela herrialde haietan gertatzen ari zena ezagutzera eman eta salatzeko asmoz. Sarajevo, Gorazde, Srebrenica... egunero azaltzen ziren komunikabideetan. Juan Goytisolok gogor gaitzetsi zuen serbiarrek, Europak, Estatu Batuek, Nazio Batuen Erakundeak egin zutena. Liburua ere kaleratu zuen, Cuaderno de Sarajevo, oker ez banago. Lagun bati utzi nion eta agur, ez zen etxera itzuli (liburua). Hermann Terstchen jenio bizia ere artikuluetan azaleratzen zen. Eta Arturo Pérez Reverte, telebisio-gizona garai hartan, idazle egun, ateratzen zen telediarioetan berriemaile berezi gisa. Hango kontuak Territorio Comanche liburuan kontatu zituen, TVEtik botatzeko eginiko liburua-edo. Mihi luzeek diote Revertek pagatu egiten zuela kaleetan borrokak muntatu eta horiek filmatzeko. Ia ahaztuta nuen, baina orduantxe hasi zen ezagun egiten José María Mendiluce, geroxeago karrera politikoan saiatu zen gizona.
Bukatu zen guda eta denborak dena sendatzen duela esaten digute, baina hori ez da egia. Oraindik orain 1300 lagunen gorpuak identifikatu dituzte soilik. Badut ezagun bat esaten didana Euskal Herriko arazoa konpontzeko belaunaldiak beharko direla. Eta adibide gisa Espainiako Gerra Zibilan gertatutakoak aipatzen ditu berak. 65-70 urte joan dira eta oraindik ere General Mola kaleak, José Antonio presente eta Avenida Generalísimo dituzu hamaika tokitan. Francoren estatua erditik kentzeko gauez egin beharra dago, fatxak gehiegi aztoratu gabe. Fraga Iribarne jubilatuko ote den ezin esan oraindik, edozer gauza espero daiteke-eta don Manuelengandik.
Balkanetako kontu hauek gutxitan agertzen dira orain medioetan, ez bada Milosevic Hagan epaitzen ari direnaren berri. "Ah! Oh! Egiten duenak jasotzen du ordaina" esanaz bezala agertzen da boterea.
Uztailaren 3an, El Paísek argitara eman zuen Juan Goytisolo eta Hermann Terstchen artikulu bana. SOS Balkanes elkartearen berri ere izan dugu aste honetan: udan Gorazde herrira eraman behar dituzte Gipuzkoako zenbait haur eta gazte.
Esan bezala, Berrian ere hiru orrialde eskaini zaizkio Srebrenicako kontu hauei gaur:
Pasako da uztaila, joango dira komunikabideen azaletatik, baina Srebrenican 8000tik gora hildako egon zirena ez da ahaztu behar.
Aupa Leire:
Hona hemen Magdaren blog-ean aurkitu dudan Jasmina Tesanovic-en artikulua.
Lerro bat nabarmenduko dut: "¿Qué ha pasado en el mundo durante estos últimos diez años? El mundo entero se ha convertido en unos Balcanes".