David Bravo: Kopia ezazu liburu hau
David Bravo abokatu sevillarraren berri telebistaren bidez izan nuen. TVEren 2. katean agertu zen Enfoque saioan duela zenbait hilabete. Musikari buruzko eztabaida batean egon zen, musika zabaltzeko neurri murriztaileen kontrako jarrera eta argumentuak defendatuz. Beste aldean Teddy Bautista zegoen. Eta Chenoa. Eta Alex de la Nuez, Cristina Rosenvinge-ren bikotekidea Alex y Cristina taldean. Gero, Bravoren bloga jarraitu dut zeharka. Orain argitaratu berri du Copia este libro liburua. Jaitsi egin dut saretik eta, seguruenik, erosi egingo dut. Nork dio internet-ek kalte egiten diola liburu eta diskoen salmentari?
Liburu interesgarria dirudi. Bertan jasotako zenbait gauza aipatuko ditut bakarrik. Hona hemen 18 eta 19. orrialdeetan topatu ditudan batzuk:
"Editore, konpositore eta egileen erreprodukzio eskubideak kudeatzen dituen SDRM elkarteak 1000 euro eskatu zizkien Pierre Merejkowsky, frantses aktore eta errealizadoreari, eta Les Films Sauvages, haren ekoiztetxeari, areto espezializatu batean estreinatu zen filmean kantu bat erabiltzeagatik. Filmeak 203 sarrera saldu zituen soilik. Kantua Internazionala zen eta filmeko pertsonaia batek 7 segunduz txistukatzen du baimenik gabe. XIX. mendeko kantua ez da egongo domeinu publikoan 2014 urtera arte. Egun hori iritsi arte, komunisten ereserki honek etekinak emango dizkie jabetza intelektualaren jabe handiei".
"Uso Zuriak, bakearen sinboloak, ere badu jaberik. Herriak beretzat hartutako Picassoren marrazki hau ezin da askatasunez erabili. Erabiliz gero, artistaren eskubideak kudeatzen dituen erakundeak zuregana joko luke ez-legezko jarduera horren prezioa zein den jakinarazteko. Eta hori horrela izango da 2023 urtera arte. Sinbolo hori erabiltzen duten webgune bakezale guztiak legez kanpo daude. Litekeena da VEGAP elkarteak, margolariaren oinordekoak kide dituen elkarteak, ez egitea ezer, lotsagarria izango litzatekeelako, baina eginez gero, legea alde izango luke".
"Oso ondo daki hau Malagako Unibertsitateak. Erakundearen estatutuek dioten bezala, bere ezkutuak ’uso zuria dauka, Pablo Ruiz Picasso malagarraren litografian ageri den irudiaren erreprodukzioa’. Margolariaren oinordekoek jakinarazi zioten unibertsitateari zenbat ordaindu behar zuten sinbolo unibertsal horren erabileragatik. Horregatik, 2004ko irailaren 17an, Malagako Unibertsitateak ezkutuaren aldaketaren berri eman zuen. Erabaki honekin kulturaren, artearen eta zibilizazio guztiaren oinarriak arriskuan jartzen zituen pirateria ekintzari eman zion amaiera".
(...)
"Happy Birthday To You kantua Warnerena da eta kantu horren eskubideek urtero 2 milioi dolarreko etekinak ematen dizkio. AEBetako legeriak dio kantu hori jatetxe batean abestea ez dela legezkoa eta kalte-ordaina eska diezazukete".
"Warner da kantuaren jabe, baina Happy Birthday hitzen jabea Fufeng enpresa txinatarra da. Enpresa honek marka gisa erregistratu zituen hitz horiek 25 herrialdetan beren ospea eta esanahiagatik
. Legeak agindutako salbuespenak kenduta, hitz horiek ezin dira erabili jabeen oniritzirik gabe".
"Lyons taldea Barney pertsonaiaren jabe da, purpura koloreko dinosauroa. Taldeak 1000 gutun baino gehiago bidali dizkie mozorro-dendetako jabeei. Enpresak dio seme-alaben urtebetze-ospakizunetan dinosauro mozorroa janzten duten guraso askoren ohitura, enpresaren eskubideen aurka doala. Legeak hain murriztaileak ez direla ezagutzera emateko, Lyons-eko bozemaile batek gurasoak lasaitu nahi izan ditu esanaz dinosauro jantzia erabil dezaketela, 'legezkoa ez dena purpura koloreko dinosauro mozorroa janztea baita, edozein dela ere purpura horren tonalitatea'".
"AEBn zenbait plaza publiko jada ez dira publiko, copyright-agatik. Chicagoko Udalak eskulturak dauden parketan ez du argazkiak ateratzeko baimenik ematen. Argazkiak atera ezkero, poliziak esango dizu parkeak copyright-a duela".
"Isiltasunak ere badu jaberik. Planets musika taldeak 60 segunduko isilunea den kantu bat egin zuen azken diskoan. Lana argitaratu ondoren, John Cagen oinordekoek demanda jarri zuten plagioa zela eta. John Cagek 237 segunduko erabateko isilunea zen kantua grabatu eta argitaratu zuen. Mike Battek, Planets-eko kideak, ez zuen serio hartu benetazkoa zen demanda eta esan zuen beren isiltasuna Cage-ena baino hobeagoa zela, gauza bera esaten asmatu baitzuten Cage-k baino denbora laburragoan. Azkenean, gatazka epaitegiz kanpoko akordio batekin konpondu zen, Batt-ek sei zenbakiz osatutako ezagutzera eman ez zen kalde-ordaina pagatu ondoren".
Hauek dira Copia este libro liburuan jasotako zenbait istorio. Datu eta argumentazio serioak biltzen ditu lanak.
Irakurri eta zabaldu Creative Commons lizentziapean argitaratutako liburu hau: pdf formatuan jaisteko hemen