Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Agur, Martxelo. Kaixo, Amagoia

Mikel Iturria 2023/06/18 18:36
30 urteko zikloa itxi zuen atzo Martxelo Otamendik Euskaldunon Egunkariko eta Berriako zuzendari gisa. Amagoia Mujika Toleratxipiri pasa zion lekukoa Tabakaleran eginiko ekitaldian.

Mikel Elkoroberezibar Belokik Berrian sinatu duen kronikaren arabera, 600 lagun bildu ginen atzo Tabakaleran.

600 lagun eta tximista bat, dena esan beharra dago.

Ekitaldia 18:00etan zen hastekoa, baina eskatu ziguten ordu erdi lehenago egoteko bertan.

Edurne Azkaratek gidatu zuen ekitaldia. Atariko hitzen ondoren, Beatriz Zabalondok hitz egin zuen, Administrazio Kontseiluko presidenteak.

Martxelok hartu zuen hitza eta hainbat lagun izan zituen kontuan. Lankideei barkamena eskatu zien itsututa egoteagatik feminismoaren aurrean. Hau da, ez zela konturatzen gizonezkoak hautatzen zituela zuzendaritza lanpostuetarako.

Hori izan zen lehen autokritika. Bigarrena, marroiak pasatu zizkiela hainbat lankideri. Hau da, agian ez zituela jarri merezi zuten tokian, berak edo egunkariak behar zituenetan baizik.

Ingelesez MIDAS-eko lagunek egindako lana aitortu zuen, batez ere Euskaldunon Egunkaria itxi zigutenean (Martxeloren aurretik erakunde horretako presidenteak hartu zuen hitza: Edita Slezakova). Katalanez, antzeko zerbait esan zien Kataluniatik etorritako kideei. Lau aipatu zituen, hiru ditut gogoan: Vicent Partal, David Fernàndez eta Mònica Terribas.

Gaztelaniaz Madrilgo hainbat lagun aipatu zituen, beste Madril bat dagoela gogoratuz.

Txalo artean amaitu eta zuzendari berria agurtu zuen.

Amagoiak ama eta izeba aipatu zituen erreferente gisa, Miren eta Begoña Tolaretxipi. Baita Martin Ugalde ere, Martxelo ahaztu gabe («Adimen artifizialak ere nekez emango liguke Martxelok daukan jakintza»).

Ibil Bediko hiru kide balkoian abesten ari zirela jaso genuen tximistaren bisita eta argi indarra joan egin zen.

Natural atera ziren nafarrak atakatik eta bigarren abesti bat a capella egin zuten taldeko bi neskek, teknikoek arazoak konpontzen ari ziren bitartean.

Baina bi pantaila zeuden aretoan, eta horietako bat ezin izan zuten berpiztu. Lastima, horrek trantsizioetarako prestatutako bideoak proiektatzea eragotzi baitzuen.

Balkoitik jaitsi eta eszenatoki nagusira igo ziren bitan Ibil Bedikoak gero. Eta Berriako kazetari eta langileak (Maite Asensio Lozano, Uxue Rey Gorraiz eta Ainara Lasa) zein hiru Berrialagun gazte ere agertu ziren (Lohizune Telletxeak hitz egin zuen hiruren partez). Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsotan aritu ziren plazako bi ertzetan.

Lemazain berriarekin batera hainbat langile azaldu ziren eszenatokian eta horrela bukatu zen ekitaldi publikoa.

Biba Ardoak eta ez dakit noren gazta probatzeko aukera izan genuen Teketen, David Fernàndez, Joxe Aranzabal, Bego, Maite Goñi eta Rementeria, Luistxo, Jabi Zabala... eta beste hainbat lagun agurtzen genituen bitartean.

Ez dira garai errazak, baina burua altxatu eta aurrera begiratu beharra dago. Horretan dago Berria egunkaria ere.

Agur, Martxelo. Kaixo, Amagoia. Estas líneas en castellano.

Neska bat poz-pozik liburutegi atarian

Mikel Iturria 2023/06/11 10:35
Lagun batek Katalunian bizi den Afganistango neska baten argazkia bidali zidan aurrekoan.

Ostiralean Tomasekin egin nuen topo kalean. Bere urtebetetzea ostegunean izan zen. Erretreta hartu zuen duela bospasei urte eta geroztik buru-belarri dabil Zaporeak elkartean. Maiatzean egon zen Lesbosen eta uztailean da berriro bueltatzekoa.

Ez genuen hitz egin bertako egoerari buruz, baina beste batzuetan bai, eta jakina da egoera korapilatsua bizi dutela beren herrietatik etorkizun bila ihes egindako milaka lagunek.

Gurean, hautsak harrotu ditu Espainiako Polizia Nazionalaren barne ohar batek. Poliziei jaiegunak ematen zien Irungo mugan atxilotutako migrante kopuruaren arabera. Denis Itxaso delegatua azkar samar atera zen publikoki neurria indargabetzera, baina beranduegi: nazioarteko prentsan oihartzuna izan baitu neurriak.

Bide batez, Ertzaintzan ere urak nahasita datoz, baina hori beste kontu bat da eta ez du zerikusirik gaur jorratu nahi dudan kontuarekin.

Migranteak gora, migranteak behera izango ditugu datozen egunetan. Elkartasuna alde batera utzita, ikuspuntu berekoiena aplikatuta ere, denok dakigu beharrezkoak izango ditugula datozen urteetan.

Baina elkartasunetik begiratuta, aste honetan deigarria izan da, nire inguruan behintzat, Afganistan eta Irango eskoletan fundamentalistek hainbat neskato pozoitu dituztela.

1- Los envenenamientos en colegios de niñas se trasladan de #Irán a #Afganistan

Al menos 80 alumnas de Primaria tuvieron que ser hospitalizadas

Foto HANDOUT/OFFICE OF THE GOVERNOR OF SAR-E-PUL
Vía @elcorreo_com https://t.co/EZAp7sdVDB pic.twitter.com/0ZlMoRK6ME

— mikel ayestaran (@mikelayestaran) June 6, 2023

Egun hauetan gogoratu naiz 2021eko abenduan Delhitik etorritako ama-alabekin. Hilabete batzuk lehenago, F eta H bikoteak ihesi egin zuen Afganistandik Indiara. Arrazoia? Senarrak, aitak, biak jipoitzen zituelako.

Urte eta erdi pasa da eta Katalunian bizi dira egun. Felip lagunak argazki bat bidali zidan. Bertan neskatoa pozez txoratzen ageri da liburutegitik atera berritan. Airean agertzen da, saltoa egiten duen bitartean harrapatu baitu kamerak. Irribarre zabala marraztua du aurpegian, begirada argia eta txinpartatsua lagun.

Felipi galdetu nion ea zer moduz zeuden. Alaba azkar doa, eta ondo integratzen ari da. Amari gehiago kostatzen ari zaio, motelago doa prozesua. Arazo ekonomikoak ez dira makalak, baina badute sare bat eta seguro nago aurrera aterako direla. Gogoratu behar da Espainiako Estatuak errefuxiatuen harrera eta babesa hirugarren sektorearen esku utzia duela.

Baina gaur gauza bakarra azpimarratu nahi nuen: neska bat pozez txoratzen liburutegi atarian.

Una niña radiante en la puerta de la biblioteca, este apunte en castellano.

Antonio Turiel Gipuzkoan

Mikel Iturria 2023/05/21 09:00
Maiatzaren hasieran energia gaietan aditua den Antonio Turiel Donostian, Zumaian eta Azpeitian egon zen. Donostian 300 lagunen aurrean aritu zen eta Youtuben ikus daiteke. Urko Apaolaza Avilak elkarrizketatu du Argian.

Aste Santua amaitu bezain pronto, lagun batek bidali zidan patrikako telefonora abisua. Hitzaldi bat egongo zela Donostian maiatzaren 2an. Ezaguna egiten zitzaidan Antonio Turielen izena, baina ez nekien berari buruz gauza handirik.

Maiatzaren 2an ezin izan nintzen hitzaldira hurbildu. Ulian 300 lagun bildu zituela ikusi dut. Ez da kopuru makala. Gustatuko litzaieke hauteskunde kanpainan ari diren gure politikariei horrelako audientziak lortzea. Bideoa Youtuben dago ikusgai.

 

Zumaian eta Azpeitian egon zela irakurri diot Turieli berari blogean.

Bisita aprobetxatuz Urko Apaolaza Avila kazetariak eginiko elkarrizketa kaleratu du aste honetan Argiak: «Energia kontsumoa %80 jaitsi beharko dugu hurrengo hamarkadetan».

Gaztelaniaz ere argitaratu dut nik elkarrizketaren bertsio bat Pedradas-en: «Debemos reducir un 80% el consumo energético las próximas décadas».

Eta hona hemen gaurko nire gomendioa: irakurri edo entzun fisikari eta Espainiako CSICko ikertzaile den Antonio Turielen hitzak.

Eutanasia kasu bat Bizkaiko zahar etxe batean

Mikel Iturria 2023/05/13 10:50
«Hiltzea erabakitzen denean: nola egin aurre eutanasiari egoitzetan» mahai-ingurua izan da aste honetan Gipuzkoako Medikuen Elkargoan.

Etxeko atarian jaso nituen ostiralean Irutxulo eta Gipuzkoako Hitza. Egunkari honen azken orrialdean agertu zen elkarrizketa hasi nintzen irakurtzen autobusaren zain.

Mikel Baza familia mediku da eta, otsailean, eutanasia egitea erabaki zuen Pilar izeneko andre bati laguntzea tokatu zaio. Miren Garatek eginiko elkarrizketaren lotura: «Laguntzea onartu nuen, ofizioaren parte delako mina arintzea».

Larunbatean Berrian agertu da Arantxa Iraolaren kronika: Pilar, agendan eguna hautatzen.

Esan bezala, mahai baten inguruan elkartu ziren asteazkenean Mikel Baza familia medikua eta Soraya Perez Rebollar psikologoa. Biek lagundu zuten Pilar. Gainera, Blanca Morera psikiatra eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordeko presidenteordea ere izan zen bertan. Aubixa Fundazioak antolatu zuen topaketa, Elkarrizketa-Talks izeneko zikloan.

Gai hauetan interesa baduzue, irakurri Bazari eginiko elkarrizketa eta Iraolaren kronika.

Bazaren hitz hauek: «Pilarrek berak eta haren familiak eskatu ziguten kasuaren berri emateko, uste dutelako lagungarri izan daitekeela beste pertsona batzuentzat».

Hona hemen elkarrizketa gaztelaniaz: Un caso de eutanasia en una residencia vizcaína.

Meategietako txoritxoak

Mikel Iturria 2023/05/07 18:10
Astelehen iluntzean mahaingurua antolatu du Landarlan elkarteak Lazkaoko Biziola gunean: «Krisi ekosozialetik landa-eremura eta etorkizunera begira». Hizlariak: Gustavo Duch, Josebe Blanco, Jeromo Aguado eta Tere Irastortza. Joko banatzailea, Aloña Jauregi.

El canario en la mina, este apunte en castellano

Abiadura handiko tren gutxi hartu ditut, baina pasa den urtarrilean Zaragozatik Madrilera eta handik Andaluziara jaitsi nintzen. Espainiako lurraldeetatik barrena nire inpresioa zen bidaia lotzen duten bi puntuen arteko guztia bigarren mailakoa dela egun, bidaia edertzeko balio duela kasurik onenean, eta gehienetan ezta hori ere.

Hots, kontu mamitsuak hirietan, bereziki hiri handietan, gertatzen direla, eta dena horren mesedetan dagoela egina. Trenbideak, autobideak, aireportuak, zabortegiak, parke eolikoak eta gainerako azpiegiturak.

Hirietan bizi garenok eskura ditugu gauzak: iturria zabaldu eta ura dator, etxe inguruko dendetara jaitsi eta, erosmen ahalmena gorabehera, jakiak eta gainerako produktuak etxeratzen ditugu, ekoizten diren tokietatik guregana iritsi arte gertatzen denari apenas erreparatuta.

Eta asko hitz egingo dugu klima aldaketaz, baina betikoan tinko jarraituko dugu. Oso jende berekoia garelako. Atzetik datorrena espabilatu dadila.

Agian ez zaigu hori irudituko, baina lehen lerroan dauden nekazari eta abeltzainak gu baino askoz ere lehenago konturatzen ari dira zenbat eta nola aldatzen ari diren gauzak, eta ez onerako prezeski.

Nire buruan irudikatzen ditut meategietako txoritxoak bezala, airea eta natura pozoitzen ari direnaren abisua bidaltzen. Etengabe.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) energiaren %10 sortzen dugu, elikaduran ere kopuru berdintsutan mugitzen gara.

Gauza hauetan pentsatzen jarri naiz bihar Lazkaon egingo den mahai-inguruari begira.

Gaia: «Krisi ekosozialetik landa-eremura eta etorkizunera begira».

Hizlariak:

Aloña Jauregi, Landarlan Elkarteko kidea, arituko da jokoa banatzen.

Non: Biziola (Hiribarren Atze kalea 1. Lazkao).

Noiz: Maiatzak 8, 19:00etan.

Zaintza kontuak Maiatzaren Lehenean

Mikel Iturria 2023/05/01 19:55
Felix Arrieta Frutos irakasleak «Zaintzaren hariak» liburuxka argitaratu berri du. Gaiarekin lotura du ere pandemia garaian, 2020ko ekainean, Zestoako San Juan fundazioko zuzendaritzako bi kideei eginiko elkarrizketa batek.

Hablemos de cuidados el Primero de Mayo, este apunte en castellano

Zaintzaren hariak

Nahi baino denbora gehiago joan zait lerro hauek idazten; besteak beste, liburu labur honen irakurketa nahi baino gehiago luzatu zaidalako. Interesgarria iruditu zait hainbat gairi buruz Felix Arrietak dioena Zaintzaren hariak liburuan.

Arkatzarekin azpimarratzeko horietakoa da eta hona hemen nik neuk azpimarratu ditudan nabarmenenak.

1982an onartu zen EAEko Gizarte Zerbitzuen legeak (Nafarroan bi izan dira: 1983 eta 2006) eta lege horren arabera eskuduntzak bananduta daude Jaurlaritza, aldundi eta udalen artean.

2006an, Espainiako Menpekotasun Legea etorri zen, menpekotasunari lotutako dirulaguntza eta zerbitzuak eskubide izendatu zituena. Lege horretatik abiatuta erkidegoek eskubide subjektiboak jasotzen dituzten lege berriak onartu zituzten (EAEn, 2008an; Nafarroan, 2006an bertan).

Zaintza gero eta arazo handiagoa ari da bihurtzen Ongizate Estatuarentzat, are gehiago 2008ko krisiaren ondoren. Horrek «Estatuaren edo arlo publikoaren zentralitatearen galera dakar (...) merkatua da protagonista nagusi, Hirugarren Sektorearekin batera».

Estatua, merkatua, familia, hirugarren sektorea eta komunitatea dira baliabideak eskaintzen dituztenak zaintza beharrak asetzeko.

Arrietak 40 urteko langa gaindituta, uste du iritsi dela garaia indarrean ditugun gizarte zerbitzu eta Osakidetzako sistemak birpentsatzeko, hiru mailako administrazioen matazan erabat galduta baikaude herritarrak, besteak beste.

Hiru prozesu aurreikusten ditu: Legebiltzarreko, erakundeen arteko eta aktoreen arteko eztabaidak. Erakunde bakarraren esku uzteko eskumena; EAEn, Eusko Jaurlaritza izango litzateke erakunde hori.

Liburuaren azken atalean erronkei erreparatzen die:

  • Generoarena da erronka nagusia. Arrietak dio mugimendu feministak badituela jada mahai gainean hainbat proposamen eta analisi.
  • Bigarren aldagaia desfamiliarizazioa da. «Ezin ditugu belaunaldi gehiago kondenatu nagusien eta umeen zaintzaren arteko otarteko izatera».
  • Erakundetze berria, lehen aipatutakoa.
  • Guztia toki mailan gertatu behar da: «plaza publikoak errekuperatu behar ditugu (...) komunitatea sortu».

Arantxa Iraolak eginiko elkarrizketan, ideia hau ere nabarmentzeko modukoa iruditu zait:

Izan ere, zera izan behar da kontuan, zaintza izan daiteke sektore ekonomiko garrantzitsu bat, indartsua: sor daitezke kooperatiba onak, jendea baldintza onekin eduki lanean, baina horrek eskatzen du diru laguntzetatik aparte zaintza beste modu batean formulatzeko aukera bat izatea.

Zestoako San Juan Fundazioa

Duela pare bat aste Gari Araolazak Zestoako San Juan Fundazioa aipatu zidan. Mikel Zubimendik 2020ko ekainean Joseba Illarramendi eta Saioa Lasari eginiko elkarrizketa baten lotura utzi zidan Garik: «Koronabirusak ez dakigu hilko dituen, baina tristurak azkenean…»

Gainera, aipatu zidan Illarramendi Lin Ton Taun taldeko musikaria izan zela. Horren lekuko, eta gauzak beste modu batez egin daitezkeela erakusteko, bertako egoiliar batek, Ángeles Jiménezek, 100 urte bete zituen martxo amaieran. Dantzalea denez, zuzendariak akordeoiarekin jarritako erritmoan aritu zen dantzan.

Konfusio handia dagoela alor horretan da kazetariaren lehen galdera, eta hona hemen Illarramendiren erantzuna:

Hala da. Gauza asko daude hemen. Gu fundazio pribatu bat gara, irabazi asmorik gabekoa. Orain dela 100 urte, herrietan zeuden “miserikordien” garaikideak gara. Sorreran ia beti mojek ematen zuten zerbitzua. 100 urteko ibilbidean haurtzaindegia ere izan da hau, gerra garaian errefuxiatu politikoak egon izan dira, funtzio ezberdinak osatu ditu etxe honek.

Gurea bezalako zenbait fundazio pribatu, batzuk sorreratik eta beste batzuk zailtasun ekonomikoengatik, udalek bere gain hartu zituzten, publiko egin. Baina zer egin da publiko? Askotan eraikina baino ez. Saltsa handia dago. Gure kasuan ez, guk jarraitu izan dugu fundazio pribatu izaten. Beste batzuk sartu ziren sare publikoan. Hor dago gakoa, 2000. hasierako urte haietan. Gero, udalarenak ziren egoitzak Foru Aldundiak “Kabian” bereganatu zituen, Kabia izeneko erakunde publikoan.

Gu kanpoan geratu gara, erakunde pribatu bezala. Baina honen guztiaren atzean beste eztabaida bat dago. Erakundeak publiko izanagatik ere, zerbitzu denak azpikontratak dira. Saltsa handia da eta jendea galdu egiten da. Azkoitiko San Jose publikoa da. Bai. Baina kudeaketa dena Biharkok eramaten du, langile denak azpikontratatuak daude, zerbitzu denak. Hor dago koska… Adibidez, Zumaian, hango San Juanen, gurea bezalako sorrera igualean, garai batean udalak bereganatu, Foru Aldundiak Kabian sartu eta San Juan publikoa da. Zein dago, ordea, kudeaketan eta egunerokotasunaren atzean? Florentino Pérez –Real Madril taldea zuzentzen duen magnatea–. Diru dena, diru publiko dena, nora doa? Eta esaten duzu: «Joder! Zer da hau? Hori publiko eta ni pribatu?». Sektore honetan irabazi asmoko interes asko daude. Askok pentsatzen dute negozio segurua dagoela hemen.

Zaintza mahai gainean jarri behar dela Illarramendik ere:

Nik uste momentua iritsi dela zaintza behingoz mahai gainean jartzeko, eta hori maila politikoan egin behar da. Erabaki serioak behar dira sektore honek merezi duen lekuan egoteko, aitortza publikoaren aldetik eta lan baldintza aldetik aurrera egin behar da, ratioaren aldetik gehienbat. Pertsonala behar da hemen, esku asko falta dira.

(...)

Zaharren zaintzari negozioaren ikuspuntua ematen bazaio, egundoko perbertsioa da. Gastu osoaren %85 pertsonalean da hemen. Hemen ez dago makinarik. Hemen bertan, gertu dauzkagu jada inbertsio fondoak diru bat irabaztera etorrita. Guk oso garbi daukagu horrek horrela ezin duela izan. Diru publikoarekin eta erabiltzaileek beraiek ordaintzen duten diruarekin jokatzen ari gara. Diru hori egon behar da ahalik eta zerbitzu onena emateko, eta horretarako langileak ondo egon behar du, edo ahal den ondoen.

(...)

Merkantilizazioa indartzen ari da. Zein da dinamika? Itxuraz publifikatu eta lehiaketara atera zerbitzuak. Eta zerbitzu horietara etortzen zaizu edozein, azken boladan dirua irabaztera oso argi eta lotsagabe; hori blindatzen ez bada edozein sartzen zaizu, edozein.

2020ko ekainean, egoitzan 36 egoiliar zituzten, eguneko zentroan 15 eta etxebizitzetan beste 8. Guztira 45 langile:

Txikiak eta kontrakorrontekoak gara, baina nahi dugu pixka bat erreferente moduan agertu ere, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi. Horren harira, kudeaketa mailan, adibidez, erkidegoan bakarrak gara Kudeaketa Aurreratuaren Urrezko Euskal Saria daukana, erakunde bakarra sektorean. Horrek esan nahi du gauzak argi esaten ditugula, baina gauzak ondo egiten ditugula ere bai. Horren atzean lan asko dago, zaintzan, senideekin, gizartean. Gu herrigintzan kokatzen gara zuzen-zuzen, herrigintzako parte bat gara. Eta gure bokazioa, eta gainera sorrerakoa, hori da.

Gizarte gisa hasi beharko dugu serio hausnartzen eta eztabaidatzen gai honi buruz ere.

Pablo Gonzalez kazetaria 14 hilabetez Polonian bidegabeki preso

Mikel Iturria 2023/04/26 21:25
Jose Couso kazetariaren omenez Madrilen egindako ekitaldian hartu zuen parte Oihana Goirienak, Pabloren emazteak, pasa den asteburuan.

El periodista Pablo González lleva 14 meses injustamente preso en Polonia, este apunte en castellano

Ostiralean, apirilak 28, Javier Ortiz kazetariaren heriotzaren 14. urteurrena beteko da.  Eta 14 hilabete egingo ditu Poloniako presondegi batean Pablo González kazetariak eta, gainera, 41 urte beteko ditu. Dena da 1 eta 4. Edo 4 eta 1. 14 + 14 = 28.

Pasa den asteburuan, Pabloren emaztea den Oihana Goirienaren hitzak entzun nituen José Cousoren omenezko ekitaldi batean, Madrilen, esandakoak. Lasai baina tinko hitz egin zuen emakume adoretsu honek.

Euskaratu egin ditut.

Oihana, la mujer del periodista Pablo González, ha hablado en el homenaje a José Couso. Nos ha contado quién es Pablo. Nieto de un niño de la guerra, que como tantos zarpó hacia Rusia hace 84 años. Y allí nació. Vídeo 1/3 👇🏽@FreePabloGonz #freepablogonzalez pic.twitter.com/i0QB6zWcx4

— WillyVeleta (@VeletaWilly) April 22, 2023

Oihana Goirienaren hitzak

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Davidi eta Couso familiari Joseren omenezko ekitaldi honetan parte hartzera ni gonbidatzeagatik. Ohorea da niretzat, eta berdin sentitzen da nire senar Pablo González.

Dakizuenez, Espainian Gerra Zibila hasi zenean Moskura eraman zuten gerrako ume baten biloba da Pablo. Horregatik jaio zen Moskun. Baina 9 urte zituenetik Espainian bizi eta hazi da. Errusiera hitz egiten du ama hizkuntza duelako eta eslaviar filologian lizentziatu zelako, Bilboko El Correo egunkariaren multimedia kazetaritzako masterreko ikasketak egin aurretik.

Bera freelance kazetaria da, independentea, Sobietar Batasunaren osteko eremua osatzen duten herrialdeetako analisi politiko-sozialean aditua.

(2022ko) otsailaren 24an, gerra lehertu zenean, korrika joan zen Poloniara errefuxiatu ukrainarren etorrera kubritzera. Lau egun beranduago atxilotu zuten, otsailaren 28an. Ia hamalau hilabete pasa dira jada.

Ostiral honetan, apirilak 28, hamalau hilabete beteko dira atxilotu zutenetik. Bere urtebetetzea ere bada, kartzelan beteko duen bigarrena.

Atxilotu zutenean, esan ziguten hiru hilabete pasa behar zituela prebentziozko espetxealdian, epaiketaren zain. Ia hamalau hilabete, eta aldi baterako espetxealdiaren lau luzapen geroago, kartzelan segitzen du. Eta ezer aukeztu gabe jarraitzen dute, ez kargurik, ez frogarik. Horregatik, babesgabetasun horren aurrean, eta komunikabide gehienen isiltasunaren aurrean, kazetari batzuen eta hementxe dagoen Público bezalako zenbait hedabideren salbuespenak kenduta (...) babesgabetasun horren aurrean, diot, berarekiko dagoen enpatia falta horren aurrean, lagunek, familiak eta masterreko ikaskideek FreePabloGonzález elkartea eta freepablo.com webgunea sortzea erabaki genuen. Tresna hauen bidez kanpaina txikiak egiten ditugu sareetan eta saiatzen ari gara ahotsa ematen, Pablok ezin baitu hitz egin.

Zer ari gara eskatzen

Espainiako Gobernuari ez diogu eskatzen Pablo defendatzea, hori abokatuek egingo baitute. Ez genuen eskatzen berehala aske uzteko adierazpen publiko ofizialik ere, uste baikenuen bere eskumenak gaindituko lituzkeela, baina frustrazio eta bidegabekeria handiz ikusi dugu Espainiako Gobernuak hori egin dezakeela: ahalmena eta eskumena baditu, baina ez du borondaterik.

Espainiako Gobernuari eskatzen dioguna da presio politiko eta diplomatiko nahikoa egin dezala Poloniaren aurrean, Pablori eskubide oinarrizkoak, gutxienekoak eta giza eskubide direnak errespeta diezazkioten; hala nola, bisitak egiteko eskubidea eta semeekin telefonoz hitz egiteko eskubidea. Izan ere, hamalau hilabete geroago, Pablok ez du semeekin telefonoz hitz egiteko eskubiderik. Adin txikiko hiru mutil, esan dudan bezala, hamalau hilabete daramatzatenak aita entzun gabe eta gertatzen dena ulertu gabe.

Poloniako erakundeek ez dute inolako presarik Pabloren egoera konpontzeko.

Ia bi aste behar izan zituzten ofiziozko abokatua izendatzeko, berehala uko egin ziona.

Zortzi hilabete behar izan zituzten lehen bisita, eta oraingoz bakarra, baimentzeko, nirea.

Urtebete behar izan zuten abokatuari bere kasuan esku hartzeko gaitasuna aitortzeko.

Urtebete behar izan zuten interesa agertzeko, Espainiari Pablok benetan nazionalitate espainiarra duen galdetzeko, laguntza kontsularra eman diotenean.

Hamalau hilabete hauetan oraingoz konpondu ez dena askoz ere luzeagoa da: ez da frogarik aurkeztu, ez da kargurik aurkeztu espioitza akusazio orokorraz haratago. Eta egoera honetan jarraitzen dugu. Hamalau hilabete pasa ondoren.

Couso oroitzeko Pabloren hitzak

Atzo Espainiak Varsovian duen kontsulak hamaikagarren bisita egin zion eta, hari esker, zuzenean iritsi zaizkit Pabloren hitz batzuk:

Unibertsitateko ikasle gisa, gerraren aurkako protestetan parte hartu nuen, jakin gabe nik neuk kazetari gisa amaituko nuela gatazka baten, gerra baten berri ematen, zerbait izugarria. Haserre bizi izan nuen tropa estatubatuarrek hil zuten José Couso kameralariaren heriotza. Horrek argi uzten du zein garrantzitsua den gatazka-eremuetako informazioa, ahalik eta erabaki egokienak hartzen lagunduko digun iritzi bat osatzeko. Horregatik, informaziorako eskubidea defendatzen dut, iritzirako eskubidea, estatuek, zapalkuntza-zerbitzuek edo korporazioek ematen digutenaz bestelakoa. Gaur egun zaila da bereiztea non amaitzen diren interes nazionalak eta non hasten diren korporatiboak, eta alderantziz.

Jose Cousoren heriotzak, eta leku eta gatazka desberdinetako beste kide askorenak, edo nire espetxeratzeak, kazetarien beharraz, askatasun gehiagoren beharraz ohartzeko balio beharko lukete, edo hori sinetsi nahi dut behintzat.

Joseren familiari, hurbilekoei eta lagunei goraintziak. Espero dut etorkizun hurbilean hau guztiau aurrez aurre esatea, eta ez bakarrik gutun bidez, agente bat niri begira hitz hauek diktatzen ditudan bitartean.

Mundu desberdin bat, mundu hobe bat posible da.

Azken hitz hauek irakurri ondoren Joseba Sarrionandiaren Galtzetan gordetzeko koblak poema etorri zait burura, Ruper Ordorikak musikatu zuena. Puerto de Santa Mariako presondegian idatzitako poema 1980ko hamarkada hasieran.

Nork izan nahiko du familia mediku?

Mikel Iturria 2023/04/20 22:35
Manifestazioak deitu dituzte larunbatean Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Apirilaren 5ean hasi nintzen belarriko minez. Hilaren 6an, ostegun santuan, pixka bat gehiago.

Opor garaia izanik, nahiz eta etxean nengoen, Osakidetzara jo beharrean, farmazia batera joan nintzen. Botikariak esan zidan belarria gauza serioa dela eta, ezer eman aurretik, derrigorrezkoa zela diagnostikoa. Donostiako Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunera joateko, adibidez.

Osteguna, apirilak 6, gaueko 21:00ak pasata bertaratu nintzenez, soilik erizainak zeuden zerbitzua atenditzen. Medikua ostiral goizean egongo zela, 9:00etatik aurrera. Erizainak artatu eta esan zidan ikusten zela zerbait, baina bera ez zela gai diagnostiko egoki bat egiteko.

Ostirala, apirilak 7, goizeko 9:00etan bertan nengoen. Medikuak ikusi eta kanpoko belarrian nuela infekzioa. Bost egunez tanta batzuk hartzeko.

Txanda aldaketa tokatu zitzaidan eta, zain nengoen bitartean, langileak ari ziren komentatzen larunbatean ez zela medikurik izango.

Egun pasa egin genuen etxetik kanpo, Bilbon hain zuzen ere, eta leher eginda etxeratu nintzen.

Larunbatean tira, baina igandean hasi nintzen eztularekin.

Astelehenean antigeno proba egin nuen eta Covid-a zela argitu zuen testak.

Asteartean lanera joan nintzen eta astean zehar nahikoa xuabe pasa zen dena, dezima batzuk gorabehera, espazio itxi konpartituetan musukoa jantzi eta aurrera.

Ustez errekuperatuta nengoen, eta jada aste honetan, asteartean, hilak 18, familia medikuarengana joateko hitzordua lotu nuen 16:10ean. Tapoirik ote nuen begiratzea zen bisitaren funtsa.

Ordubete egon nintzen zain, erabat gaindituta zegoelako: aldameneko gelan zegoen medikuari hiruzpalau aldiz laguntzeaz gain, beharrezko denbora eskaintzen baitio gaixo bakoitzari. Ez nintzen fijatu larrialdiak atenditzen ote zituen, baina beste batzuetan tokatu izan zaizkio.

Bere onetik aterata zegoen ni kontsultara sartu nintzenean. Konfiantza pizarra badugu eta dena pikutara joan dela berretsi zidan beste behin. Ez garela ezertaz jabetzen, baina gertuko osasun sistema pikutara joan dela, laburbilduz.

Manifestazioa izango dela larunbatean, nik. Ez dutela manifestazioek ezertarako balio, berak. Baina gero kontatu zidan bere herrian deialdia egon zenean, lau pelakatu bildu zirela. Beraz, manifestazioak, jendetsuak badira, badute eraginik.

"Nor izango da familia mediku baldintza hauetan? Nor? Urte batzuk barru, guk erretiroa hartzen dugunean, inor ere ez".

Niri dagokidanez, diagnostikoa okerragoa izan zen: kanpoko belarrian zegoena, erdiko belarrira pasa zela, eta antibiotikoak beharrezkoak zirela esan zidan. Noiz hasi ziren lehen sintomak eta zergatik joan nintzen hain berandu berarengana. Prozesu guztia kontatu nion.

Biharko, ostirala, eman zidan hitzordua. "Ekarri irakurtzeko zerbait", zain egon beharreko denbora luzatuko delakoan.

Dena pikutara joan ote den ez dakit, baina oso itxura txarra du Osakidetzaren egoerak. Kosta egiten zait Jaurlaritzaren ereduak Ayuso txiki uzten duela esaten dutenen diskurtsoa erabat erostea, baina batzuetan jada ez dakit zer pentsatu.

Argi dago garai bateko ereduak, 1960-1990 bueltan eraikitakoak, agortu egin direla, eta ez bakarrik osasungintzan; berdin zaintzan, hezkuntzan, kulturan, eta abar.

Bilbon eta Gasteizen manifestazioak eguerdiko 12:00etan izango dira larunbatean. Donostiakoa, Boulevard-etik aterako da arratsaldeko 17:00etan.

Joan beharko dugu ba.

P.S.: lerro hauek idatzita nituela, podcast zerbitzu baten bidez, entzun dut gaur goizean Iñaki Guridik Amaia Herrarte eta Nerea Barriusori eginiko elkarrizketa laburra. Biek MIR azterketa egin dute eta, nota ona izan arren, familia-mediku espezialitatea hartzea erabaki dute. Barriuso 14.a da estatu osoan eta bera izan da familia-mediku espezialitatea aukeratu duen lehena. Xixonera doala ulertu dut. Herrarte, berriz, Zumarragako ospitalean arituko da.

¿Quién querrá ser médico de familia?, este apunte en castellano

«Aizu» kantuaren eskaintza

Mikel Iturria 2023/04/17 08:15
Jone Unanua, Fermin Muguruza eta Iñigo Manriquerentzat.

Lan kontuak direla eta, azken bi denboralditan asteko kultur agendaren berri ematen dut DK Irratian, Ispilu Beltza saioan. Hasiera batean Oier Aranzabalekin aritzen nintzen; orain Cristina Tapia Huicirekin.

Normalean astelehenean, goizeko 8:00ak pasata, agertzen da kolaborazioa antenan.

Gaurko nire partehartzea horrela itxi dut. Esan beharra dago bukaeran kantu bat jartzen dudala. 30. minutuaren bueltan.

Gidoitik kopiatuko dut nik idatzitako zatia:

Ba gaur, hilak 17, Jone Unanuaren urtebetetzea da, 56 oker ez banago. Eta ostegunean, hilak 20, 60 urte egingo ditu Fermin Muguruzak.

Buelta batzuk eman dizkiot zer kanta jarri erabakitzeko eta Negu Gorriak taldearen Aizu aukeratu dut.

Bikotearen semea jaiotzear zela, lagun bat heriotza bidean zen, Hiesa zela eta ez zela.

Horrela esanda kanta tristea dirudi, baina niri bizipoza ematen dit.

Zorionak bioi eta carpe diem!

Eta Irungo PPko zinegotzi den Iñigo Manriqueri ere eskaini nahi diot kantua. Duela egun gutxi enteratu naiz, berak publikoki esan duelako, Parkinsonen gaixotasuna duela. Oker ez banago, duela urte asko atzeman zioten, eta kontrolpean du.

Animo zuri ere, Iñigo.

Mi agradecimiento infinito por el cariño que me estáis haciendo llegar desde todas partes.
No os podéis imaginar lo que ayuda.
💪🏼💪🏼#Parkinsonpic.twitter.com/483Yt7b34q

— Iñigo Manrique (@iManrique) April 11, 2023

P.S.: Irunen nuen fokua eta ahaztu egin zitzaidan bihar, asteartea, Xepe Rodríguez lagunak 50 urte egingo dituela. Bera ere zoriontzeko aprobetxatuko dut.

Dedicatoria de «Aizu», este apunte en castellano

Landa eremuko jende jakintsua

Mikel Iturria 2023/04/10 20:00
Galiziako lagun pare bat izan ditugu etxean egun batzuk pasatzen. Euskal Herritik barrena paseatu ditugu eta ematen du gustura ibili direla. Bisita bereziena Josebe Blancori egin geniona.

Esan bezala, Euskal Herritik barrena eraman ditugu Xepe eta Celia lagunak: Donostialdea, Behe Bidasoa, Baztan, Lapurdi, Gipuzkoako kostaldea eta Flysch-a, Ondarroa, Mendaro, Altzo, Bilbo... eta Antzuolako Pikunieta baserria.

Pikunietara hurbildu ginen jatorri galiziarra duelako Josebe Blanco artzainak eta bisita bat zor niolako. Agendak kuadratu eta GPSaren laguntzarik gabe igo ginen Irimo auzoko lurretan dagoen baserrira.

Josebe Blanco artzaina ganadu artean

Josebe Blanco artzaina bere artaldearen zati txiki batekin

Pare bat orduz aritu ginen hizketan baserriko kontuetaz: non eta nola bizi den familia, inguruan zer dagoen, koniferen esplotazioa gutxi balitz orain dituzten beste bi arrisku potolo (eukaliptoa eta parke eoliko industrialak), arditegia, gaztategia, eta abar.

Galizieraz aritu zen Josebe (herdoildua omen du hizkuntza, nik nahikoa suelto sumatu nuen ba) eta pulamentuzko gauza asko esan zituen. Horietako batzuk buruan bueltaka izan ditut azken egunetan.

Xepe Rodríguez, Josebe Blanco eta Celia Pereiro

Xepe Rodríguez, Josebe Blanco eta Celia Pererira, ezker eskuin

Oier Aranzabalen beste bisita bat gogoan nuen, emaitza Barruan gaude podkastean kaleratu zena: Josebe Blanco, Pikunietako artzaina. Berriro entzun dut bien arteko solasa eta hamaikagarren minutuaren bueltan bere garaian atentzioa eman zidan beste kontu honekin egin dut topo.

«Akordatzen naiz nire lagun batekin. Oso-oso laguna da. Nik baino hogei urte gehiago izango ditu, eta oso gizon jakintsua da. Ikaragarria! Hark badaki animaliei buruz, urratu bat eginez gero badaki josten, badaki erditze bat atenditzen, badaki tomateak hazten, badaki kontserbak egiten, badaki egurretan, badaki ikatza egiten, eta behin esan zidan: `Jo! Ez dakit, nik nire inguruan behin eta berriz entzun behar izaten dut tontoa baino tontoagoa naizela, ez daukadala kulturarik'. Gaztelaniaz hitz egiten du: 'Yo no tengo mucha cultura, yo tengo agricultura».

Jakoba Errekondok ere behin baino gehiagotan esan izan du kultuak landatzen eta ereiten jakin behar duela, bestela ez dela kultua (etimologiari erreparatuta behintzat).

Jakobari ere entzun izan diot ze garrantzitsua den gaztaren kultura eta gazta mota asko izatea, aberastasun eta aurrerapen seinale. Gustuko zuten Pikunietan gazta urdina eta hura ekoizten hasi dira. Guk dastatzeko aukera izan genuen eta bikaina zegoen.

Pikunieta baserriko gazta urdina

Pikunietako gazta urdina

Gaztelaniazko Pedradas blogean 2021eko udan Berriak argitaraturiko Enekoitz Telleriaren elkarrizketa ere etorri zait gogora: «Gure bizitzaren gaineko boterea supermerkatuei eman diegu». Eta berrirakurri dut.

Pasarte hau, adibidez:

«Ekologikoan lan egiteak esan nahi du gu naturara moldatzea, naturarekin lan egitea, eta ez alderantziz. Gure kasuan, guk moldatu behar dugu ardien erritmoetara, eta ez ardiek gure erritmoetara. Adibide bat: ekologikoan nik ez dut ulertzen nola moztu ahal zaien ardiei ilea urtean bi aldiz. Hori Euskal Herrian gero eta hedatuago dago. Ekologikoan nik ez du ulertzen hori egin daitekeenik. Nik urrian edo azaroan ilea mozten badiet ardiei, ardi horiek ez dira kanpora aterako».

Bukatzeko, 2017ko azaroan Anarik bertan emandako kontzertuaren berri ematen duen bideo bat jarriko dut. Epilogoa.

Hausnarrean jarraitzeko irakurri ere egun hartako kronika, Anartz Bilbao eta Beñat Hach Embarek Irizarren eskutik.

Gente sabia del mundo rural, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter