Wotjyla, marineritoa eta hauteskundeak
Beno, gaur hiruko santuarekin nator: ezin izan dut agoantatu eta Karol Wotjylaren heriotza aipatuko dut, gainetik bada ere. Jiménez Losantosekin jarraituko dut, EAEko hauteskunde kanpainarekin bukatzeko.
Baga. Wotjylarenak egin du, baina martxa honetan nireak ere bai! A zer nolako matraka! Francok pakean utzi gintuenean ez nituen nik hamar urte, baina antzeko sentsazioa izan da azken boladan telebista piztearena. Larunbat gauean, adibidez, telebista kate gehienek aukeratu zuten Wotjyla: La2-ek Ana Obregón jarri zigun eta ETB1-ek Athleticaren partida.
Biga. Nire inguruan badaude FJL zale batzuk. Tipoa gorrotatzen dute, baina ezin egon honek zer dioen irakurri edo entzun gabe. Marineritoa deitzen diogu, behin batek jaunartze eguneko argazkia ikusi zuelako. Martxoaren bukaeran irakurri nion Nacho Escolar-i ondorengo mezua. Klikatu aurretik, esan behar dizuet estomagoa behar dela irakurtzeko. Prest zaudete? Ondo da ba! Aurrera.
Boga. Denok dakizuen bezala, atzo gauean lau lehendakarigairen arteko eztabaida bota zuen ETBk. Bosgarren bati ez diote utzi bere burua aurkezten, ezta EITBko instalazioetan sartzen ere. Parlamentuan daudenen artean, UAkoak ere falta ziren. Hori ere esan beharra dago.
Harritu ninduen eszenografiak. Ez nuen espero. Jaime Otamendiri ulertu nionez debatea nolakoa izango zen lauren artean erabaki zuten. Egia esateko minutuko (edo bi minutu ziren?) tarte hori boladan dago.
Laburpena: Javier Madrazo espero baino okerrago; Ibarretxe ere hobeto ibil daiteke. María San Gil espero baino hobeto eta Patxi López espero bezala.
Esan bezala, kontuz Mariarekin, uste baino boto gehiago jaso ditzake-eta emakume honek. Hori bai, diskurtsoa irentsi ezina da.
Beste hark zioen bezala: ea A-17ko kaliza lehenbailehen pasatzen den. Amen.
Goardiak edo poliziak
Bi gauza: post honetan ez dut hitz egingo EAEko hauteskundeei buruz ezta Karol Wotjylaren heriotza aipatuko ere.
Donostiako Udaleko greba deialdien aurreko langile asanbladetan askotan ateratzen zen gai hau: udaltzain batzuk polizi zirela esaten zuten eta beste batzuk beraiek goardia zirela erantzuten zieten. Gai hau bururatu zitzaidan hurrengo istorio hau kontatu zidatenean.
Ezagun bat daukat, 40 bat urte ingurukoa, ehiza gustuko duena. Horrela esanda ez da aparteko kontua. Tira. Gure lagunak txabola bat dauka Irunen zakurrak eta uso mezulariak gordetzeko (uso mezulariena ez da oso ohikoa baino). Iazko uztailean, usoak zaintzen ari zen batean, udaltzain batzuk pistola eskuan zutela agertu ziren bere aurrean. Kolpeak eman zizkioten (buruan, saihetsean...), eskuburdinekin lotu eta pistolarekin apuntatu zuten.
Egoera desatsegin honetan, halako batean, eta egiten zizkioten galderak erantzun ezinik, udaltzainei nola edo hala adierazi omen zien patrikatik kartera ateratzeko eta konprobatzeko bera zein zen, oker zebiltzala. Hori egin zuten eta konturatu ziren horrela zela: ez zen beraiek nahi zuten pertsona.
Barkatzeko esan zioten (ya perdonarás). Berak ezetz, gauzak ez zirela horrela geratuko. Irungo Ertzain etxera joan omen zen salaketa jartzera. Hala ere, Udaltzaingoaren salaketa lehenago iritsi zen: "resistencia a la autoridad". Duela gutxi izan du epaiketa eta ez dakit zertan geratu den kontua. Ikusten dudanean, galdetuko diot.
Zer esan nahi nuen mezu honekin? Bi gauza: Irungo hauek goardia baino, polizi zirela. Eta aginte zatitxo bat dugunean (uniformea edo pistola tartean badago, zer esanik ez) zer kabroiak izan gaitezkeen, dedio!
Reala eta Biarritz Olympique Anoetan
Anoeta inguruan bi kirol ikuskizun potolo egon dira aste bukaera honetan. Larunbatean Realak Osasuna 2-0 hartu zuen mendean. Igandean, berriz, lehenengo aldiz hurbildu naiz errugbi partida bat ikustera. Gehienek jakingo duzuen bezala, Heineken Cupeko final laurdenak jokatu dira eta Miarritzeko taldeak Irlandako Munster kanporatu du. 19-10.
Realak ez du gehiegi jokatzen, baina Nihat lesionatu denetik, Atlético Madrid-en kontrakoan izan ezik, bi gol sartzen ditu norgehiagoka bakoitzeko. Emaitzei dagokionez behintzat, taldea hobeto ari da. Amorrortuk izango du zerikusia.
Harrobiko gazte asko dago taldean. Reala Bren partidak ikusten nituenean, jokalari hauenak hain zuzen, berdin gertatzen zen: ez zuten asko jokatzen, baina taldea ondo zegoen kokatua zelaian eta kontrarioa konturatu gabe, gola(k). Ikusiko dugu zer gertatzen den datorren larunbatean Bilbon. Karpinek ez du jokatuko, portzierto.
Igandean, berriz, lagun batzuekin etxean bazkaldu ondoren, autobusa hartu behar genuen Antiguatik Anoetara joateko. Ernesto Gasco zinegotziari entzun nion Realaren futbol partidetan bezala autobus bereziak egongo zirela. Bai, egon ziren, baina ez Antiguatik: erdigunetik Anoetara.
Hala ere, garaiz iritsi ginen estadiora. Egun batetik bestera zelaia nola aldatu zen! A zer nolako giroa! Bezperan Osasunako zaleek girotu zituzten bazterrak, gu nahiko zozoak baikara. Igandean iparraldekoak eta irlandarrak aritu ziren animoso. Gorria eta txuria dira Biarritz Olympique taldearen koloreak. Irlandarrek, berriz, gorria dute kamiseta.
Lehenengo zatian ondo aritu dira lapurtarrak. Diferentzia polita hartu dute markagailuan. Bigarren zatian alde hori kontserbatzera atera dira eta hori aprobetxatzen saiatu dira irlandarrak. Hala ere, ondo agoantatu du talde euskaldunak eta final-erdiak jokatzeko aukera izango du.
Zeozer gehiago ikasi dut errugbiaz. Antzeko-parezido zebilen Julen Gabiria. Atzo ezagutu nuen: nire eserlekutik zortzi lerro beherago zegoen bera. Ni baino zeozer gorago Manolo Saiz, Liberty-Wurth txirrindulari taldeko managerra, Benito Urraburu kazetariarekin batera. Etxerako bidean beste ilustre bat agurtu dut: Unai Elorriaga idazle eta errugbizalea.
Beno, hemen amaituko dut, zeren eta bestela Miguel Vidaurreren moduan hasiko naiz eta...
Joxemi Zumalabe eta Diagonal
Parte hartzen dudan posta zerrenda batean izan nuen orain kontatzen dudanaren berri. Ez dakit ezaguna egingo zaizuen, baina duela gutxi jarri da martxan Diagonal izeneko ekimen berria beste periodiko bat Madril aldean bultzatzeko asmoz. Nortzuk bultzatu duten ikusita, kontutan hartzeko proiektua izan daiteke. Hau da, jarraitzekoa, babestekoa. Ez dakidana da, betikoa, paperean argitaratzearen kostua asumitzerik izango ote duten. Oraingoz hamabostean behin argitaratzen da eta internet bidez ere irakur daiteke. Komunikabide honi buruzko informazio gehiago izaterakoan, idatziko dut lasaiago.
Hala ere, gaurko asmoa beste bat zen. Periodiku honetan Joxemi Zumalabe fundazioko kideak elkarrizketatzen dituzte azken zenbakian. Dirudienez, aurreko zenbakian hasitako elkarrizketaren jarraipena da.
Hiru kidek egin dute elkarrizketa: Montserrat Galcerán, Amador Fernández-Savater eta Hibai Arbide Aza. Errepara dezagun bigarrenaren bigarren abizenean: Savater. Bai, beste Savater famoso horren semea da. Eta beste larre batzuetatik dabil gizona.
Zeozer banekien aurretik, lagun batek kontatu baitzidan Madrilen, PSOEren ekitaldi bat egitekoa zen eraikin berean, Amador eta beste batzuk kointziditu zutela. Hauek beste zeozertara hurbilduak ziren eraikin horretara, beste ekitaldi batera uste dut. Amadorren kide batzuk bereak eta bi esan omen zizkieten sozialistei.
Ética para Amador... eta serie guzti hura gogoratzen? Sorpresas te da la vida dio ba kantuak
Iban Gorritiren adierazpenak eta kazetariaren titular esanguratsuaren sindromea
Astearte gauean topatu nituen adierazpen hauek Garan. Titularra: En Euskadi existe una dictadura musical increíble. Deigarria egin zitzaidan eta klik egin nuen. Iban Gorriti argazkilari, kazetari, bideo-egile eta musikari durangarrari buruzko artikulua da.
Harritu ninduen titularrak... eta gero haserretu egin nintzen kazetariarekin. Honek kontatzen du bospasei komunikabidetan kolaboratzen duela Ibanek, bi dokumental egin dituela eta beste proiektu potologoa egin nahi duela zinean, kamiseta linea bat jarri dutela martxan... Ondo.
Iban, gainera, Martxoak 31 taldeko partaide ohia da. Musika talde honek Durangoko bonbardaketa du gogoan, Gernikakoa baino egun batzuk lehenago gertatutakoa. Atzo bete ziren 68 urte. Berriki Against The Bombardiers musika taldea sortu du, Durangoko bonbardaketa burutik kendu ezinik. Ondo.
Azken talde honen sorrera aipatzen duenean, disko bat egin behar baitu, zera aipatzen du kazetariak:
"una formación que hace básicamente rock, aunque salpicado de otros ritmos y tendencias, incluido el pop, «un estilo que en Euskadi está perseguido. Aquí existe una dictadura musical increíble. Mucha gente que quiere hacer pop acaba haciendo ruido porque la sociedad te obliga», se lamenta".
Hori da artikulu osoan titularrarekin dagoen lotura bakarra. Esaldi hori. Eta hain tipo interesgarriaren lanaren aurrean, kazetariak elkarrizketa laburbitzeko ez du beste ezer aurkitu? Ez naiz kazetaria. Zaila da lan hori, baina espero dut niri horrelakorik ez gertatzea mezu baten izenburua jartzerako orduan.
Hori bai, ezin esan kazetariak ez duenik ezer lortu; nik artikulua irakurtzea, ezagutzen ez nuen Iban Gorritiren lana gehiago ezagutzea eta nik gaiari buruzko mezu bat idaztea lortu baitu. Dena Ibanen mesedetan.
Enpin, Gorritiren propaganda egiten ari naizela, ezin utzi aipatu gabe Durangoko Plateruena Kafe Antzokian diskoa eta dokumentala aurkezteko jai bat antolatu nahi duela. Ea suerterik duen.
Una reseña del disco de Deriva
A primeros de este mes de marzo, escribí en euskara una reseña del último disco de Deriva.
Esta santa semana he traducido el texto al castellano, he añadido algunas cosas y se la he enviado a Javier Ortiz para que la ponga en su página en la sección de discos. Si queréis echarle un vistazo, está aquí.
Espero que os guste.
Irun Iruten elkartearen kanpaina
Hilabetero jasotzen dut etxeko buzoian Irunero, Irungo euskarazko aldizkaria. Martxoko zenbakian jakin dut Irun Iruten elkarteak kanpaina berria abiarazi duela, Topagunea euskara elkarteen koordinadorarekin batera, bazkide berriak lortzeko.
Harritu nau jakiteak oso bazkide gutxi dituela elkarte honek. Datu bat: Irunek 55.000 biztanle ditu, 18.000 euskaldun. Elkarteak, berriz, 268 bazkide.
Urtean 36 euroko kuota pagatu behar da, baina badago 18 euroko kuota murriztua ere. Ez da diru asko, baina alardearen kontu maltzur horiek, herriko giroa txartu egin dute. Eta euskarak lasaitasuna behar du bidea egiteko. Beno, lasaitasuna ez dakit hitz egokia ote den, lo geratzeko arriskua ere baitago.
Pentsatuko dut ea izenik ematen dudan elkartean, lagunen bat badut-eta bertan. Bitartean, hona hemen Irun Iruten elkartearen webgunea eta Topagunearenak
Tüsüri ere blogari
Atzo arratsaldean jaso nuen Oier Iruretagoienaren mezua: "Web-a berritzen ari nintzen, eta albisteen atal bat egin beharrean, blog bat egitea pentsatu dut, modan jartzen ari denez. Ez dakit askotan idatziko dudan baina hor dago behintzat: http://tusuri.blog.com".
Oierek 16 urte ditu eta ipurterrea da. Duela pare bat urte ezagutu nuen, Casares Kultur Etxeak Musika eta teknologia berriak jardunaldia antolatu zuenean Altzan. Musikariak arratsaldez Altzako kaleetan zehar ibili ziren eta gauean kontzertuak egon ziren Altzako beste kultur etxean. Mutil gazte bat ibili zen bizikletaz toki batetik bestera. Gogoratzen dut oso ondo nola Mikel ez Joseba Irazokik ireki zuen jaialdia, kalean eginiko emanaldi batekin. Oierrek galdetu zion ea Xabier Montoiaren gitarrista ote zen bera. Mikelek baietz. Honek ea Montoiaren azken diskoa gustatu ote zitzaion galdetu zion. Oierrek, lasai asko, ezetz.
Elektronikaldia musika jaialditik pasa ondoren, Donostiako Gazteszenan aritu zen Smith & Mighty Sound System taldearen aurretik, 2003ko urriaren bukaeran. 15 urte zituen orduan eta bere esperimentuak taularatu zituen horretarako oraindik prestaturiko ez dagoen jendaurrean. Hala ere, publikoak txalotu zuen bere emanaldia. Handik hilabete batzutara Erakusleihoan aritu zen.
Errenterian (berak Orereta esango luke) bizi da eta hantxe ibiltzen da (edo zebilen) Zintzilik irratian. Sototik izeneko irratsaioa egiten zuen lehen eta Nontzeberri webgunean ere ikusi dizkiogu zenbait elkarrizketa.
Tipo argia da eta ez da komeni pista galtzea. Beraz, Tüsüri ere blogari. Bejondeiola. Ni jada harpidetu naiz Bloglines-en.
George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Gaur goizean, jaiki berritan, irratia piztu eta Javier Vizcaínok kazetari ingeles bat elkarrizketatu behar zuela entzun dut. Honen izena Nicholas Rankin da, BBCko kazetaria. Liburua idatzi omen du George L. Steeren bizitza kontatzeko asmoz: Crónica desde Guernica. Beste liburu bat du Robert L. Stevenson idazleari buruzkoa.
Gaurko irratsaioak duela pare bat urteko beste irratsaio bat ekarri dit gogora. Uste dut autoan gindoazela Santanderrera. Irratia piztua generaman kotxean. Radio Euskadi, Javier Vizcaínoren Más que palabras saioa. Georges L. Steer kazetari hegoafrikarrari buruz ari ziren. Seguraski Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bueltan. Uste dut orduan ere Nicholas Rankin elkarrizketatu zutela.
El árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, 2002an argitaratu zuen Txalapartak. The tree of Gernika. A field study of modern war zen 1938an publikaturiko jatorrizko liburuaren izenburua. Paul Preston historiagilearen hitzetan Espainiako Guda Zibilari buruzko hamar liburu garrantzitsuenen zerrendan dagoena.
Steer 1909 urtean jaio zen Hego Afrikan eta 1944 urtean, 35 urterekin, hil egin zen, auto istripuz, Birmanian. Bi aldiz ezkondu zen. Mundua korritu zuen, abentura piloa biziz. Gernikako bonbardaketa kontatu... eta oraindik gazte zela hil egin zen, tontamentian.
Siglo XXI argitaletxeak publikatu dio liburua Rankini. El Correon azaldutako elkarrizketa batean badago atentzioa deitu didan erantzun bat. Iñigo Gurrutxaga kazetariak botatzen dio Steer EAJren alde ageri dela El árbol... liburuan eta Rankin-ek zera erantzuten dio:
"BBCk liburu potoloa ematen die kazetariei, Produktoreentzako arauak, eta objektibotasun hitza ez da inoiz agertzen. Kazetari batek ezin du objetibo izan. Ezinezkoa da. Britainiarra edo espainiarra zara, baduzu iragan bat, hizkuntza bat, agian paratxutista baten gisara erori zinen historian. Horrek guztiak osatzen du zure subjektibotasuna. Baina inpartziala izan beharko zenuke. Kazetariaren obligazioa egia kontatzea da. Egia da Steer abertzaleen alde zegoela, baina era berean Larrinagako kartzelako sarraskiaren kontakizun osatuena eskaini zigun eta, orokorrean, Guda Zibilarena Euskal Herrian. Propagandista batek ez du bere aldekoen gehiegikeriak kontatzen".
Apirilaren bukaeran, Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin batera, Nicholas Rankin eta George Steer jr. Euskal Herrira etorriko dira. Semea, gainera, lehenengo aldiz. Ongi etorriak izan daitezela, kanpoko horrelako ahotsak behar ditugu-eta gaur egunean ere.
Aukera guztiak, alferrik galduak
Lerro hauek idazten ditut Auzitegi Gorenak epai triste bat eman duela jakin ondoren: demokraziari aukerarik ez ematea erabaki du aho batez. Iragarritako epai baten kronika zela esan daiteke. Estatuko indar nagusienek erabaki baitute ez bakarrik Batasunak, Aukera Guztiak zerrendak ere ezin duela aurkeztu.
Duela zenbait aste ez nuen espero horrelako erabakirik. Ez nuen sinadurarik eman zerrenda honen alde, baina ematekotan egon nintzen. Azkenean, ezin izan nuen tarterik aurkitu. Ezagutzen dut taldea sustatu duen baten bat. Ezagutzen dut aldeko sinadura eman duen jende asko. Terrorista bihurtu ditu Estatuak.
Beste estatua hura, Patxirena, kendu zuten joan den astean Madrilen. Beldurrez kendu zuten, gauez, ezkutuka. Jende asko oldartu zen kalean, aurreko estatuburu izan zen terrorista haren alde.
PPren inguruan izango dute horiek babesa. Atzokoarekin, San Gil eta Mayor Oreja, askatasunaren txapelduna deitzen diote honi, harro egongo dira. PSOEko indar atzerakoienak ere pozik (badago zeozer aurrerakoirik hor?).
Hor nonbait irakurri dut, gainera, bi alderdi hauek badutela onik ateratzeko aukera asko. Igoal Patxi López izango da hurrengo lehendakaria.
Aukera Guztiak zerrendari botoa ematea aukera bat zen. Orain, Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duenaren zain, nori eman botoa izango da datozen asteetako zalantza.
Aterako gara noizbait euskal labirintotik?
Oharra: lerro hauek atzo gauean idatzi nituen, haserre. Zinera joa nintzen, Habana Blues Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren film berria ikustera. Zeozer baretu zen nire haserrea.