Elgetako Blogs & Beers BeSTa
"Ni nintzen aizkolari" zioen Kortaturen bigarren diskoan ageri zen kanta batek. Mikel Albisuk idatzitako letrari jarri zioten musika Muguruza gazteenek. “Ni naiz blogari” pentsatzen jaiki naiz gaur. Izan ere, 100 mezu idatzi ditut dagoeneko. 100. mezua I. BeSTa aipatzeko.
Kasualitatez hasi nintzen blogari, elkarteko guruek blogak urrats bat direla 2009an munduaren dominazioa lortzeko aurrikusi dutelako. 2004ko uztailean egin genuen ikastaroa, edozeinek erabiltzeko moduko den mekanismo erraza ikasteko.
Ikasi genuen berehala. Bertan egon ziren batzuk, ni baino lehenago lortu zuten blogari titulua, ni baino askoz gehiago idatzi baitute. Beste batzuk, hala ere, oraindik apenas piztu duten blogaren sua. Gutxiengoak ezta hori ere.
Azken asteetan, apirilaren 17an 100.a lortzeko asmoz, ia egunero idatzi dut bitakoran. Zaila egiten da, kopon! Ez dakit nola ibiliko naizen datorren astean martxa hori mantentzeko. Beti dago zeozer interesgarri aipatzeko, baina askotan hausnartzeko denbora botatzen dut faltan.
Gainera, 22an oporrak hartu eta Bartzelonara noa, Sant Jordi eguna bertan ikusteko eta bizitzeko. Ranblak, lagunak, ea eguraldiak laguntzen duen... 24ean, berriz, Roseseko bainuetxe batera joango gara bospasei egun bertan egiteko.
Elgeta urruti eta han goian dagoela kritikatu dute batzuk. Ez zaie arrazoirik falta. Baina Espaloia Kafe Antzokia izan da zezen hau toreatu duena. Beraz, eskerrik asko horrelako ekitaldia antolatzeagatik.
Ez dakit oso egun aproposa ote den. Igande arratsaldea eta out-eskundeen zurrunbiloan sarturik. Giro ona egongo dela ziur naiz, bertaratuko direla baieztatu duten batzuk ezagutzen baititut. Bertaratuko diren baina ezagutzen ez ditudan besteak ere, ziur jende jatorra dela. Eta ez bada, tira, zer egingo diogu ba, agoanta!
Nik ez dut ordenagailurik eramango, eramangarririk ez dut-eta. Bertan idazteko aukerarik baldin bada, idatziko dut. Bestela datorren astean aipatuko dut zeozer.
Abisatuta zaudete: Iturri blogari.
Aupa Iturri blogari!
Zorionak, zure 100 mezuengatik!