Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

... Fuentes da

Mikel Iturria 2005/07/02 12:20

Maiatzaren 24ko apuntearen jarraipena da hau. Listo. Amaitu da kanpaina. Badugu presidente bat. Nik ez nizkion nire akzioak eman, baina espero dut denon onerako aritzea lan berri horretan. Zorionak eta ekin, erronka latza da eta.

Lehenengo gai korapilatsua Nihaten irteera izango zela uste genuen denok. Keba! Iban Zubiaurrerena izango da, ordea. Zubiaurrek ez badu Realean egon nahi, joan dadila nahi duen tokira. Hori bai, kontratuak bete egin behar dira eta Realari dagokiona eman beharko dio Mendarokoak. Edo Athletic-ek.

Joan-etorri hauek min asko egiten dute, Gipuzkoan behintzat, baina ez nioke duena baino garrantzi gehiago emango. Rekarte kapitaina dugu eta Cifu aurkeztuko dute gaur. Alde horretatik ez dugu asko galdu eta beti geratuko zaigu Fuentes, noski.

Gu ere ibiltzen gara bizkaitarrak gipuzkoartzen. Adibidez, Garitano, Eibar taldean trebatutakoa. Honek Gipuzkoako kluba nahi izan du. Eta Agirretxe gipuzkoarrak ere egin zuen joan-etorriko bidaia.

Tira, esan bezala, ez nioke garrantzi gehiagorik emango kontu honi, baina Vocento taldearen kamiseta duten Gipuzkoa eta Bizkaiko bi periodikuek eta enparauek (txin-txin diruaren hotsa) saiatuko dira uda berotzen.

Ekainaren 30eko gauera bueltatuz, aldea nabarmena izan da. Santosek ezin izan du gainetik kendu bere fama txarra eta hautagaitza gipuzkoarragoaren alde azaldu dira akzionistak.

Portzierto, goiko lotura horretan topatu dut Malagón Fuentes zoriontzen. Ez zaio aurpegia ikusten, baina bera da.

Aupa Edu. Lasaiago biziko zara.

Presaka nabil. 37 urte bete ditut gaur eta ospatu beharra dago. Argazki kamera digitala oparitu didate. Ea nola demontre dabilen ikasi beharko dut. Gero Flickr eta antzeko ostikerietan trebatu. Izango duzue horren berri.

Nire akzioak Edu Malagon jaunarentzat

Mikel Iturria 2005/06/29 07:30

Hau idatzi aurretik duela hilabete idatzitakoa irakurri dut. Orduan Denonerreala taldea nuen gustoko. Kanpaina bukatzear dagoen honetan, aldatu egin da nire iritzia. Fuentesen koadrila ondo hasi zela uste dut, baina beheruntz joan dira. Santos, berriz, alderantziz ibili dela iruditu zait.

Gauza asko aldatu behar dira gaur egungo Realean eta ez dut horretarako kapaz ikusten Fuentes. Ez dut uste pertsona txarra denik, ondratua dirudi, baina ez dut irudikatzen Loperaren aurrean Realaren interesak defendatzen, adibidez. Zeozer gehiago behar da 30 milioi euroko aurrekontua duen enpresa bat kudeatzeko. Are gehiago, urtean 12 bat milioiko defizita sortzen bada.

Sentimendua aipatu du Denonerrealak kanpainan zehar. Ez dut uste asmatu dutenik horretan. Hautagaitza honen atzean dauden jokalariak Miguel Santos bezain profesionalak izan dira eta Reala diru-iturri izan dute. Zaleek dugu sentimendua, urtero gure abonua ordaintzen dugunok, batez ere. Hori da sentimendua.

Ez dakit nork irabaziko duen. Somatzen da ere politikeroak hortxe daudela. Adibidez, Gipuzkoako EAJren bi sektoreen arteko lehia horrek izan du jarraipena hemen ere. GBBk utzi egin die afiliatuei nahi dutenen alde azaltzea, baina Joseba Egibarek Fuentesen esku utzi zituenean bere akzioak, agentzia bateko argazkilaria zegoen inguruan. Eta kasualitateak ez du horrelakoetan balio.

Ez naiz Anoetako Belodromoan egongo hilaren 30ean. Irunen bazkalduko dugu eta gero gizon-emakumez osaturiko alardea ikustera joango naiz. Donostiako Antzerki Ferian ibiltzeko asmoa ere badut, baina ez dakit denetara iritsiko naizen.

Santosen zenbait gauza ez zaizkit gustatzen, baina lider kementsua da gizona. Nire bost akzioak zerrendakide duen Edu Malagonen esku uzten ditut. Konfiantza ematen dit Eduk. Ondo ariko dela uste dut.

Ekainaren 30ean Realak irabaz dezala.

Copyleft jardunaldiak Donostian (eta bi)

Mikel Iturria 2005/06/28 07:30

Carlos Sánchez Almeida abokatua gordina eta gogorra da hitz egiterakoan. Hemen nago ni esanez hastea gustoko duen horietakoa. Bi galdera bota zituen hasieran.

Lehena: Ea azken aste hauetan zenbat lagunek jaitsi ote dugun internet bidez obraren bat. Ia denek altxatu genuen eskua.

Bigarrena: ea zenbatek igo dugun escaner-a erabiliz obraren bat internet-era. Batek altxatu zuen eskua.

Almeidaren ustez, honek frogatzen du eraikitzen ari garen informazio gizarte hau zabor hutsa dela. Ez dugu soilik besteen lana aprobetxatu behar, gure eskuak, gure escaner-ak ere jarri behar ditugu komunitatearen mesedetan domeinu publiko diren obra klasikoak sarean jartzeko.

Jabetza intelektuala kontzeptua gustatzen ez bazaio ere, Jabetza Intelektualaren Legeak zenbait eskubide aitortzen ditu, zita eskubidea, parodia egiteko eskubidea, besteak beste. Eskubide guzti hauek ez ditugu aprobetxatzen behar diren bezala. Pesimista azaldu zen abokatu hau ere eta laster teknologia erabilia izango da zentsura egiteko. Zita eskubidea ez dugu egiterik izango, adibidez. Kanonaren kontra borrokatzea ondo dago, baina DRMak jartzea teknologia zentsura egiteko erabiltzea da. Eta hor dugu izugarrizko arriskua eta erronka.

Miquel Vidal Barrapunto eta Sindominio proiektuetan ari da. Gutxi hitz egin zuen mahai-inguruan; izan ere, honen aurretik eman zuen berak hitzaldia. Baina bai esan zuela domeinu publikoa ez dela sarera igotzen politikari eta epaileen erabakiz. Ez dela ahaztu behar hiritarrak ere baduela kultura izateko eskubidea. Lau hizlariek hitz egin ondoren, jendearen eta mahaikideen interbentzioak tartekatu ziren.

Ani Defunkind-ek esan zion SGAEkoari legediaren barruan aritzeko, hori baita SGAEk berari eskatzen diona.

Almeidak esan zuen copyleft-aren inguruan dabiltzanek ez dutela beren nortasuna sortu behar SGAEri errua botaz. Plataforma bat sortzeko beharra ikusten zuen berak, Jabetza Intelektualaren lege proiektu berriaren eztabaidan parte hartu beharra dago-eta.

Santi Eraso, Artelekuko zuzendariak, esan zion SGAEkoari kulturaren ikuspuntu premoderno edo modernoa zuela erakunde horrek, teknologia berriak kontutan hartzen ez dituena.

Galiziako ordezkari batek hizkuntz minorizatuen arazoa mahaigaineratu zuen. 500 blog omen daude galegoz, 300en bat bizirik une honetan. Eta urtean 100 liburu kaleratzen omen dira. Datu horrekin blogintzaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen liburugintzaren gainetik.

Copyleft edo CC lizentzien inguruko jestio erakunde bat sortu behar da? Almeida eta Escolar ez ziren honen alde azaldu. Escolarrek baztertu zuen ideia hori diru asko eskatzen zuelako gehi borroka latzak eta luzeak. Domeinu publikoa sor dezagun CC lizentziak erabiliz.

Hori bai, esaten diren gezurrekin kontuz ibili behar da. Adibidez, Espainia munduko 10. herrialdea dela pirateo kontuetan. Izan ere, Defunkid-ek zioen bezala, desinformazioak akatzen gaitu.

Almeidak bota zuen txispaz beteriko beste esaldi bat: Catalunyan badago intelektual koadrila bat manifestu bat egin duena duela gutxi. Manifestu horretan alderdi berri baten sorrera bultzatu nahi dute. Eta zergatik ez dute beraiek sortzen besteei eskatu beharrean?

Portzierto, Informe Semanal-en ikusi nuen diskogintza eta musikaren krisiari buruzko erreportaia pasa den larunbatean. Nacho Escolar elkarrizketatu zuten, baita Kiko Veneno, Diego Manrique, Ramoncín, etab.

Eta SGAEkoa horrelako bilkura batera etortzearena? Beldur diren seinale? Ondo defenditu zuen bere burua kontrako iritzia mantentzen zuen entzuleriaren aurrean. Abila izan zen Farré, aitortu behar zaio, ausarta ere bai. Eta jendea errespetuz aritu zen.

Hasi beharko dut CC lizentziapean nire mezu hauek zabaltzen...

Copyleft jardunaldiak Donostian

Mikel Iturria 2005/06/27 07:30

Pasa den ostiralean hasi ziren Artelekun Kopyleft jardunaldiak. Hiru egunez adituz (eta ez adituz) osatutako taldea bildu da jabetza intelektuala, musika, kultura, internet eta teknologia berrien hedapenari buruz hitz egiteko. Ostiral arratsaldean egon nintzen Nacho Escolar, Carlos S. Almeida, Miquel Vidal eta Pedro Farré laukotearen bi ordu t´erdiko mahai-inguru mamitsua ikus-entzuten.

Teknologia berrien hedapenak ondorioak izan ditu azken urte hauetan kulturaren esparru askotan. Adibidez, musikagintzan eta diskogintzan. Nacho Escolar musikaria da, besteak beste. Berak hartu zuen hitza musikaren munduak azken urte hauetan izan duen aldaketaren berri emateko. Zergatik hurbiltzen zen musikari bat diskoetxeetara? Teknologia zutelako disko bat grabatu, disko-dendetara zabaldu eta komunikabideetan agertarazteko. Gaur egun, ordea, marketing-a eta promozioa da diskoetxeen esku gelditu den baliabide bakarra. Hori bai, OTren fenomenoak erakutsi die diskoetxeei promozio makina handiagoa eta hobeagoa duela telebistak.

Creative Commons lizentzien irakurketa egoista ere egin zuen: ez bakarrik komunitateari ematen zaionagatik, norberarentzat ere askoz hobeagoa da zenbait eskubide komunitatearen esku libre uztea. Musikariak ez dira bizi diskoak saltzeagatik, zuzeneko emanaldietatik lortzen dutenegatik baizik. Nire ustez hobeto dago esaldia horrela: musikariak ez dira bizi diskoak saltzeagatik, musikagatik bizi badira zuzeneko emanaldietatik lortzen dutenegatik bizi dira, (baina musikari gehienak ez dira musikatik bizi).

Escolarrek zioen Espainian ez dagoela tarteko irtenbiderik eskubide kontuetan: obraren gainean dituzun eskubide guztiak libratzen dituzu edo ez duzu batere uzten besteen esku. Hori aldatu beharra dago.

Pedro Farré, SGAEren ordezkaria, hasi zen esaten ez zuela jendea komentzitzeko batere asmorik. Barreak entzuleen artean.

Jabetza intelektuala nondik datorren azaldu zuen: 1789ko Frantziako Iraultzaren ondorio da. Jon Locke eta Emmanuel Kant filosofoak aipatu zituen.

Farrék esan zuen oso pesimista dela gaur egungo egoerarekin. Bere ustez jabetza intelektuala oinarrizko eskubidea da eta hala jasotzen du Espainiako Konstituzioak. Teknologia berrien garapenagatik eskubide guzti hauek, kontzeptu hauek, ahultzen ari dira. Eta mundu berri honetan egilea askoz ere ahulago izango da. Kalitatezko kontenido barik ez dago ezagutzaren gizarterik, are gutxiago jabetza intelektuala babesten ez bada.

SGAEk egiten dituenak goraipatu zituen. 80.000 bazkide dituztela munduan zehar (Espainian ez dagoela beste aukerarik disko bat argitaratu nahi izanez gero, erantzun zion publikotik norbaitek); Mundu mailan 4. jestio erakundea da eta Argentinan, Brasilen, Shangain... erosi omen dituzte zenbait antzoki sortzaile espainiarrek bertan beren lanak ezagutzera emateko (hori espekulazioa dela esan zion beste batek).

Argi du garapen teknologikoak kulturaren banaketan ondorioak izango dituela. Bitartekari batzuk desagertu eta beste berri batzuk sortuko dira. Hala ere, jestio erakundeak ez dira desagertuko, baina etorkizun hurbilean eskubideak ez dira esklusiboak izango eta jabetza intelektualaren zenbait zati erabiltzeagatik pagatu beharko da.

Jarraipena izango du.

Memea edo musika katea

Mikel Iturria 2005/06/26 13:05

Lekukoa hiru lagunek eman didate: Luis Tránsito, Mikel Erral eta Asier Sarasua blogariek. Hiru lagun hauek beste neurriren bat hartu aurretik, idatzi beharko dut zeozer. Bestela, hurrengoak lekukoa eman beharrean, bota egingo dit agian. Hori bai, ez dut asmorik beste inori pasatzeko. Esan behar dut ere, uda ataria eta uda bera musika gutxien entzuten dudan urteko sasoiak direla, ulertu ezin ditudan arrazoiengatik. Psikoanalizatu beharko dut nire burua.

Testigua nork eman didan

Luis Tránsitok ekainaren 2an; Erralek ekainaren 10ean eta Asier Sarasuak ekainaren 14an.

Nire ordenagailuan dauzkadan musika artxiboen tamaina

Guztira 53 mega, oso gutxi, baina ez dakit noiztik ditudan, zeren eta ordenagailua dagoen gelan dut musika ekipoa eta, normalean, aparatu hori erabiltzen dut. Lantokikoan gehiago dut: CDak eramaten ditut bertara eta ordenagailura pasa kantuak. Aspaldian ez dut musikarik jaitsi saretik, modem bidez oso astuna delako prozesua, besteak beste.

Erosi dudan azkeneko diska

Aste honetan Xabier Baróren Cançons del temps de destrals eta Lhasa-ren The living road.

Sarri entzuten ditudan edo niretzat esanahi berezia duten 5 kantu

Kantuak ez ditut inoiz buruz ikasten. Abestu ere ez. Une honetan gustura entzuten ditudan zenbait botako ditut hemen:

  • Rafa Berrioren Deriva taldearen azken lanetik Algo delicado y difícil kantua. Outsider eta bohemio donostiarra.
  • Ruper Ordorikaren Mi abuela rap latinoaren euskal bertsioa oñatiarraren hitzetan, Aspaldian. Jabier Muguruzaren edozein jar nezakeen hemen.
  • Rubén Blades abeslariak ere agertu beharko luke hemen, Patria kantuarekin adibidez. Latinoamerika, presente.
  • Rachid Taha aljeriarraren Bent Sahra kantua. Carte de Sejour taldea izan zen Mano Negra eta guzti hauen aitaponteko, besteak beste.
  • Patti Smith handiaren Land bilduma ere entzuten dut azken aldi honetan. Kanta bat aipatzearren, Redondo Beach. Soka honetatik tiraka Clash, Kortatu, Negu eta beste batzuk ditut gogoan.

Zein 5 pertsonari pasatzen diedan testigua

Ez diot inori pasako lekukoa eta, niri dagokidanez, hementxe bukatuko da musika kate hau.

Cómo fraga don Manuel

Mikel Iturria 2005/06/21 07:30

Izenburua ez da nirea, Paco Umbral zutabegilearena baino. Ekainaren 15eko El Mundo egunkarian argitaratutako artikulu bati dagokio. Lotura ordaintzekoa da, beraz ez baduzue klaberen bat alferrik zabiltzate goikoa sakatuz. Dena den artikulu hori etorri zait gaur burura. Eta duela zenbait egun gertatutako beste gauza bat. Mahai baten inguruan ari ginen bazkaltzen. Lau lagun. Hiru euskaldun eta galego bat.

Gehienok ordu pare bat lehenago ezagutu genuen elkar. Arratsaldean ekitaldi bat genuen eta bazkaltzeko geratu ginen aurretik. Dena uste bezala zihoan, baina, halako batean, euskaldun batek bota zion galegoari: "Ez dut ulertzen nola oraindik Fraga atera daitekeen presidente. Hemen ez dugu ulertzen”. Galegoa piztu egin zen supituki: "Niri ere ez zait gustatzen Arzalluz eta ez nator hona esatera Arzalluz txoropito bat dela. Gauzak konplexuagoak dira. Ezagutu beharra dago hango egoera".

Galegoak jarraitu zuen bere erretolikarekin: "Galiziako populazioaren hiru laurdena zahar ez alfabetatuez osatuta dago. Nire gurasoen modukoak dira. Aita marinela zen eta ama etxekoandrea. Fraga ezagutzen dute. Alternatiba, berriz, oso kaskarra da. Gainera, ulertzen ez dituzten gauzak aipatzen dizkiete. Iraultzaz-eta hitz egiten dute".

Nunca Mais mugimenduko buruek interes pertsonal asko zituztela ere esan zuen. Manuel Rivasen kontrako hitz gogorrak ere atera ziren haren ahotik. Hori bai, izenik aipatu gabe. Escritorcilloa gora, escritorcilloa behera. Ni isilik geratu nintzen. Azken finean, anfitrioi lanetan nengoen, baina bai pasa zitzaidala burutik zer iraultza klase zen hango PSdGk eta BNGk aipatzen zutena. Ez zaizkit ba bi talde hauek oso iraultzaileak iruditzen.

Hala ere, laugarren mahaikideak utzi egin zion galegoari lasai hitz egiten. Bukatu zuenean ihardetsi zion: "Badakizu zein den arazoa? Fraga hiltzaile bat dela. Nire familiaren gertuko pertsona bat akabatu zuen berak Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an. Eta horregatik ezin du jarraitu dagoen tokian".

Ia hilabete pasa da enkontru hartatik. Atzo izan ziren hauteskundeak Galizian, baina oraindik ez dakigu nor den irabazlea. Galtzailea zein den ere ez dakigu. Datorren astelehenean argituko dira kontuak.

Bitartean, cómo fraga don Manuel.

Bizitza modernorako gaitasun agiria

Mikel Iturria 2005/06/19 19:05

Aste honetan enteratu ginen Telezaborrari esker pasa den igandeko Gaur Egun saioa 6000 lagunek eguerdian eta 16000 lagunek iluntzean ikusi zituztela. Notizi hori komentatu zuten Sustatun eta erantzun asko egon dira. Botatzen dituzten ordu horietan, niri ez datorkit batere ondo eta ez ditut informatibo horiek normalean jarraitzen. Gauza bera gertatzen zait Mirentxu Purroi kazetariak aurkeztu eta zuzentzen duen Mundo hoy saioarekin. Igandetan 13:30ak aldera ETBko 2. katean botatzen dute eta zaila da ni garai horretan telebista aurrean egotea. AEBetako Salt Lake City hiria eta Kenyan bizi diren errefuxiatu bantuak lotzen dituen aire zubi ulertezinari buruzko erreportaia bota zuten aurrekoan eta teleari begira egon nintzen, halere.

Bantu herriak ederki sofritu du eta gaur egun bere lurretatik kanpo bizi da. Erreportaiaren abiapuntua izan zen Kenyan dagoen errefuxiatu eremu bat. Ulertu nuenez Nazio Batuen Erakundeak AEBri eskatu zion laguntza jende hau inguru haietatik ateratzeko. AEBko gobernuak hiru hilabeteko etxebizitza gastuak pagatzen dizkie Afrikatik metropolira eramandako pertsona hauei. Ah! Oh! Zein bihotz onekoak garen amerikarrak!

Erreportaiak kontatzen zuen hilero-edo berrehun bat bantu hartzen zituztela abioi batean eta Estatu Batuetako Salt Lake City-ra eraman. Hori egin aurretik astebeteko formazioa ematen diete aukeratuei. Hau da, errefuxiatu eremu batean bizi diren lagun batzuk hartu eta esplikatu nola bizi garen gure mundu puta honetan. Hau iturria da eta horrela irekitzen da; hori argia pizteko-itzaltzeko gailua da; hori ate bat da eta honela irekitzen da.

Hala ere, hori baino fuerteagoa iruditu zitzaidan nola esaten zien formatzaileak gizonezkoei AEBetan ezin dela emaztea jipoitu, edo 14 urteko neskak ez daudela derrigortuta ezkontzera edo... Zur eta lur geratzeko moduko erreportaia.

Hassan izeneko 52 urteko gizona eta 41 urteko haren emaztea, gehi ez-dakit-zenbat seme-alaba eta biloba nola eraman zituzten kontatu ziguten. Hassanek seme-alabaren bat zuen lehendik AEBn. Hau da, bera baino aste batzuk lehenago eramandakoa.

Erreportaiak ez zuen iritzirik ematen. Kamera jarri eta kitto. Agian egokiena zen, zeren flipatzeko moduko gauzak jartzen zizkiguten begien aurrean.

Hala ere, bukaera ez zitzaidan gustatu, zeren eta orduan bota zuten "Hassanek ez-dakit-zenbat-hilabete daramatza AEB eta lanean ari da ez-dakit-zein-enpresatan". Seme-alabekin ere berdin.

Ah! Ia ahaztu egiten zitzaidan: astebeteko oinarrizko ikastaro hori egin ondoren, eta Amerikara joateko autobusa hartu baino lehen, ekitaldi batean ziurtagiria ematen zieten: "Bizitza modernorako gaitasun agiria". No comment.

Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean (eta bi)

Mikel Iturria 2005/06/14 07:30

Atzokoan idatzi bezala, Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean. Pablo Lasa ere han zegoen. Eta bezperan aritu zen Oier Iruretagoiena "Tüsüri". Eta Zu taldea igo zen eszenatokira, Xabier Iriondo eta Damo Suzukirekin batera. Zu ez dira euskaldunak, italiarrak baizik. Eta free-jazz egiten omen dute, baina larunbatean askoz gogorrago azaldu ziren. Eta musika entzuteko eta erosteko parada ere egon zen.

Pablo Lasa Oarsoaldekoa da. Ez dut jarriko Errenteria edo Lezo, zeren eta ez nago ziur. Musikarekin jolasteko (edo aritzeko) software-a egina du gizonak. Eta ikusgai eta jolasgai egon da nahi zuen ororentzat. Ni ez nintzen hurbildu, baina pena dut orain, zeren eta seguru merezi zuela saiakerak. Hala ere, hemen duzue informazio gehiago.

Oier Tüsüri gaztea hantxe zebilen, betiko martxan, esponja moduan: ikusten, entzuten, datuak prozesatzen. Sototik.com webgunean eskegi zuen artista bakoitzaren piezaren bat.

Zu taldea hiru lagunek osatzen dute: bateria, saxoa eta baxua. Bi lagun gehiago zeuden eszenatokian: Damo Suzuki abeslari japoniarra eta Xabier Iriondo gitarraz. Ordubeteko kontzertua eskaini zuten kaosetik gertu egon zena. Zaratatsua. Inoiz elkarrekin aritu gabea zen boskotea. Gustura geratu nintzen bukaeran. Inguruan zioten aurrekoan egon zirenean, hobeto aritu zirela. Erakusketa aretora jaitsi eta diskoak begiratzen egon nintzen. Zaila da horrelako musiketan oinarrizko bi ideia baino ez dituen pertsonarentzat aukera egitea. Azkenean, alde batetik bestera ibili ondoren, Café Teatro talde euskaldunaren azken lana eta Zu taldearen 2004ko beste bat erosi nituen.

Laugarren emanaldira ez nintzen geratu. Eric de la Casa eta Thomas Charmettant. Goizeko 2:20ak inguruan hartu nuen autoa todo por la patri(k)a leloa sarrerako atean jarrita duen (zuen?) etxearen aurreko aparkalekutik. Irratia piztu eta orduan enteratu nintzen Osasunak 1-2 galdu zuela partida. Espero nuen halakorik, batez ere zarata handirik somatzen ez zelako Berako kaleetan. Hurrengo batean izango da.

Futbolak merezi ez duenean, beti geratuko zaigu musika. Diot.

Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean

Mikel Iturria 2005/06/13 07:30

VI. edizioa bete du aurtengoarekin Beran egiten den Ertz jaialdiak. Ez nuen jaialdia ezagutzen eta bertara joan nintzen larunbatean. Beste musiken txokoa da Ertz. Ez da erraza, zale gutxi baitago Euskal Herrian musikaren eremu esperimentalean dabilena. Hori bai, Berako tabernetan ere, bertze musika baino, futbola garaile, nahiz Osasunak partida galdu.

Larunbatean lau emanaldi zeuden iragarrita. 22:00etan zen lehenengoa eta, beraz, 21:00etan taberna batean hartu genuen tokia bokata goxo batzuk jateko. Ordu horretan hasi zen Kopako finala eta gorritxoen zalez inguratuta afaldu genuen. Geunden tokitik ez zen pantaila ikusten. Eskerrak, zeren eta bestela ez niokeen begirik kenduko telebistari. Futbolaz jardun beharrean, musikaz-eta aritu ginen.

Lesakako Gaizka Sarasola musikariak piztu zuen gaueko sua, Xabier Iriondo jatorri euskalduneko italiarrarekin batera. Gaizka musika tradizionalaren esparruan mugitzen da eta ikuspegi berritzailea ematen saiatzen da. Iriondok Gaizkak txistu, danbor eta beste tresnekin sortutako soinuekin jokatu zuen, ordenagailua-eta erabiliz. Publikoaren arreta bereganatu zuten eta jendea adi egon zen, begira, entzuten. Ni ere bai.

Emanaldia bukatu eta hurrengoa prestatu aurretik, zerbezaren bat hartzeko aukera zegoen behean dagoen erakusketa aretoan. Erakusketa aretoan Azkoitiko Matadeixeri buruzko erakusketa zuten paratuta. Ekitaldi mordoa antolatu dute azkoitiar zoro hauek azken urte hauetan, Udalak zirkulaziotik kentzeko beldurra ezin uxatuz.

Bonba izeneko herriko pertsonaiari Maxixatzen aldizkarian duela zenbait urte eginiko elkarrizketa zegoen irakurgai sarreratik gertu. Herriko pertsona (eta pertsonaia) berezia izan zen gizon hau. Demagun Azkoitiko Txantxillo zela.

Gauean, etxeratu ondoren, mesanotxetik Iñaki Segurola azpeitiarraren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo hartu nuen. Liburua ireki eta Bonbari eginiko elkarrizketa hori aipatzen zuen orrialdearekin egin nuen topo kasualitatez. Ea elkarrizketa hori lortzen dudan nonbaitetik. Sarean ezinezkoa izango da, baina ea norbaitek laguntzen nauen.

Bigarren emanaldia Astra bikotearen interbentzioa izan zen. Ilios, Bartzelonan bizi den greziarra, anti-karrera musikala eginez dabil tinko. Ez dira nire hitzak, bereak baizik. Jason Kahn izan zuen bikotekide. Aretoaren erdialdean jarri ziren biak, ez eszenatoki gainean, ordenagailu banarekin. Eta soinu-frekuentziekin jokatu zuten. Askok ez zuten aguantatu, baina, eta alde egin zuten.

Esaten zuen ba hauetako beratar batek duela zenbait hilabete, kontzertu esperimentaletan, sarrera baino, irteera kobratu behar dela.

Jarraituko du, zeren, bestela, luzeegia aterako zait-eta.

Ea ekainaren 30a laister iristen den

Mikel Iturria 2005/06/11 18:03

Egun batzuk pasa ditut ez nekiela zeri buruz idatzi, baina ez material faltagatik (zer gaizki dagoen mundua, dedio!), denbora eta patxada faltagatik baizik. Izenburuak Sanmartzialetako jaiak eta alardea iradoki dezake. Ez, ez da hori. Barkatuko didazue fribolo izatea, gaur ere Realari buruzko konturen bat edo beste aipatuko baitut.

2001eko hauteskundeetan, Astiazaran garaile atera zen hartan, argi nuen ez zela nire bost akzioei esker presidente aterako. Gibelalde ere ez. Galloren esku utzi nituen akzio haiek. Eta bere izenean utzi nituen ez berarengatik, Xabier Azkargorta zegoelako proiektu hartan baizik.

Gallok handicap ederrari egin behar izan zion aurre: PPkoa zela zabaldu zen eta hitz egiterakoan bazirudien gizona elizatik atera berria zela. Hau da, Santander inguruan esaten duten comeostias baten itxura zuela. Ezagutzen zutenek, ezetz esaten zuten: Gallo ez zela PPkoa ezta bereziki gizon erliojosoa ere. Egia izango zen, baina ezin izan zituen ustezko aurreiritzi haiek gainditu. Oraingoan, antzeko zeozer gerta dakioke Miguel Santos hautagaiari. Denok oroitzen dugu nondik datorren Santos, futbolarien agentea (izan?) dela eta borrokatu beharko du tiburoi fama gainetik kentzeko. Beno zama hori eta kontinuista izatearena ere gainditu beharko ditu.

Atzo aurkeztu zuen Santosek berarekin batera aurkeztuko diren beste 8 lagun. Horien artean badago ezagutzen dudan pertsona bat. Tipo jatorra da eta Santosek bidaide gisa aukeratzeak harritu egin nau. Bere esku utziko ditut nire bost akzioak?

Bestalde, atzoko prentsan irakurri nizkion Iñaki Alaba eta Miguel Fuentesi gustatu ez zitzaizkidan zenbait gauza. Esandakoak baino, tonua desegokia iruditu zitzaidan. Uste dut maila horretan ezin dutela beraiek jokatu. Ez dakitelako, besteak beste.

Gainera, Fuentesek Miguel Santosekin aritu nahi omen du: gehiago du galtzeko irabazteko baino. Santos abila da oso mingainarekin eta bien arteko eztabaidan erraz irabaziko dio Fuentesi.

Loturak zerrendakoak albo batera utzita (ezer gutxi erakutsi dute), Reala gidatzeko bi molde daude aurrez aurre: Miguel Santos-en pertsonalismoa edo Denonerreala-koen talde-lana. Bien arteko uztarketa izan daiteke mesedegarriena.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter