Bertsoa begian, Koldo Izagirre
Atzokoan esan bezala, Koldo Izagirrek emandako hitzaldian nik hartutako apunteetan oinarriturik botako ditut hemen zenbait gauza. Beste esaldi batzuk pasadan aipatuko ditut. Adibidez, "ez dago bertso-saiorik, entzulerik gabe". Edo "zein da bertsolariaren tresna?" galdera. "Edo bertso onak entzule bihurtzen gaitu". Originala bertatik bertara entzuteko deitu Koldo Izagirreri edo jarri harremanetan Lanku-rekin, azken hauek mugitzen baitute Hitzak egin gaitu ezer erakusketa Euskal Herrian zehar.
Basarri eta Oteiza
Oteiza gure erdaldun maitagarri horietakoa da Koldoren hitzetan. Hemen ikus dezakezue ez dela Koldoren gustoko. Basarri, berriz, El día egunkari nazionalistatik La Voz de España egunkari nazionalistara pasatako gizona ere ez du gehiegi maite. Bi egunkariak nazionalistak ziren, baina lehena abertzalea, bigarrena española.
Egaña Rodin
Andoni Egaña herri txiki bateko plazan, txapeldun jada, kantatu aurretik erabat bertsoan murgilduta, pentsakor. Rodin bertsolaria. Ederra konparazioa, baina kasu honetan hezur-haragizko eskultura bat da.
Martin Ugalde
Donostian behin Martinek esan omen zion Euskaldunon Egunkaria behar genuela euskaldunok. Eta hori ilustratzeko Deia periodikuaren zuzendariorde zela gertatutakoa kontatu zion Martinek. Xalbador hil egin zen eta Ugaldek azalean "Xalbador hil da" jarri nahi zuen. Ez zuen gehiegi iraun titularrak. Zuzendaria, gazteleraduna, etorri zen galdezka ea nor zen Xalbador. Martinek erantzun zion bertsolari bat zela. "No es importante. Un bertsolari nunca merecerá la primera plana". Lazkao Txiki hil zenean, berriz, lehen plana izan zuen Euskaldunon Egunkarian.
Txirrita
Lehengo eta behin, nire kosetxako eskakizun bat: gaur bertan estreinatuko da Zinemaldian Camarón filmea. Nire lagun batek dioen bezala, gure Camarón da Txirrita. Aupa Etxebeste filmarekin berriro euskarazko pelikulak egiteari heldu diogun honetan, Txirritari buruzko filmea on bat ez legoke soberan.
Koldorekin jarraituko dut, zer da Txirrita gaur egun?: Altzan Txirrita kale bat da. Eta inguruko establezimendu askok hartu dute bertsolariaren izena, nahiz gehienek ez duten jakingo nor izan zen. Koldoren aitak ezagutu zuen. Eta haren fama gezurtatzeko, Txirritak, edanda zegoenean, planto egiten ziola bertsoa kantatzeari esan zigun; beharbada ez ziola zurrutari ezetz esango, baina edanda zegoela ez zuela bertsorik kantatzen. Aitak esaten omen zuen Txirritak ez zuela inoiz ez errespetuzko hitzik erabiltzen eta, beharbada horregatik, zakildu baino lehen bertsorik ez kantatzea erabakiko zukeen.
Etxahun-Iruri eta Villepin
Barkoxen, Herriko Etxearen paretan dago bertsolari hau gogoratzen duen plaka. Bandera frantsesa eta guzti. Halakorik ez omen dago Hegoaldean. Erran nahi baita, Hegoaldeko inongo Herriko Etxearen paretan ez dago bertsolariren bat gogoratzen duen plakarik.
Bertsolaritzak presentzia du gure geografian. Dominique de Villepin, egungo lehen ministro frantsesak, izan zuen horren berri 2004ko azaroan Iparraldeko arnotegi bat bisitatu zuenean.
Karlos Argiñano
Behin entzun omen zion perrexildunari saiatu omen dela noizbait telebista-saioan bertso bat botatzen, baina inoiz ez duela lortu. "Ez diot trukorik harrapatzen". Zergatik? Bertsolaria ez delako telebistako panpina. Bertsoa artea da, sukaldaritza berezia.