Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Musika kultoa vs. herri musika

Mikel Iturria 2005/03/23 18:26

XVI. edizioa bete du aurten, Aste Santuaren atarian, Donostiako Musika Sakroaren zikloak. Azken emanaldia Easo Abesbatzaren Kapera Gregorianistak egin zuen Zorroagako Elizan. Handik atera eta Madrilgo Carabanchel auzuneko Pan Bendito (Panben) inguruko La Excepción taldearen hip-hop freskoa, xumea, biribila eta auzotarra, ikus-entzun nuen Egiako Gazteszenan.

Easo Abesbatzaren Kapera Gregorianistak, Xabier Irastorzaren zuzendaritzapean, ordubeteko saioa egin zuen. Zuzendaria boladan dagoen Lazkaoko beneditar komunitatekoa da eta bertan entsaiatzen du taldeak.

Eliza beteta zegoen. 200dik gora lagun. Musika sakroa gogorra bada, gregorianoa, are gehiago. Hala ere, abesbatzak erraztasunak ematen ditu kontzertua jarraitzeko, latinezko letrak euskarara eta gaztelaniara itzulitako fotokopia txukun enkuadernatuak prest baitziren entzuleentzat.

Txip-a erabat aldatu nuen: handik atera eta autoz joan nintzen Gazteszenera. Aurreko ostiraleko Dvóramen irakurri nuen Juan Luis Etxeberriak La Excepción taldeko abeslariari eginiko elkarrizketa. Gustatu zitzaidan nola Etxeberriak esaten zuen musikoak adarra jo ziola (ondo kazetariak hori errekonozitzea) eta ondo ere musikoa horrelakoa izateagatik. Portzierto, El Mundoren topaketa digitaletan ere egon ziren pasa den urtarrilean.

Egiara joaten naizenean, aretoaren atarian geratzen diren horietakoa naiz. Beti dago ezagunen bat eta harekin hitz egiten dudan bitartean, bertan dauden zirkuitu itxiko telebistetatik jarraitzen dut emanaldia.

Atzo ere horrelako egon nintzen. La Excepción hiru lagunek osatzen dute: musika jartzen duen DJ-a eta bi MC, ijitoa (Gitano Antón) eta payoa (El Langui). Langui honek ezintasun fisiko nabaria du, baina mingaina ederki astintzen du. Ozen ahoskatzen du, gainera. Disko bakarra dute merkatuan, Zona Bruta disketxeak ateratakoa, Cata Cheli izenekoa. 22.000 ale saldu dituzte eta, gauzak nola dauden jakinda, ez da marka makala.

Esan bezala meritua du abeslari honek. Gainera, ez dira batere harroputzak. Hori aipatu zidan bertan batek: hip-hop espainolean gehienak dira harroputzak, AEBetatik datozen eskemak errepikatzen dituztela, eta horrelako talde bat gailentzea albiste ona dela.

Horrekin geratuko naiz, ba. Eta mezuaren titulua, Musika kultoa vs. herri musika? Ez dakit. Zer da kultoa?

Bi karpeta gorri

Mikel Iturria 2005/03/21 22:14

Duela zenbait egun anaiarengana joan nintzen eta etxera sartu bezain pronto koinatak bi karpeta gorri eman zizkidan. Berehala ezagutu nituen. Batxilergoko 3. mailako eta UBIko karpetak ziren biak. Txoko batean agertu ziren. Barruan txirrindularitza eta musika kontuak ezkutatzen zituzten.

Bapatean konturatu naiz futbolak ez ninduela hainbeste asetzen garai hartan: ez argazkirik, ez errekorterik, ez ezer. Garai hartako Bidasoako itzuliko parte hartzaileak, adibidez, azaldu zaizkit lehen karpeta zabaltzerakoan. Aurkitutako lehenengo papera 1989ko dortsalen zerrenda izan da. Eta urte horretan 12. zenbakiarekin gaur egun kirol esatari bikaina den Xabier Usabiaga atera zela deskubritu dut. Frinat Cegasa taldean korritzen zuen orduan.

Talde berean zegoen klasera nirekin joandako Jose Antonio Martiarena irundarra. 1989 urte hartan 4. etapa irabazi zuen. Martiarena kategoria txikietan hasi zen korritzen eta dena irabazten zuen. Bera zen gure klaseko izarra. Galdetzen genion zer egin duk aste bukaeran? eta 13-14 urte zituenean galdu egin dut erantzuten zuen, bigarren gelditu zela erantsiz. Martiarena profesionaletara iritsi zen, baina ez zuen suerte askorik izan. Usabiagari ere antzeko zeozer gertatu zitzaion: Central Lechera Asturianan ari zela, konpetizioa utzi behar izan zuen mediku arrazoiengatik. Kazetari espezialista bikaina irabazi genuen, hori bai.

Zenbait Devórame horituak ere azaldu dira karpetetan. Adibidez, 1986ko irailaren 5eko zenbakian, Irungo rock taldeei eginiko erreportaia. Argazkian Vómito, Kortatu, Baldin Bada eta Antirrégimen taldeetako kideak.

Eta neskak? Non gorde ote nituen garai hartako oroimenen frogak? Karpeta horietan ez behintzat. Hala ere, gogoan dut nola neska bati oparitu nion Duncan Dhuren lehen disko luzea. Bai, bekatu hori ere aitortu beharra dago, zeren, orduan, pijo nazkagarri hutsak ziren Erentxun eta Vasallo guretzat.

Hala ere, alferrikakoa izan zen ahalegina, ezin izan nuen-eta neska horrekin adiskidetu: diskoarekin bueltatu nintzen etxera.

Gogorra zen bizitza, dedio!

Eto´o eta La Granja

Mikel Iturria 2005/03/20 21:42

Aste honetan erosi dut martxoko RockDeLux musika aldizkaria. Irakurleek hautatutako Estatuko 2004ko kantarik onenak oparitzen dituzte CD batean. Kantu batek eman dit atentzioa hasieratik: Eto´o (su jugador favorito) da, Mallorcako La Granja taldearena.

90eko hamarkadan talde honen pop doinuak entzuten ziren. Ni ez nintzen oso zalea, baina bai noizbait entzun ditudala, telebistan edo irratian. Halako batean, agur esan zuen taldeak. Baina mende berriarekin berpiztu da La Granja.

Iaz Mallorcan ari zen Eto´o jokalari kamerundarrari kantua egin ziola irlako musika talde batek entzun nuen. Seguraski El día después edo horrelako kirol saio batean.

Kanta hori Eto´o (su jugador favorito) da. Eta ahotsak, melodiak eta gitarrek berehala harrapatu naute. Disko horretan ageri den kanturik gogokoena bilakatu da.

Bide batez, Anoetara joaten naizenean eta Realaren kantua entzuten dudan aldiro pentsatzen dut Gipuzkoako rock, pop edo dena delako talde batek moldatu beharko lukeela kanta hori eta eguneratu. Badago bertsio bat, Orfeoiarena, baina ponposoegia iruditzen zait.

Egia da ere duela bi denboraldi, Reala Liga irabaztekotan zegoenean, atera zutela diskoren bat. Baina ez dut horrelakorik eskatzen. Kaskarrak baitziren kantu haiek. Gogoan dut Os Diplomaticos de Monte Alto taldeak egin ziola kantua A Corunhako Depori. Edo MCD taldeak harro abesten zuela Athleticen alde.

Gipuzkoan ez dago talderik horrelako zeozer egiteko prest? Bide batez, horrek ez luke berpiztuko hain burumakur dagoen futbolzale giputza (realzalea)?

Bitartean La Granjakoen kanta entzuten konformatuko gara.

Angel Unzu gitarrista Lesoinun

Mikel Iturria 2005/03/17 00:01

Berandu iritsi naiz 19:00etan hastekoa zen kontzertura. Berandu baina atean eskegita zegoen kartela errespetatu dut: "Kanta bukatu ondoren, sartu, mesedez". Itxoin dut isiltasuna egin arte eta sartu egin naiz.

Zer da Lesoinu? Ez dut jarriko hemen lotura, zeren .doc dokumentu bati lotuta dago programa. Hala ere, horrelako zeozer dio: Lesoinu 2005 martxoaren 9tik 19ra ospatuko da aurten. Urte honetakoarekin XIX. edizioa egingo du musika aste pedagogiko honek.

Haur eta gaztetxoz beteriko areto batekin egin dut topo. Gezala auditorioan izan da emanaldia. Herriko pilotalekuaren aldamenean dagoen eskoletan.

Etxean zegoela nabari zitzaion nafarrari. Izan ere, garai batean behintzat, bertako Musika Eskolako irakasle izana da. Sin título 1 izan da nik entzun dudan lehen kanta. Gero, El bolero de Arantxa kantuan bolero-inprobisazio-bolero formula erabili du. Dos colores piezan esan die ikasleei asmatzeko zeintzuk ziren bi kolore horiek.

Sin título 2 eta Recreo Negro abestiekin bukatu du. Azken honetan esan die slap teknika erabili duela kantan. Hau da: jazz baxujotzaileek sokak astintzeko kolpe berdintsuak eman dizkiola berak gitarraren sokei.

Eta entzuleei esan die bera konposatzailea dela. Eta konposatzaile izateak baduela alde on bat, besteak beste: nahi duzuna jotzen duzula, nahi duzuna egiten duzula. "Zaila dela, ba ez dut jotzen".

Eta esan die, tonu egokian, ikasteko. Musikari izateak merezi duela.

Angel Unzuk pare bat disko ditu. Azkenak, 2003 urtean plazaratutakoak, Melodías de piel du izena. Elkar argiletxeak argitaratu zuen eta hemen Irune Berrok eginiko elkarrizketa bat duzue.

Urte honetan nik asko maite dudan musikari baten diskoan parte hartuko du. Ez dakit gustuko dudan honek publikoki kontatu ote duen zerbait. Uste dut baietz. Badaezpada isildu egingo naiz.

Germán Yanke eta SMS mezuak telebista albistegietan

Mikel Iturria 2005/03/16 00:01

Madrilgo lagun batek esaten du: "Nik ez ditut telebistako zabor programak ikusten. Hau da, telediarioak eta antzeko albistegiak". Horretaz gogoratu naiz Ladinamo kultur elkartearen boletina jaso eta komentario askorik merezi ez duen ondorengoa irakurtzerakoan:

Contra todo pronóstico, la escena más delirante vista en televisión en los últimos tiempos no proviene del programa Vaya semanita (ETB 2), sino que tuvo como insólito protagonista a Germán Yanke, presentador del telediario nocturno de Telemadrid. En un momento del noticiario, y cuando el austero gesto del presentador parecía indicar que íbamos a escuchar un nuevo exabrupto contra el Plan Ibarretxe, el presentador procedió a apelar a los espectadores para que agarraran su móvil y enviaran un mensaje a no se qué número para participar en no se qué encuesta. Por sólo 0,90 euros el mensaje. Todos aquellos que estamos enganchados al telediario presentado por este superprofesional de la información -ex director del semanario derechista Época y reputado martillo de herejes- sufrimos una especie de soponcio al ver como un Yanke congestionado pasaba uno de los mayores ridículos de su vida al verse obligado a utilizar esta lucrativa fórmula usada habitualmente en programas como Salsa Rosa o Crónicas Marcianas. Habrá quien piense que la introducción de este tipo de prácticas comerciales en los telediarios es una aberración. Para nada: en realidad, después de ver esto no hay nadie que se pueda volver a creer una sola palabra de lo que diga este periodista reconvertido en vendedor de alfombras... así que no hay duda de que la libertad de prensa sale ganando. Y, además, ya que tenemos que aguantar (y pagar) las sandeces que dice este figura, qué menos que se convierta de tanto en cuando en un mono de feria. Y así nos reímos todos.

Ruper ezin zait aipatu niri

Mikel Iturria 2005/03/15 00:05

Astelehen goizean ikusi dut Sarasua Ruperri buruz galdezka. Gaua iritsi arte itxoin dut erantzuteko. Honen ondoren doa.

Inoiz ikus-entzun dudan kontzerturik zirraragarriena Ruper Ordorikak 1992ko ekainaren 26-27an Donostiako Victoria Eugenian emandakoa izan zen. Irungo jaien bezperatan geunden. Lagun batekin etorri nintzen, kasualitatez, teatrora. Hain atera nintzen harrapatuta, ezen Irungo jai girora joan beharrean, Hendaiako hondartzara joan baikinen.

Orduan hasi nintzen ruperzaletzen. Bilduma bat 1992ko diskoak aurreko kantarik esanguratsuenak biltzen ditu. Hasiera-hasierako diskoak ez zaizkit hainbeste gustatzen, baina hemen bildutako kanten bertsio asko bai. Ez da posible, 1990 urtekoa, potentea da. Juan Carlos Pérezen produkzioa, oker ez banago. Zendu berria den Santi Ugarte ere hortik zehar zebilen. (Portzierto, zein isilik pasa den Ugarteren heriotza).

1992ko Ruper Ordorika & Mugalaris mini-CDa ere gustuko dut. AEBetara joan aurretik grabaturikoa. New York-en pasa zituen ondoren hilabete batzuk. Hasiberria zen Daniel Calparsorok egin zion bideo-klipa.

Hiru horiek dira niretzat diskorik majoenak. Gerokoak, ondo daude, baina ez dute horien magia. Agian Gaur 2000an grabaturiko zuzeneko diskoak, bai.

Urte horretan ikusi nuen lehen aldiz Ruper zuzenean Euskal Herritik kanpora. Madrilgo Café Centralen izan zen, 2000ko azaroan. Hiruzpalau egun lehenago eta-k lineako autobus batean zihoazen 4 pertsona akabatu zituen Madrilen. Giroa ez zen beste mundukoa, beraz. Hala ere, kontzertu ederra ikus-entzun genuen taberna hartan.

Bitxikeria: Madrilen-eta jotzen duenean Peter Punk kanta abesten du, gazteleraz, gitarrarekin. Letra oinarrituta dago Leopoldo María Paneroren poema batean. Zoragarria. Geroztik ez diot entzun.

Ea halako batean ere EHn animatzen den poema horrekin.

Sarriren liburuak ez zaizkit hain erakargarriak egiten. Martin Larralde zoragarria da, hori bai.

Ruper Ordorika

Futbola-edo Anoetan

Mikel Iturria 2005/03/14 21:33

Arratsaldeko 16:00etan atera nintzen etxetik. Benta Berritik Anoetarako bidea oinez egiteko asmoa nuen, eguraldi ona aprobetxatuz. Zein bide hautatu erabakitzen nuen bitartean, errepidearen beste aldean, Iñaki ikusi nuen, emaztea eta haur jaioberriarekin. Iñaki errealzalea da, bazkidea ere bai. Atzoko partidara ez joatea erabaki zuen.

Eta asmatu egin zuen. A zer nolako sufrikarioa! Atzoko sasi-partida ikusi ondoren, futbolera hurbiltzen garenok tentel integralak garela uste dutenek arrazoi dutela pentsatzen hasita nago. Ez zirudien Izarren Ligako partida, nipadios!

Okerrena izan zen estadiora sartzerakoan, eguraldi polita zela-eta, partida polita ikusiko genuela pentsatu nuela. Hau da: udaberria behingoz iritsia zela futbol zelaira.

Lehenengo gola jokaldi polit baten ondoren sartu zuen Errealak. Putinzalea den Karpinek gola eman zion Kovacevici.

Hortik aurrera, ez batak, ez besteak, ez zuten ezer egin. Gainera, zaletu izena merezi ez duten batzuk txistuka hasi ziren Rekartek egindako jokaldi batengatik. Horixe falta zitzaigun!

Buka dadila lehenbailehen sufrikario hau. Iñakik eta Mathiasen kopilotuak bai asmatu.

Blog laranja, blog kristal

Mikel Iturria 2005/03/13 13:34

Gazte izatea zer zen ahazten ari garenok/zaretenok gogoratuko duzue Bic frantziar etxearen iragarki hura. Bi boligrafo saltzen zituen anuntzioak: bata punta finekoa, bic naranja, bestea punta lodiagoduna, bic cristal. Anuntzioa etorri zitzaidan gogora atzo Ondarroan Berria erosi eta blogei buruzko artikulua topatu nuenean.

Bic boligrafoak (eta txiskeroak) genituen etxean, eskolan, fabrikan, tabernan, toki guztietan. Diotenez, 80-90 hamarkadetan frantses produktuei eginiko boikotak etxe horren nagusitasuna pikutara bidali zuen.

Garai batean Bic zena, orain blog da. Toki guztietan agertzen hasi den hitza. Badirudi horri erantzun nahi diola Zer demontre da bloga? artikuluak. Berria egunkariaren Tartea gehigarriak ez du interneten tarterik. Luistxori esker dago sarean artikulua. Beno, Luistxo eta Idoia Etxeberria kazetariari esker, honek bidali ziolako eibarnautari bere lana.

Laster harritzekoa izango da Berriaren gisako komunikabide batek blog-ik ez izatea edo RSS feed irakurgailurik ez izatea. Espainiako komunikabideak hasi zaizkigu blog-ak eskaintzen, Diario Vasco barne. Harritzen nau Berriak olatu hau lehenagotik ez hartzea. Derrigorrez hartu beharko du laster.

Gogoan dut 1996ko Atlantako Joku Olinpikoetan Euskaldunon Egunkariak nola bidali zituen bi kazetari gure informazio gosea asetzera. Orduan e-mail-a erabili zutela uste dut. Beren kroniketan harro kontatzen ziguten Imanol Murua Uriak eta orain gogoratzen ez dudan lankideak Diario Vascorentzat lanean ari zirenek nola flipatzen zuten komunikabide txikiko kazetariek zein erraz eta azkar bidaltzen zituzten beren lanak, zer azpiegitura gutxi behar zuten. Hau da, ttikiak aurrea hartu zion Gipuzkoako erraldoiari.

Orain alderantziz gertatzen ari da. Hala ere, honetaz dakitenek diote Vocento taldea oker dabilela blogen kontu honekin. Badago tarterik beraz buelta emateko. Laster RSS-a (hau ez da Realaren akronimoa) eta blogak izango ditugu Berrian. Derrigorrez.

Artikuluaz ari garelarik, Luistxori galdetzen diote zer demontre den bloga? eta bera saiatzen da erantzuten. Bi orrialde blogei eskainiak. Mattinen marrazki polita. Iban Arantzabal, Jabi Zabala eta Julen Gabiria blogarien erretratuak. Patxi Trapero famosoaren oinak izan daitezkeenak ere ageri dira. Eta Edu Mendibil, Mathiasen kopilotua dena, bere blog estreinatu berriari buruz berbetan. Joxe Aranzabal eta Patxi Gaztelumendi ere bai, nola ez ba. Hori bai, neska bakarra ageri da: Iratxe.

Toki guztietan blog, blog, blog ari gara. Jendea urduri jartzen hasia da. Ez dute ulertzen. Teknologiei beldur diegu. Berrikuntzei beldur diegu.

Bloga, bloga, marinela esan beharko diegu tradizioa modernizatzeko?

Ertza Artegunea: Berandu eta Ixuriak Ernest Lluch-Amarako kultur etxean

Mikel Iturria 2005/03/12 11:23

Martxoaren 10etik ikusgai dago Ernest Lluch-Amarako kultur etxearen erakusketa aretoan Berandu-Destiempo instalazioa. Martxoaren 17an, berriz, Ixuriak izeneko emanaldia eskainiko du Gaizka Sarasolak.

"Berandu-destiempo"ren abiapuntua Ricardo Vicente idazlearen testu bat da. Testu hori oinarri hartuta, 11 argazkilariei argazki bana eskatu zien Ertza Arteguneak. Beste 11 musikariek jaso zuten argazki horietako bana eta musikaren bidez interpretatu zuten. Argazkiak eta musika piezak "Berandu-destiempo" izeneko liburu-CDan jaso ziren. Esperimentazioa, bertako zein kanpoko artistak, argazkigintza eta musikaren uztarketak dira nagusi.

Hauek dira parte hartu duten argazkilariak: Jordi Bernadó, Anja Naumann, Jorge Llorella, Asier Larraza, Asier Gogortza, Xabier Ubeda, Mat Austin, Ima Paralux, Maria Irazoki, Iñaki Telletxea, Eñaut Agirre; musikariak: Fernan Irazoki, Mikel Irazoki, Soundcheck, Iñigo Telletxea, Beñardo Goietxe, Xabier Erkizia, Joseba Irazoki, Ibai Gogortza, Gaizka Sarasola, Maikel eta Xabi Iturria; testuak: Ricardo Vicente.

Liburu-CD-an jasotakoak erakusgai egon ziren Euskal Herriko zenbait herritan (Bera, Lesaka, Azkoitia eta Gasteiz). Esan bezala pasa den ostegunean inauguratu zen Donostian, hiru musikarik eginiko inprobisazio saioarekin: Maikel, Soundcheck eta Ibai Gogortza. Martxoaren 23a arte ikusgai.

Erakusketa ikusteko egun polita izan daiteke martxoaren 17a. Egun horretan, arratsaldeko 19:30etan, Gaizka Sarasola musikari lesakarrak "Ixuriak" emanaldia eskainiko du.

Emanaldia Xabier Erkizia eta Gaizka Sarasolak elkarlanean sorturiko izen bereko diskoaren ildotik joango da; kasu honetan, Gaizkak Iñigo Telletxea musikariaren laguntza izango du mendi eta txoko berexietako soinuekin jolas egiteko. Kanpoko soinu eta giro desberdinak ekarriko dituzte, hauen gainean musika sortzen joango direlarik, tradizioa eta esperimentazioa uztartuz doinu eta erritmoak giro desberdinekin harremanetan jarriz.

Bien bitartean, Mairu Antzerki Tailerrak, doinu eta giroek eragindako sentsazio, ideia eta oroitzapenetatik sortutako hitzak ikuslegoari helaraziko dizkio.

Saioa Erakusleihoa programaren barruan dator, arte adierazpen ezberdinak lotzen dituzten sortzaileek formatu txikiko ikuskizunak jendaurrean ezagutzera emateko 2004 urtean sortutako egitasmoa. Ekitaldia doakoa izango da.

Blogak, Sagardoa eta Txakolina (BST)

Mikel Iturria 2005/03/09 21:57

Eibar.org elkartearen azken afarian eta Joxe Aranzabalen liburuaren Donostiako aurkezpenean, B&B egin behar genuela aipatu genuen.

Ba, blogari jaun-andereak, Elgetako Espaloiak hartu du lekukoa eta antolatu du BST apirilaren 17rako

Gauzak normal joanez gero, hantxe egongo naiz.

Gora BeSTa!!!

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter