Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea VI: Instalazio erraza

e-gor 2004/11/30 00:00
Nola instalatu MythTV zure ekipoan
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea VI: Instalazio erraza

Irudia: www.knoppmyth.com

Artikulu honetan MythTV instalatzeko dagoen modurik errazena azalduko dut (nire ekipoan erabili ezin izan nuena, bide batez).

Ni nahiko berria naiz Linux munduan. Hainbat ekipotan pare bat distribuzio ezberdin instalatu izan dut, baina instalazio ohiko eta sinpleak beti. Eta erabiltzen dut batzutan, baina ia beti interfaze grafikotik. Komando-lerroaren bidez gauzak egitea, konfigurazio-fitxategiak eskuz editatzea, programak konpilatzea... ez dut askotan egin, egin dudanetan beste aukerarik ez zegoelako eta beti interneten adibideak begiratuta. Egin behar izan dudanetan (automatikoki hardware bat detektatu ez didalako, paketeren baten bitarrik ez dagoelako...) ez dut esperientzia onik izan: batzuetan ez dut lortu behar nuena (hardwarea martxan jartzea, paketea konpilatzea...) eta lortu dudanetan asko kostata izan da (dependentziak, erroreak...).

MythTV-k modulu ugari ditu eta hardware ezberdin asko behar du funtzionatzeko. Bere dokumentazioan bertan dio ez dela erraza MythTV konpilatu eta instalatzea (nahiz eta dokumentazio oso ona duen). Horren aurrean, ni ez nintzen normalean horrelako proiektu baten sartu izango.

Baina badago MythTV-rentzat berariaz egindako Linux distribuzio bat, KnoppMyth. Knoppix-en oinarrituta dago (Debian bat da, beraz) eta MythTV gure ordenagailuan erraz jartzeko pentsatuta dago. Ordenagailua KnoppMyth-en CD-tik abiarazten badugu, Knoppix sistema bat instalatuko digu gure ordenagailuan, MythTV aurrez konpilatuta duena, MythTV-rekin erabiltzen den hardware guztia instalatuta eta konfiguratuta duena eta abioan MythTV automatikoki irekitzen duena.

Hau erabili behar baduzu, OHAR GARRANTZITSU BAT: "Auto install" bat du, zeinak DISKO GOGOR GUZTIA ezabatuko digun, berak behar dituen partizioak sortu eta instalatzeko. Disko gogor huts batetik abiatzen bazara ongi, bestela eskuzko instalaziora sartu, non zuk esaten diozun zein partiziotan instalatuko duen sistema eta zeinetan datuak, eta orduan besteak ukitu gabe instalatuko dizun (partizioak aurrez sor ditzakezu edo instalazio prozesuan bertan).

Nik KnoppMyth hau probatu nuen nire ekipo zaharrean, eta nahiko erraz egin zuen dena. Ekipo horretan ez nuen txartel sintonizatzailerik eta beraz, ezin nuen telebistarik ikusi ez programak grabatu, baina beste guztia probatzeko aukera izan nuen: internetetik programazioa jaitsi (ETB1 eta ETB2 barne, eta programei buruzko informazio piloarekin), grabazioak programatu (aukera mordoarekin), eguraldia ikusi (uneko eguraldia, tenperatura, presioa, haizearen abiadura eta norantza, hezetasuna, eguzki izpien erradiazioa... eta hurrengo lau egunetako iragarpena, azken orduetako satelite bidezko irudiez gain), beste bideoak ikusi, argazkiak ikusi, musika entzun eta abar.

Hainbeste gustatu zitzaidan eta instalazioa hain erraza iruditu zitzaidan, ekipoa erostea erabaki nuela, bertan MythTV instalatzeko KnoppMyth erabiliz.

Baina gero gauzak ez ziren hain errazak suertatu...

Aurreko artikuluak:

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea V: Nire ekipoa

e-gor 2004/11/25 00:00
Nola aukeratu nuen nire ekipoa
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea V: Nire ekipoa

Irudia: Asus

Atal honetan nire ekipoa nola osatu dudan eta osagaiak zeren arabera aukeratu ditudan azalduko dut (tartean, egin ditudan huts egiteak beste inork egin ez ditzan laguntzeko).

MythTV-ren ahalmenek liluratuta, etxerako beste ordenagailu bat erostea erabaki nuen (nire neskalagun onaren baimenarekin). Beste aukera bat neukan ordenagailuari falta nuen hardwarea erostea zen (txartel sintonizatzailea eta urruneko managailua batez ere), baina orduan etxekoren batek telebista ikusi edo zerbait grabatu behar bazuen ezin izango nuen ordenagailuan lan egin (orain ere gertatzen zaigu internetetik jaitsitako zerbait edo DVD bat telebistan ikusi behar dutenean nik lanik ezin egin izatea). Beraz, onena beste ekipo bat erostea zen. Gainera, ordenagailu hori ia beti piztuta egongo zen (programatutako gauzak grabatzeko-eta), eta horrela beste zerbitzu batzuk ere eman ahal izango nizkion (amule beti martxan izatea eta agian, IP finkoa kontratatuz gero, posta zerbitzaria, web zerbitzaria ZOPE-rekin, eta horrelakoak).

Ordenagailu hori bideoaren tokian jarriko nuenez, kutxa zapal polit bat duen ASUS Pundit bat erosi nuen, Errenteriako EOS Computers dendan (Linux-en inguruan asko dakien aurkitu dudan denda bakarra). Eta hauek dira osagaiak:

  • Disko gogorra: 200 GB-ko Serial ATA diskoa (gero, nire usteen kontra, arazo-iturri izan dena).
  • Interneterako konexioa: etxean Euskaltel-en kable-modema dudanez eta honek sare-konexioa duenez, Pundit-aren oinarrizko plakaren sare txartela nahikoa izango zela pentsatu nuen, sare-txartel gehienak ongi dabiltzanez nirea ere ongi ibiliko zela pentsatuta (hau ere oker).
  • Txartel sintonizatzailea: MythTV-ren dokumentazioan asko hitz egiten du Hauppage WinTV PVR-250 eta Hauppage WinTV PVR-350 txartel sintonizatzaileei buruz (hauek nola instalatu eta abar), beraz ziurrenera jo nuen eta Hauppage WinTV PVR-350 modeloa erosi (250arekiko diferentzia du honek telebistarako irteera ere baduela, hardware bidezko MPEG2 dekodifikazioarekin).
  • Telebistarako irteera: Pundit-ak badu bere telebistarako irteera, baina ez nuen begiratu bazebilenentz, txartel sintonizatzaileak bazeukalako.
  • Soinu-txartela: ikusi nuen Pundit-ak dakarrena badabilela Linux-ekin, beraz listo.
  • Urruneko managailua: Hauppage WinTV PVR-350 txartel sintonizatzailearena badabilela ikusi nuen.

Instalazio prozesuaren azalpenak hurrengo baterako utziko ditut.

Aurreko artikuluak:

"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña", mugarria euskal komikigintzan

e-gor 2004/11/24 00:00
Patxi Gallegoren "comic-book"ari buruz gehiago
"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña", mugarria euskal komikigintzan

Irudia: Patxi Gallego

Joan den astean aurkeztutako Patxi Gallegoren "Pololoak I - Poxpoliñen lurriña" komikiaren argitaratzea berri ona da euskarazko komikigintzan, hainbat molde hausten baititu.

Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak aurkezpenean esan bezala, "komikigintza oso gutxi landu da Euskal Herrian, are eta gutxiago euskaraz, are eta gutxiago helduentzako". Nik gehituko nuke "are eta gutxiago euskal gaiei edo Euskal Herriari buruzkoa, are eta gutxiago ikuspegi kritiko, ironiko, politikoki ez zuzen eta sexualki esplizitu batetik". Alde horretatik, lehenengoa dela esango nuke.

Euskal Herrian egin izan den komikigintza gehiena gaztelaniaz egin da. Euskaraz oso gutxi egin da, eta egin dena beti izan da hauetakoren bat:

  • Haur eta gaztetxoentzat: Ipurbeltz, bertatik ateratako pertsonaien ingurukoak (Prontxio eta Martxelino, Mintxo... nire garaian)...
  • Euskal tradizio, historia eta mitologiari buruzkoak: Justin Hiriart, Gartxot, Basakumeak...

Helduentzat ezer gutxi egin da euskaraz. Tira, esango didazue aurreko ataletakoak helduentzat ere izan daitezkeela, eta ados nago, esan nahi nuen soilik helduentzat berariaz eginikoak. Eta egin dena itzulpena izan da (Sauré etxearen Jeremiah, Kondoi Hiltzailea...), baina hori ezin da euskal komikigintza kontsideratu.

Napartheid aparta izango zen euskaraz helduentzako komikigintza landu duen bakarra. Hau ere, euskaraz izateaz gain, kritikoa, euskal munduaren ingurukoa eta zuzena da. Baina comic-book formatuan, uste dut esan daitekeela hau dela lehenengoa.

Gainera badirudi Elkar-ek gogor egin duela apustu honegatik. Prentsaurrekoa eman zuten Koldo Mitxelenan, euskal komunikabide gehienetan agertu da... Berri ona da euskal komikigintzarentzat giganteek horrelako apustua egitea, eta eskertzekoa beraz. Hala ere, kritikatxo bat egin nahiko nuke: aurkezpena egin eta hurrengo egunean Donostiako Bilintx-en ez zeukaten, eta Megadenda eta Elkar-eko webguneetan ez dago nobedadeen artean.

Obra hau mugarria da, beraz. Baina hori izateak badu bere alde txarra ere: muga gaindituko den edo ez obraren esku dagoela hein haundi baten. Esan nahi dudana da azkenean ausartu direla euskaraz horrelako zerbait argitaratzen, baina gero benetan emaitza ez bada ona eta kalitatezkoa, gerta daiteke gero berriz ere beste urte batzuetan ezer ez ateratzea...

Tira, nik eskuratu dut obra eta hurrengo baten idatziko dut horren kritika.

Erlazionatutako artikuluak:

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea IV: MythTV instalatzeko ekipoa

e-gor 2004/11/20 00:00
Nola aukeratu MythTV-rentzako hardwarea

Zure ekipoak lehenago aipatu izan dugun hardwarea badu, zuzenean proba dezakezu MythTV ea ondo dabilen berarekin. Baina MythTV-rekin erabiltzeko ekipo bat erosi behar baduzu (nik bezala), ondo aukeratu hardwarea, gero arazorik ez izateko eta instalatu MythTV instalatu ezin diozun ekipoa ez izateko.

Lehen esan nuenez, MythTV-k Linux-en gainean funtzionatzen du. Linuxek sistema eragile zabalduagoa bihurtzeko duen arazorik handienetakoa da, nire ustez, hainbat hardwarerekin duen bateragarritasun eza. Esperientziagatik diot. Horregatik komeni da ekipoa aukeratzean aurrez ziurtatzea Linux-en ibiliko dela, gero ezusteko ezatseginik izan ez dezagun. Horretarako internetera jotzea da onena.

Aurreko baten esan bezala, hau da behar dugun hardwarea:

  • Disko gogorra: normalean ez dago inkonpatibilitate arazorik hauekin (normalean diot, baina kontuz!, nik izan dut eta, geroago ikusiko duzuen bezala).
  • Interneterako konexioa: aurrez ziurtatu internetera konektatzeko erabiliko dugun medioa (modema, kable-modema, adsl-modema edo sare-txartela) Linux-en badabilela; kable- eta adsl-modem modelo askok arazoak dituzte; modem normalek ere bai, batez ere winmodem delakoek (ikus winmodems are not modems orria), nahiz eta horietako batzuk martxan jarri ahal diren (ikus linmodems.org orria); sare txartela da aukerarik ziurrena (router bati konektatuta, noski), nahiz eta horiekin ere sorpresak izan ditzakegun (nik bezala).
  • Txartel sintonizatzailea: Linux-en txartel sintonizatzaileak kontrolatzeko Video4Linux APIa erabiltzen da; horren azpian txartel mota ezberdinentzako driver ezberdinak daude, eta driver horien webguneetan lor dezakegu maneiatzen duten txartelen zerrenda; bt848 eta bt878 chip-a duten txartel sintonizatzaileentzat bttv driver-a dago, hardware bidezko MPEG2 konpresioa egiten duen iTVC15 familiako chip-a dutenentzat ivtv driver-a (familia honetakoak dira Hauppage WinTV PVR-250 eta -350 txartelak, MythTV-ren dokumentazioan asko aipatzen direnak), webcam-entzat usbvision driver-a...
  • Telebistarako irteera: orokorrean, txartel grafiko gehienak ongi dabiltz Linux-en gauza ohikoak egiteko, hau da, Linux-en eta X-Windows -en lana egiteko; baina txartel grafikoen funtzio aurreratuak erabiltzeko (3D azelerazioa, telebistarako irteera...) NVidia txartelak hobe dabiltz ATI txartelak baino; hau horrela da NVidia etxeak berak egiten dituelako bere txartelentzako Linux-erako driver-ak (nahiz eta libreak ez diren), ATI etxekoentzat Linux komunitateak egin behar izaten dituelako.
  • Soinu-txartela: ALSA driver-a erabiltzen da gaur egun Linux sistemetan soinu-txartelak kontrolatzeko; bertan begiratu dezakegu gure modeloa ba ote dabilen.
  • Urruneko managailua: txartel sintonizatzaileek ekartzen dituzte, edo bestela bat eros dezakezu (kontuz, ez telebista eta bideoarentzako managailu horietako bat, ordenagailuarentzako baizik, seinale-jasotzailea ere duena); hauentzako kontrolagailua Linux-en lirc da; bere webgunean ikus dezakegu zeintzuk badabiltzan berarekin.

Hurrengo atalean nire ekipoa nola aukeratu nuen azalduko dut.

Aurreko artikuluak:

"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña" kalean

e-gor 2004/11/17 00:00
Patxi Gallegoren "comic-book"a aurkeztu da

Azken urtean prestatzen egon ondoren, Patxi Gallego errenteriarrak atera du hainbeste itxaroten nuen comic-booka. Bere estilo sarkastiko, garratz, esplizitu eta politikoki-ez-zuzena ezagututa, ziur merezi duen lana izango dela.

Errenteriako Lau Haizetara euskara elkarteak argitaratutako izen bereko hilabetekarian ezagutu nuen Patxiren lana. Adopzioz errenteriarra izan arren, ez naiz bertako natiboa, eta normalean ni bezalakoei herri aldizkariek ez dizkiete bertan jaiotakoei besteko interesik sortzen. Baina Patxiren tira irakurtzeko irrikitan egoten nintzen. Ez zen beste euskarazko herri aldizkarietako tirak bezala, non irakurlego euskaldun eta askotarikoa (tartean nagusiak direla) errespetatzen saiatzen diren. Patxiren tirak oso barregarriak ziren, kritikatu behar zena zuzenean kritikatzen zuen, umore azidoz. Gogoan dut urte berria zetorrela-eta egindako tira bat, non hurrengo urtea aurrekoa bezalakoa izatea opa zigun, aurreko urteko irudiak sartuz: horietako baten beltz argal eta biluzi bat ageri zen, beste tipo potolo, trajedun eta purodun bat popatik ematen ari zitzaiola!

Gero Sauré etxeak argitaratu zion John Vaina lana aurkitu nuen behin kasualitatez Durangoko Azokan. Ez nekien lan hori existitzen zenik ere, Patxik ez zidan inoiz aipatu. Gero jakin nuen ez zegoela oso harro lan horren edizioaz. Egia esan, Sauré argitaletxeak ez zuen lan onik egin: Epifanio izeneko beste lan batekin batera atera zuten, beste egile batena eta guztiz testuzkoa, bataren eta bestearen orriak tartekatuz; eta azala... azalean egin zutena txapuza izugarria zen, ez zuen barkamenik... Baina Patxiren lana ona zen, barregarria oso.

Bere beste lan bat ezagutu nuen ondoren. Infomart argitaletxeak (Nafarroako Foru Aldundiarekin batera uste dut) argitaratu eta Orreaga Ibarrak idatzitako Nafarroako euskalkien inguruko liburu bat ilustratu zuen. Baina ez zen ohiko ilustrazioa. Euskalki bati buruzko atal bakoitza komiki batekin laguntzen zuen. Lan polita hau ere, nahiz eta besteak baino zuzenagoa izan.

Eta azken urtean orain Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri den lana prestatzen ibili da. Lanaren sketch batzuk ikusi nituen Errenteriko Gaspar tabernan egindako erakusketa baten, eta oso orijinala iruditu zitzaidan. Euskal tradizioko mundua (poxpoliñak, errepresio sexuala...) eta gaur egungoa (sexu-askapena, gatazka politikoa...) nahasten ditu. Pololoen misterio sugerentea, neska jarraitxuen enkantua...

Ba atzo aurkeztu zen lan berria Koldo Mitxelenan. Hurrengo baten idatziko dut berari buruz.

Erlazionatutako artikuluak:

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea III: MythTV

e-gor 2004/11/13 00:00
MythTV softwarea zer den
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea III: MythTV

Irudia: MythTV

PVR eta multimedia-zentro oso bat zure ordenagailuan muntatzeko, MythTV software egokia duzu.

Ordenagailuak PVR baten funtzioak egin ahal izateko software ugari dago, aurreko atalean ikusi genuenez. Zergatik aukeratu dut ba MythTV? Arrazoi hauexegatik:

  • Librea delako
  • Aldizkari baten besteak baino hobeagoa eta konpletoagoa dela irakurri nuelako
  • Bakoitzaren webguneetan dokumentatuta niri ere hala iruditu zitzaidalako
  • Itxura aldetik ere politena iruditu zitzaidalako, eta gainera skin edo itxura ezberdinak jar dakizkiokelako

MythTV-k PVR guztiek dituzten funtzioak ditu, hau da:

  • Grabazio guztiak disko gogorrean izatea
  • LiveTV funtzioa telebista ikustean
  • Programazioan aukeratuz grabazioak programatzea
  • Publizitatea kentzea

Baina horiez gain, beste ezaugarri hauek ere baditu, aparteko aukerako moduluen bidez (oharra: horietako batzuk beste programetako batzuk ere badituzte):

  • Txartel sintonizatzaile bat baino gehiago izateko aukera (hainbat programa aldi berean grabatu ahal izateko edo leihotxo ezberdinetan hainbat programa batera ikusi ahal izateko)
  • DVDak erreproduzitu, ripeatu eta formatuz aldatzeko aukera (MythDVD modulua)
  • Beste bideo fitxategiak ikusteko aukera (MythVideo modulua)
  • Argazki albumak ikusteko aukera (MythGallery modulua)
  • Bideo-jokoekin jolasteko aukera (MythGame modulua)
  • Musika entzun eta ripeatzeko aukera (MythMusic modulua)
  • RSS bidez berriak irakurtzeko aukera (MythNews modulua)
  • Eguraldia (gaurkoa, iragarpena, satelite irudiak...) ikusteko aukera (MythWeather modulua)
  • Web bidez grabazioak programatzeko aukera (MythWeb modulua)
  • Bideo-konferentzia (MythPhone modulua)
  • Interneteko nabigatzailea (MythBrowser modulua)

Ikusten denez, MythTV PVR soil bat baino gehiago da. Multimedia eta aisia zentru gisa erabiltzeko pentsatua dago. Ordenagailu bat izan dezakegu MythTV-rekin telebistari konektatuta, eta managailu baten bidez (txartel sintonizatzaile gehienekin datoz hauek) etxeko multimedia guztia kudeatu eta ikusi, hainbat informazio jaso internetetik, telefonoz hitz egin... Beraz, horrelako aparatu batek bideo-grabagailua, DVD erreproduzigailua, musika aparatua, ordenagailua eta telefonoa ordeztuko lituzke!

Hurrengo baten kontatuko dut MythTV instalatzen izandako esperientzia.

Aurreko artikuluak:

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea II: PVR-a ordenagailuan

e-gor 2004/11/07 00:00
Nola baliatu PVR-en funtzioez ordenagailu arruntean
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea II: PVR-a ordenagailuan

Irudia: www.byopvr.com

PVR-ak hemen merkaturatu artean, badago aukera sistema horien abantaila eta mirarietaz gozatzeko: ordenagailu normal bat munta dezakezu PVR gisa lan egin dezan, hardware egokia baduzu eta doako softwarea erabiliz. Gaur egun saltzen diren ordenagailu ia guztiek dute PVR gisa erabiltzeko hardwarea. Hori nola egin azaltzen duten webgune ugari ere badago (Build Your Own PVR adibidez). Aurrekoan aipatutako PVR-en ezaugarriak kontuan izanik, hau da beharko dugun hardwarea:

  • Disko gogorra: PVR-ak disko gogorrean oinarritutako bideo-grabagailuak direnez, disko gogor bat beharko dugu; hau gaur egungo ordenagailu guztiek dakarte.
  • Interneterako konexioa: telebistako programazioa jaitsi ahal izateko, interneterako konexioa behar dugu; hau ere ia ordenagailu berri guztiek dute, dela ADSL, kable edo modem bidez.
  • Txartel sintonizatzailea: telebistako programak grabatu ahal izateko, gure ordenagailuak telebista ikusi ahal izatea behar dugu; horretarako erabiltzen dira txartel sintonizatzaileak; hauek ere gaur egungo ordenagailu berri askotan datoz, eta bestela ere oso merkeak dira.
  • Telebistarako irteera: ez da derrigorrezkoa, ordenagailuaren monitorean ikusi baitezakegu PVRa, baina bai beharrezkoa telebista aparatuan ikusi nahi badugu; hauek ere gaur egungo txartel grafiko gehienetan daude.
  • Soinu txartela: beharrezkoa telebista eta programak ikusteaz gain entzun ere egin nahi baditugu; hauek ere edozein ekipotan daude.
  • Urruneko managailua: hau ez da derrigorrezkoa, nahi badugu teklatuaz kontrola baitezakegu gure PVRa (gaur egun kable gabekoak oso ohikoak dira), baina erosoa bada; txartel sintonizatzaile gehienek badakarte, edo bestela aparte eros daiteke.

Hardwarea edukiz gero, hardware hori guztia PVR gisa lan egiten jarriko duen softwarea behar dugu. Horrelako software asko dago. Gama altuko txartel sintonizatzaile batzuk beraiekin badakarte PVR-en funtzio gehienak egiteko softwarea. Windows plataformarako ere horrelako doako softwarea badago (GB-PVR adibidez). Eta Linux -erako badago software libre ugari: VDR, Freevo, MythTV...

Nik MythTV zer den, nola dabilen eta berau instalatzen izandako esperientzia azalduko dut hurrengo ataletan.

Aurreko artikuluak:

MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea I: PVR-ak

e-gor 2004/11/01 00:00
PVR-ak (Personal Video Recorder) zer diren
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea I: PVR-ak

Irudia: Tivo

Etxean telebistaren ondoan VHS bideo-grabagailu bat duzu eta laster gero eta merkeago dauden DVD grabagailu horietako bat erostekotan zaude? Ez ezazu dirua bota! Itxoin apur bat gehiago PVR-ak hemen merkaturatu arte, edo egin zuk zeuk zure PVRa.

Zer da PVR bat? PVR-k Personal Video Recorder esan nahi du. Bideo-grabagailuen hurrengo generazioa da. Bideo-zintetan oinarritutakoak izan ziren lehenengo, eta oraindik ere hori da gure etxeotan gehien ikusten dena. Gero duela urte pare bat DVD grabagarrietan oinarritutakoak etorri ziren, orain artean gutxi ikusi direnak beraien prezioa dela-eta, baina prezioa jaisten doan neurrian gero eta gehiago ikusten direnak. Baina hurrengo generazioa existitzen da jada, nahiz eta hemen oraindik ez den merkaturatu.

Hurrengo generazioa disko gogorrean oinarritutakoak dira, PVR izenez ezagutzen direnak. Hemen ez dira oraindik merkaturatu, baina AEBetan badira urte batzuk badaudela, eta hona ere iritsiko dira. Teorian luze gabe hemen egon beharko lukete, baina, ziurrenik interes komertzialak medio, atzeratzen ari da. Seguru aurrez DVD grabagailu asko saldu nahiko dituztela, egindako inbertsioa amortizatzeko, eta gero etorriko dira esaten teknologia hori hilda dagoela eta etorkizuna hurrengo generazioa dela (telefono mugikorrekin egiten duten gisan).

Disko gogorrean oinarritutako PVR hauek abantaila garbia dute DVD grabagailuekiko: ez duzula DVDak sartu eta atera ibili beharrik. Disko gogor handi bat duzu eta hor dauzkazu grabatutako filma edo programa guztiak, menu batetik aukeratu eta nahikoa. Baina ez da hori bakarra:

  • PVR aparatu horiek interneterako konexioa dute, eta konexio horren bidez telebista-kateen programazioa jaisten dute zerbitzu hori eskaintzen duen webgune batetik. Horrela grabatu nahi duguna ez daukagu era klasikoan programatu beharrik (katea - eguna - hasiera ordua - bukaera ordua), programazioan programa aukeratu eta kitto.
  • Horrela, programazioan edo ordutegian aldaketarik badago ere, ondo grabatuko digu programa (baldin eta aldaketa iragarri badute eta interneteko programazio zerbitzuan jarri badute).
  • Gainera, serie bateko kapitulu guztiak grabatzeko esan diezaiokegu, eta oporretara joan lasai...
  • Grabatutakotik publizitatea detektatu eta ezabatu daiteke automatikoki.
  • Disko gogorrean posible denez aldiberean idatzi eta irakurtzea, Live TV funtzioa erabil daiteke. Zer den hau? Ba programa bat ikusten bagaude eta zerbaitek eteten bagaitu (kakagureak, telefono dei batek...), programa hori pausatu eta gero ikusten jarraitzeko aukera. Bideo-grabagailu konbentzionalean grabatzen jar dezakegu, baina gero dena hurrengo egunean ikusteko, handik ordu laurdenera amaitzen dugunean ezin baitugu grabatutakoa ikusten hasi grabazioa gelditu gabe... Live TVren pausa-funtzioa grabatzen hasiko da, baina itzultzen garenean grabatutakoa ikusten has gaitezke berak grabatzen jarraitzen duen bitartean.

Esan bezala, AEBetan badaude horrelako asko. Informatikari askori ezaguna egingo zaizue agian TiVo (slashdot-en sarri aipatzen duten PVRa, Linux-en oinarrituta baitago). Hona ere etorriko da, interes komertzialek baimentzen dutenean. Baina bitartean, zuk zeuk egin dezakezu PVR bat ordenagailu batekin eta MythTVrekin...

...jarraituko du...

Informatika atalaren aurkezpena

e-gor 2004/10/26 02:00
Zer lortu nahi dudan atalarekin

Informatikan egiten ditudan ibilera eta aurkikuntzen berri ematea da atal honen helburua, beste batzuei lagungarri suerta dakiekeelakoan. Hemen ere, komikietan bezala, kolaborazioak onartzeko prest nago.

Xabier Mendiguren eibar.org-eko kidearen blogeko aurkezpenaren antzeko zerbait egin beharko banu, hau esango nuke: informatikaria naiz formazioz, informatikaria ofizioz, informatikaria afizioz, informatikaria bokazioz, informatikaria bizioz, informatikaria bedeinkazioz edo madarikazioz (eta bestela galdetu neskalagunari!). Tira, pixka bat exageratu dut, hori ez da nire fazeta bakarra (ikus bestela komikien atala), baina nire alde garrantzitsu hori islatuko da atal honetan.

Komikien atalaren aurkezpena

e-gor 2004/10/25 02:00
Zer lortu nahi dudan atalarekin

Ez dago gune askorik euskaraz komikien inguruan aritzeko, eta blog honen atal honen bidez hutsune hori betetzen lagundu nahiko nuke.

Ez guztiz, noski, zeren ez da foro guztiz ireki bat. Blog pertsonal bat da, eta nik dut bertan publikatzeko ardura eta baimena. Baina gune irekia izateko intentzioarekin jaio da gune hau, eta komikiren baten inguruko artikulu bat euskaraz idatzi nahi duenak ateak zabalik ditu hemen publikatzeko, niri bidaltzea besterik ez du. Eta bestalde, erantzunen aukera guztiz irekia izango da.

Nire asmoa noizean behin egiten ditudan aurkikuntzen eta nire komiki kuttunen berri ematea da, eta beste edozeini ere aukera ematea bertan horrelako gauzak publikatzeko. Euskarazko komikigintzari arreta berezia jarri nahi nioke, baina ez da soilik euskarazkoa tratatuko, bestela urtean behin soilik publikatuko nuke zeozer!

Ez da blog honen helburua komiki munduan dauden berri guztiak (komiki berriak, feriak...) publikatzea, beraz ez beza inork horren bila jo edo haserretu ez dugulako zerbaiten berri eman. Blog xume honen baliabideak murritzak dira, eta helburua noizbehinka komentario batzuk idaztea da, besterik ez. Baina nork daki, bertan laguntzeko prest dauden kolaboratzaile asko agertuz gero, agian bihur daiteke komikigintzako notizien euskarazko gunea egunen baten...

Euskara eta komikigintza, bi mundu txiki eta marjinal... Zenbat jende egongo da bi afizioak dituena? Eta gainera interneten ibiltzen dena? Inork irakurriko al du hau? Batzutan pentsatzen dut masokista naizela...

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10