e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Nobela grafikoari buruzko mahaingurua Donostian
Donostian ospatzen den Literaktum, Letren eta Lengoaien Festaren programaren barruan, nobela grafikoari buruzko mahaingurua antolatu dute maiatzaren 25eko arratsaldeko 19:30ean, Ernest Lluch Kultur Etxean. Mahaingurua Juan Manuel Diaz de Guereñuk, 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina 1976-2006 liburuaren egileak, moderatuko du, eta Borja Crespo eta Félix Romeok hartuko dute parte. Ez galdu!
"Xabiroi" komiki-aldizkariari buruzko erreportajea "Sautrela"-n
Irudia: Sautrela
Joan den asteko ETBko Sautrela literatura saioan Xabiroi komiki-aldizkariari buruzko erreportajea eman zuten. Denboraldi honetan hirugarren aldia da literaturari buruzko saio honek komikiari buruz hitz egiten duela, Tintin-en 80 urteeri eta Zaldieroari eskainitakoen ondoren.
Oraingoan ere oso erreportaje majoa egin dute Xabiroiren inguruan, bertan idazle eta komikigileek duten elkarlana azpimarratuz, eta literatura eta komikiaren arteko ezberdintasunetan sakonduz. Muntaia ere ikaragarri txukuna da, elkarrizketatuak eta bestelako irudiak mugitzen diren biñetetan sartuz. Patxi Zubizarreta idazleak, Asisko Urmeneta irudigileak eta Dani Fano komikigile eta Xabiroiko editoreak gauza ezin interesgarriagoak esaten dituzte bertan. Ez dezazula ikusi gabe utzi!
"Ganorabako" komiki-lehiaketak baditu irabazleak
Sarritan izan dugu hizpide blog honetan Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketa. 2009ko edizioan 89 lan aurkeztu dira, 32 Euskal Herrikoak eta besteak Kataluniakoak, Madrilekoak, Andaluziakoak eta Amerikakoak. Rober Garay komikigileak, Danimaiz Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak eta Carlos Cristobal Borra kazetari eta komiki kritikariak osatutako epaimahaiak erabaki ditu jada 2009ko edizioaren irabazleak, eta katalanek eraman dituzte hiru sari nagusiak. Hemen duzue lan irabazleen zerrenda:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Xavier Tarregaren Saloon
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: David Muñoz eta Javi Fernandezen Love & Dinosaurs
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Jose Angel Labariren Cuerda
- Euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua: Aitor Urkiolaren Bidaiaria
- Basauriko egile onenaren saria, 300 eurorekin hornitua: Eugenio Lasarteren Cosas de mi ex
Horiez gain, iazko eta beste urte batzuetako lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean. Gainera, web gune guztia elebitan dago. Ekimen txalogarria benetan.
Hala ere, aurreko urteetan bezala, kritikatxoa egin nahi nuke... Nire ustez, komikiak web gunetik bertatik irakurtzeko aukera eman beharrean (edo aukera emateaz gain), CBZ edo CBR formatuan jaisteko aukera ere eman beharko litzateke, gero norberak bere ordenagailuan offline irakurtzeko aukera ere izateko. Formatu hau ZIP edo RAR bidez konprimitutako JPEG irudiak dira, eta ordenagailuan irakurtzeko, CDisplay programa erabil dezakezu Windows-en eta CBView , Comix edo CBRPager Linux-en.
"Mundu digitala" atal berria egingo dut aurrerantzean Elhuyar aldizkarian
Aste honetan aurkeztu dute Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkari berritua. Maiatzeko aletik aurrera, hainbat aldaketa izango ditu Elhuyar Fundazioak ateratzen duen aldizkariak: diseinu eta formatu berriak, informazioaz gain hausnarketa, ulerterrazagoa, zorroztasuna galdu gabe ikuspegi berritzaile eta modernoago bat, komiki eta ilustrazioen presentzia handiagoa, eta atal eta kolaboratzaile berriak. Maiatzeko ale horren lagin bat hemen ikus dezakezue. Benetan aldaketa nabarmena egin dute, eta benetan lehen baino are interesgarriago eta erakargarriago bihurtu dute aldizkaria.
Aipatutako atal berri horietako bat Mundu digitala izenekoa izango da, eta kolaboratzaile berri horietako bat atal horretaz arduratuko naizen ni neu. Aurrerantzean, hilero pare bat orri idatziko ditut aldizkari horretan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruz. Informatikaren munduko azken aurrerakuntza edota tendentziak modu dibulgatzaile eta ulerterrazean azaltzen saiatuko naiz, eta lanbide ditudan hizkuntz teknologiek ere presentzia izango dute bertan. Lehenengo ale honetan, Web Semantikoari buruzko bi artikulutako serie baten lehenengoa irakurri ahal izango duzue.
Elhuyar aldizkariaren eduki guztia Zientzia.net webgunera ere eramaten da, baina paperezkoa ateratzen denetik bi hilabete pasatu bitartean, harpidedun izan ezean, sarreratxo bat soilik irakur daiteke, harpidedunentzako abantaila gisa. Nik ere tarte hori errespetatuko dut, baina bi hilabeteok iragan ondoren Mundu digitala atalerako idatzitako artikuluak hemen jarriko ditut, blogak duen Creative Commons CC-BY-SA lizentziapean. Beraz, uztailetik aurrera hilero IKTei buruzko artikuluok hemen irakurri ahal izango dituzue, eta lizentzia libreaz baliatuz nahi duzuenerako erabili, baldintzak betez gero noski (egiletza aitortu eta baimen beraren arabera partekatu). Ea gustuko dituzuen!
I. Euskal OLPC Party-aren kronika
Apirilaren 23an, joan den asteko ostegunean alegia, elkartu ginen OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren XO ordenagailuaren jabe edo zale batzuk, Euskal OLPC Party deitu dugun topaketa informalean. Party horien lehenengo edizio horren kronika duzue hemen, topaketen wikian ere aurki dezakezuena. Bertan ateratako argazkiak ere ikus ditzakezue hemen, eta Irutxuloko Hitzan idatzitako artikulua hemen.
Donostiako Doka Kafe Antzokian elkartu ginen arratsaldeko 18:00etan zazpi lagun: Arrasatetik, Mikel Lopez de Arkaute, Xabat Amiano eta Igor Leturia, Errenteriatik Itziar Nogeras, Adur Bengoetxea eta Izaskun Aldezabal, eta Zarauztik Inko Illarramendi. Guztira 5 OLPC-XO.
Lehenengo ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia kalkulatzeko aplikazioa probatu nahi izan genuen. Horretarako, baina, XO-ak elkarrekin konektatu behar ziren euren WiFi konexioen bidez, eta une jakin batzuetan eta XO konkretu batzuen artean izan ezik, ez genuen sarean elkar ikusten, beraz hori probatu gabe gelditu zen... Gero beste aplikazio batzuk konpartitzea probatu nahi genuen eta hiruren artean lortu genuen testu prozesagailua partekatzea eta hiruen artean editatzea, eta asko gustatu zitzaigun. Hala ere, gehiagotan eta beste aplikazioen artean ez genuen lortu, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi zigun...
Gero ez genuen lortu Dokako Wifi sarera konektatzerik (arraroa, e-gorrek probatua zeukalako Fish&Txips bilkura baten eta ondo zebilen), beraz Tamarindo tabernara joan ginen. Han ordenagailuari aplikazio berriak Internetetik nola instalatu ikusi genuen.
Gero e-gorrek ekarritako Ubuntu sistema Itziar, Mikel eta Izaskunen ordenagailuen SD txarteletan instalatzen jarri genituen. Hori banan-banan egin behar zen eta nahikoa tardatzen zuenez, bitartean Ubuntun nola ibili ikasten aritu ginen e-gorren ordenagailuan: OpenOffice, Pidgin, bideoak, musika... Hala ere, horiek instalatzen amaitu ondoren, ezin izan genuen ordenagailu horiek SD txarteletik Ubunturekin arrankatzea, horretarako garatzaile klabe pertsonalizatua eskatu behar baitzaio OLPC erakundeari, eta 24 ordu behar da eskuratzeko... Hala ere, denok eskatu zituzten beraien klabeak, eta iritsitakoan instalazioaren jarraipena e-mailez egitekotan gelditu ginen.
Bokata batzuk afaldu eta gero 23:00ak aldera etxera joan ginen. Esperientzia polita izan zen, ederto pasa genuen eta lehenengo lekzio horiek eta gero, norberak gehiago saltseatu eta esperientziak elkartrukatzeko berriz biltzekotan gelditu ginen.
I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
OLPC (One Laptop Per Child) garapen bidean dauden herrialdeetako haurren hezkuntza eta etorkizuna hobetzen lagundu nahi duen proiektu bat da, horretarako XO izeneko ordenagailu merke baina zoragarri bat diseinatu duena. Azken bi urteetako udazkenetan kanpaina bana jarri dute martxan bi ordainduta bat eskuratu eta beste bat hirugarren munduko haur bati oparitzeko. Nik 2007koan eskuratu nuen nirea, eta 2008koan (agian nik blog honetan egin diodan propagandak bultzatuta ;-) nire beste ezagun batzuk erosi dute. XO-ak dituen elkarlanerako aukerak probatzeko, beroni ahalik eta probetxurik onena ateratzen ikasteko eta, azken finean, elkarrengandik ikasi eta ondo pasatzeko, OLPC Party bat egitea pentsatu dugu.
AEBetan 2007ko kanpainan 80.000 XO inguru banatu ziren, eta geroztik horrelako topaketa informalak sarri samar egiten dituzte bertako hiri handi guztietan. Euskal Herrian jada XO-a dugun hainbat jende bagaudela aprobetxatuta, I. Euskal OLPC Party-a egingo dugu apirilaren 23an, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian.
OLPC XO bat dugun bost lagun behintzat egongo gara bertan, baina deialdia irekia da. XO bat duen beste edonor ere ongi etorria izango da, eta proiektuan edo ordenagailuan interesa edo kuriositatea duen edonor ere gonbidatuta dago.
Hau da egin asmo ditugun gauzen zerrenda irekia:
- Sugar sistema eragilearen azken bertsioa instalatu
- Sugar sistemari programa berriak gehitzen ikasi
- Sugar sistemaren elkarlanerako aukerak probatu
- Ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia neurtzeko programa probatu
- Sugar sistemakoak ez diren programak instalatzen ikasi (Firefox, Flash, Skype, MPlayer, Pidgin...)
- Ubuntu instalatzen ikasi
Esan bezala, edonor etor daiteke, baina etortzeko asmoa baduzu, topaketaren wikian zure izena gehitzera eta egin nahiko zenituzkeen gauzak edo landu nahiko zenituzkeen gaiak adieraztera gonbidatzen zaitugu. Animatu, ondo pasatuko dugu eta!
Komikiei buruzko jardunaldi teoriko-praktiko eta solasaldi bikainak Bilbon Pazko Astean
Bilbon komikien inguruko bi ekitaldi garrantzitsu izango ditugu Pazko Astean, Alhóndiga Bilbao elkartearen eskutik.
Batetik, Barre egiteko komikiak, negar egiteko komikiak, pentsatzeko komikiak izenburudun jardunaldi teoriko-praktikoak egingo dira, izen ospetsuek gidatutakoak: Paco Roca, Edmond Baudoin, Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza, Antonio Martín eta Manel Fontdevila. 40 orduko iraupena izango dute guztira, apirilaren 14tik 18ra izango dira, goizetan 9:00etatik 13:30era eta arratsaldetan 16:00etatik 19:30era. EHUko Esperientzia Geletan izango dira (Banco España kalea, 2) eta 150 euro kostatuko dute (%50eko deskontua izango dute ikasleek). Interesa baduzu, azkar ibili, izena emateko epea apirialren 7an amaitzen baita. Hau izango da egitaraua:
Asteartea, apirilak 14
- 9:00 - 10:00: Aurkezpena
- 10:00 - 12:00: Komikiaren historia I (Antonio Martín)
- 12:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Komikiaren historia II (Antonio Martín)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Asteazkena, apirilak 15
- 9:00 - 11:00: Komikiaren historia III (Antonio Martín)
- 11:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Umorezko komikia (Manel Fontdevila)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Osteguna, apirilak 16
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Abentura komikia (Paco Roca)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Ostirala, apirilak 17
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Komiki autobiografikoa (Edmond Baudoin)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa
Larunbata, apirilak 18
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Bestetik, eta komikigile edo jakintsu horiek jardunaldiotarako gurera etorriko direla aprobetxatuz, 4 hitzaldi-solasaldi ere antolatu dituzte, egunean bat apirilaren 14tik 17ra, KomiKlub izenburaren pean. Joker komikidendan izango dira (Urkijo kalea, 27), arratsaldeko 20:00etan, eta sarrera doan izango da. Solasaldi horietan guztietan Antonio Altarriba izango da gidari, egun bakoitzean beste norbait lagun izango duelarik:
Asteartea, apirilak 14
- Antonio Martín
Asteazkena, apirilak 15
- Manel Fontdevila
Osteguna, apirilak 16
- Paco Roca
Ostirala, apirilak 17
- Edmond Baudoin
Beste behin ere, komikien inguruan aparteko ekitaldiak antolatu ditu Alhóndiga Bilbaok!
"Gazteak" telesaila, laster ETB3-n!
Gazteak (The young ones), 80ko hamarkadako telesail britainiarra, ETB3-n botako dute laster, ondoko iragarkian ikus dezakezuen bezala.
Berri bikaina! Serie aparta da, oso barregarria eta surrealista, eta talde ezagunek zuzenean jotzen zuten bertan, Madnessek adibidez. Gazteak telesaila euskarazko audioarekin badago salgai DVDan, eta badira hilabete batzuk euskaraz eskuratu daitekeela Euskal Encodings-ekoei esker, baina agian horrela jende gehiagok izango du aukera ikusteko...
Eta ea, gauza puntual bat baino, joera baten adierazgarri den eta ETB3 kanpoko telesailak euskaraz ematen hasten den, berriak ez bada behintzat aspaldikoak, ETBk kanpoko telesailak erosi eta euskaratzen zituen garaikoak. Kostua ez da handia izango, bikoizketa egina dute... Eta kristoren harribitxiak dituzte, gaur egun DVDan ere ezin direnak euskaraz eskuratu, aurreko baten aipatu bezala: Magnum, Emakume bionikoa... Hala bedi!
Helduentzako telesail zaharren DVDak eta euskara
Euskaltzale eta aita naizen aldetik, gu guztion seme-alabek fikziozko ikusentzunezko edukia (film, telesail, marrazki bizidun eta abarrak) euskaraz gozatu ahal izateak arduratzen nau. Edo ezin gozatzeak kezkatu, hobe esan. Blog hau jarraitzen baduzue konturatuko zineten horretaz, azken aldian hainbatetan izan baitut gai hori hizpide...
Haur txikiak diren artean, eskaintza zabal samarra dute. ETBn norbaitentzako euskarazko edukia badute, eurentzako da. Eta dendetan edo liburutegietan ere nahiko erraz eta erruz aurki daitezke haurrentzako film nahiz serieak DVDan. Gaztetxoagoentzat, baina, egoera aldatzen hasten da. ETBn oraindik badituzte beraientzako moduko marrazki bizidun edo telesail batzuk euskaraz, baina DVDan apenas aurki daiteke ezer. Eta helduentzat, ba zer esan... Salbuespen gutxi batzuk izan ezik, ez dago ia ezer euskaraz, ez ETBn ez dendetan salgai.
Azken honetan, gainera, ETBk atzera egin du nabarmen. Lehen, gaztetxo nahiz helduentzako telesail ugari ematen zituen euskaraz: Cagney eta Lacey, Ederra eta piztia, Emakume bionikoa, Magnum, Quantum jauzia, Simon eta Simon, Ilunabar aldea, Epailea eta pilotua, Dallas, Eskugorri taldea, Gazte bizkorrak, Gazteak... Halako batean, baina, ez dakit noiz edo zergatik, ETB kanpoko serieak ETB2n eta gazteleraz ematen hasi zen. Antza, audientzia eta errentagarritasuna garrantzitsuagoak dira euskara baino, nahiz eta telebista publikoa izan, eta euskarazko bakarra... Telesailak gaztelaniaz ikusi nahi dituenak, milaka ditu beste ehunka katetan! Atzerapauso honi onartezina deritzot. Nire semeek, haztean, nik baino panorama okerragoa izan behar al dute?
Baina ETBren kanpoko telesailekiko oraingo politika alde batera utzita, lehengo telesail zahar horietara bueltatu nahiko nuke. Azken urteetan joera dago telesailak, berriak nahiz zaharrak, DVDan ateratzeko. Aspaldi euskarara bikoiztuta eman ziren serieak DVDan irtetean, euskarazko audioa ere izateko ez luke arazorik egon behar, kostu oso txikia izan behar baitu hori egiteak. Eta ez da horrela egiten. Inozoentzat ez omen den elektronika denda handi horretan izan nintzen lehengoan telesailen DVDen atalean. Lau telesail ikusi nituen ETBk bere garaian euskaraz emandakoak: Magnum, Gazteak, Emakume bionikoa eta Sugegorri beltza. Eta horietatik Gazteak eta Sugegorri beltza ziren euskarazko audioa zekarten bakarrak. Badakit nire azterketatxo honek ez duela ikerketa zientifiko baten baliorik, baina ia ziur nago, lagin txiki honen ordez telesail guztiak aztertzerik bagenu, emaitza are okerragoa izango zela... Irudi Txokoa blogean ongi ezagutzen dute euskarazko zine produkzioa, eta etengabe salatzen dute bertan euskarara bikoiztuta dauden filmak euskarazko audiorik gabe ateratzen direla DVDan...
Eta ez dut ulertzen zein aitzakia dagoen hori gertatzeko. Ez dut ikusentzunezko produkzioen mundua ezagutzen, eta pentsatzen dut agente ezberdin asko egongo direla tartean (telebistak, bikoizketa enpresak, produkzio-etxeak, banatzaileak...), baina ez du hain zaila izan behar ere... Euskal erakunde publikoek (ETBk, edo Kulturak, edo HPSk) interesa eduki beharko lukete euskarazko audioak DVDetan txertatzeko, ikuspegi enpresarial hutsetik bada ere (egindako gastu baten errentagarritasun eta aprobetxamendu maximoaren bila alegia).
ETBk aspaldi euskaraz emandako telesail zaharren DVDek euskarazko audioa izateko, ziur borondate politikoa eta gogo apur bat besterik ez dela behar... Eta orain arte hor egon direnek izan ez badute, laster omen datozenei eskatzen joateak ez dut uste askorako balioko duenik... A ze panda... Erruki, Jauna!
Xabiroi 15 kalean
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 15. alea, 2009ko otsailari dagokiona alegia, kalean da jada. Hau da bertan aurkituko dugun edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Sanviren irudiekin
- Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren beste 8 orri
- Sanviren Lauburu Sarjentua istorioa, 6 orrikoa
- Irune Lasak egiten duen KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Edurne Pasabanekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Zaldi Eroaren Arranotxuren beste bi orri
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren 2. emanaldia, 6 orrikoa
- Alex Orberen gidoia eta irudiak eta Jaime Posadasen kolorea duen Azti-ikaslea 4 orriko istorioa
- Olierrek asmatutako eta Markok marraztutako Haratagoren beste orri bat
Badakizue ba, non duzuen aukera euskal komikigintza onenaz disfrutatzeko!