Asterixen "Hamabi probak" liburua, euskaraz
Ni txikia nintzela, 1976 eta 1978 urteen artean, Asterixen album klasikoetako 8 (Asterix eta Kleopatra, Asterix eta Normandoak, Buruzagien Burruka, Asterix Lejionarioa, Asterix Galesa, Asterix Helvetian, Asterix eta Godoak eta Asterix eta urrezko igitaia) euskaraz atera zituen Mas-Ivars argitaletxe valentziarrak (oraindik etxean ditut batzuk). Gero 1987 eta 1993 urteen artean Elkarrek eta Dargaudek elkarlanean guztiak atera zituzten (Asterix Galiarra,
Urrezko Igitaia, Asterix eta Godoak, Asterix Gladiadorea, Asterix Galiako Itzulian, Asterix eta Kleopatra, Buruzagien Burruka, Asterix Bretainian, Asterix eta Normandoak, Asterix Legionaria, Arbernoko Ezkutua, Asterix Joku Olinpikoetan, Asterix eta Pertza, Asterix Hispanian, Liskarra, Asterix Helvetian, Jainkoen Egoitza, Zesarren Erramu-Koroa, Aztia, Asterix Korsikan, Zesarren Oparia, Bidaia Handia, Obelix eta Konpainia eta Asterix Belgikan), eta denak erosi nituen.
Uderzok azken urteetan bakarrean atera izan dituen albumetatik batzuk egon izan dira euskaraz. Zanga handia, Asterixen odisea, Asterixen semea, Asterix Indian eta Arrosa eta ezpata, aipatutako Elkar/Dargaud bilduman atera ziren, ordukoak edo lehenagoakoak zirelako. Obelixen galera Elkarrek argitaratu zuen 1999an (jatorrizkoa atera eta hiru urtera) eta Asterix eta Latraviata Salvatek atera zuen 2001ean jatorrizkoarekin batera. Gero beste bi ez ziren euskaraz atera, Asterix et la rentrée gauloise eta Le ciel lui tombe sur la tête. Eta azkenengo albuma, Asterix eta Obelixen Urtebetetzea - Urrezko Liburua, berriz ere atera zuen Salvatek iaz jatorrizkoaren aldi berean.
Azken album hauek euskaraz atera edo ez bost axola dit, kaka putza besterik ez dira-eta. Haurrak komikietatik urruntzeko balio dezakete gehiago, zaletzeko baino. Baina belaunaldi berriek Asterixen klasikoak, Goscinny maisua gidoilari dutenak, euskaraz eskura ez izatea oso txarra da euskararentzat eta komikiarentzat. Eta horiek jada deskatalogatuta daude eta ezin dira inon lortu, bakarren bat edo ez bada...
Baina geroztik Salvatek Asterixen beste bi album atera ditu. Lehenengoa, Nola erori zen Obelix txikitan druidaren pertz barrura, 1965ean Goscinnyk idatzitako istorio labur bat da, 1989an Uderzok apur bat luzatu eta ilustratua. Bigarrena, berriki atera dena, Hamabi probak, Goscinnyk eta Uderzok eurek 1976an egindako filmaren liburu ilustratua da. Bietako bat ere ez da komiki-komikia, eta ez dira Asterixen albumen zerrenda ofizialekoak. Hala ere, Goscinnyren etapakoak dira, bigarrenak bereziki gidoilari apartaren ukitu jenial asko ditu, eta aurrez euskaraz inoiz atera gabeak dira. Zerbaiten seinale ote? Nahiko nuke bai, Salvatek Asterixen album klasikoak berriz ere euskaraz aterako balitu... Ea horrela den!
(Albumen eta publikazio daten informazioa Astérix le Gaulois - Wikipédia, Asterix around the World - Basque (Euskara) eta Tebeosblog: LA INTERMINABLE CATALOGACIÓN DE ASTÉRIX orri bikainetatik lortu dut. Mila esker!)
Nik Asterixen ale gehienak Egin-en bidez lortu nituen, 1994ean egunkariarekin batera saldu zituen. Ez dira enkoadernaketa gogorrekoak, baina txukunak dira, eta prezio onean (350 pezeta, 2,10 euro).
Deigarria da euskal argitalpenetan ez dela argitarapen originalen hurrenkera sekula errespetatu. Niri behintzat garrantzizkoa iruditzen zait, komiki baten garapena ikusteko ezinbestekoa baita: ez da gero kontua nornerak bere etxean edo udal liburutegietan, dendetan... partikularren esku egotea orden kronologikoan jartzea.
Berriro argitaratu ezkero, nire ustez gaur egun jendeak erosiko lituzke Asterixen (edo Tintinen) euskarazko liburuak, merkatua egongo litzateke: komikizale heldu dexente daude, eta batez ere belaunaldi berrientzat opari egokia dira komiki hauek, sekula zaharkituko ez direnak. Gaur egun liburudenda batera joan eta ezinezkoa da Asterixen euskarazko alerik aurkitzea, deskatalogatuak daude, eta jendeak gazteleraz edo frantsesez erosten ditu... kriston galera kulturala da hori.