Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Helduentzako telesail zaharren DVDak eta euskara

e-gor 2009/03/21 10:45

Euskaltzale eta aita naizen aldetik, gu guztion seme-alabek fikziozko ikusentzunezko edukia (film, telesail, marrazki bizidun eta abarrak) euskaraz gozatu ahal izateak arduratzen nau. Edo ezin gozatzeak kezkatu, hobe esan. Blog hau jarraitzen baduzue konturatuko zineten horretaz, azken aldian hainbatetan izan baitut gai hori hizpide...

Haur txikiak diren artean, eskaintza zabal samarra dute. ETBn norbaitentzako euskarazko edukia badute, eurentzako da. Eta dendetan edo liburutegietan ere nahiko erraz eta erruz aurki daitezke haurrentzako film nahiz serieak DVDan. Gaztetxoagoentzat, baina, egoera aldatzen hasten da. ETBn oraindik badituzte beraientzako moduko marrazki bizidun edo telesail batzuk euskaraz, baina DVDan apenas aurki daiteke ezer. Eta helduentzat, ba zer esan... Salbuespen gutxi batzuk izan ezik, ez dago ia ezer euskaraz, ez ETBn ez dendetan salgai.

Azken honetan, gainera, ETBk atzera egin du nabarmen. Lehen, gaztetxo nahiz helduentzako telesail ugari ematen zituen euskaraz: Cagney eta Lacey, Ederra eta piztia, Emakume bionikoa, Magnum, Quantum jauzia, Simon eta Simon, Ilunabar aldea, Epailea eta pilotua, Dallas, Eskugorri taldea, Gazte bizkorrak, Gazteak... Halako batean, baina, ez dakit noiz edo zergatik, ETB kanpoko serieak ETB2n eta gazteleraz ematen hasi zen. Antza, audientzia eta errentagarritasuna garrantzitsuagoak dira euskara baino, nahiz eta telebista publikoa izan, eta euskarazko bakarra... Telesailak gaztelaniaz ikusi nahi dituenak, milaka ditu beste ehunka katetan! Atzerapauso honi onartezina deritzot. Nire semeek, haztean, nik baino panorama okerragoa izan behar al dute?

Baina ETBren kanpoko telesailekiko oraingo politika alde batera utzita, lehengo telesail zahar horietara bueltatu nahiko nuke. Azken urteetan joera dago telesailak, berriak nahiz zaharrak, DVDan ateratzeko. Aspaldi euskarara bikoiztuta eman ziren serieak DVDan irtetean, euskarazko audioa ere izateko ez luke arazorik egon behar, kostu oso txikia izan behar baitu hori egiteak. Eta ez da horrela egiten. Inozoentzat ez omen den elektronika denda handi horretan izan nintzen lehengoan telesailen DVDen atalean. Lau telesail ikusi nituen ETBk bere garaian euskaraz emandakoak: Magnum, Gazteak, Emakume bionikoa eta Sugegorri beltza. Eta horietatik Gazteak eta Sugegorri beltza ziren euskarazko audioa zekarten bakarrak. Badakit nire azterketatxo honek ez duela ikerketa zientifiko baten baliorik, baina ia ziur nago, lagin txiki honen ordez telesail guztiak aztertzerik bagenu, emaitza are okerragoa izango zela... Irudi Txokoa blogean ongi ezagutzen dute euskarazko zine produkzioa, eta etengabe salatzen dute bertan euskarara bikoiztuta dauden filmak euskarazko audiorik gabe ateratzen direla DVDan...

Eta ez dut ulertzen zein aitzakia dagoen hori gertatzeko. Ez dut ikusentzunezko produkzioen mundua ezagutzen, eta pentsatzen dut agente ezberdin asko egongo direla tartean (telebistak, bikoizketa enpresak, produkzio-etxeak, banatzaileak...), baina ez du hain zaila izan behar ere... Euskal erakunde publikoek (ETBk, edo Kulturak, edo HPSk) interesa eduki beharko lukete euskarazko audioak DVDetan txertatzeko, ikuspegi enpresarial hutsetik bada ere (egindako gastu baten errentagarritasun eta aprobetxamendu maximoaren bila alegia).

ETBk aspaldi euskaraz emandako telesail zaharren DVDek euskarazko audioa izateko, ziur borondate politikoa eta gogo apur bat besterik ez dela behar... Eta orain arte hor egon direnek izan ez badute, laster omen datozenei eskatzen joateak ez dut uste askorako balioko duenik... A ze panda... Erruki, Jauna!

Xabiroi 15 kalean

e-gor 2009/03/07 23:20
Ohiko sailekin eta istorio berri batzuekin
Xabiroi 15 kalean

Irudia: Julen Ribas

Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 15. alea, 2009ko otsailari dagokiona alegia, kalean da jada. Hau da bertan aurkituko dugun edukia:

  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren beste 8 orri
  • Sanviren Lauburu Sarjentua istorioa, 6 orrikoa
  • Irune Lasak egiten duen KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Edurne Pasabanekin
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Zaldi Eroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren 2. emanaldia, 6 orrikoa
  • Alex Orberen gidoia eta irudiak eta Jaime Posadasen kolorea duen Azti-ikaslea 4 orriko istorioa
  • Olierrek asmatutako eta Markok marraztutako Haratagoren beste orri bat

Badakizue ba, non duzuen aukera euskal komikigintza onenaz disfrutatzeko!

Emakumeek egindako komikiei buruzko topaketa

e-gor 2009/03/05 22:50
Bihar, martxoak 6, 19:00tan Algortako Kultur Aretoan

La cárcel de papel-en bidez jakin dut bihar, ostirala martxoak 6, arratsaldeko 7tan, emakumeek egindako komikiari buruzko topaketa egingo dela Algortako Kultur Aretoan, Skolastika kolektiboko Josune Muñozen eskutik. Sarrera doan da. Hau da banatu duten oharrean diona:

"Emakumeek egindako komikia aztertuko da, ikuspuntu historikoz eta geografikoz baliatuta. Halaber, dibulgazio jarduera horretan publikoak liburutegiko liburu-bildumako zenbait komiki ikusteko aukera izango du eta bederatzigarren arteko zenbait maisu-lan komentatuko dira; gaia, edukia, marrazki estiloa, eragin edo originaltasuna dela eta, egungo emakume-komikia ezagutzeko derrigorrezko irakurgaiak dira hautatutako lan horiek.

Halaber, ekitaldian zehar parte hartzeko eztabaida egingo da. Besteak beste, emakumeek eginiko komikiak eta gizonezkoek egindakoak aldean desberdinak diren eztabaidatuko da. Horrezaz gain, beste alderdi batzuk ere aztertuko dira: egileen begirada, marrazten dituzten istorioak, jorratzen dituzten generoak, eta abar. Horren guztiaren bidez emakumeek eginiko komikian sakondu nahi da eta, aldi berean, azken urteotan diziplina artistiko horretan izandako boom-era hurbildu.

Azkenik, topaketaren amaieran proposamen bibliografiko bat banatuko da daudenen artean. Horretan liburu sorta bat bildu da zaleak emakumeek eginiko komikiak irakurtzen hasi daitezen edo lan horietan sakondu dezaten."

Topaketa honen hizlari horrek berak eman zuen gai horrekin berarekin mintegi bat azarotik urtarrilera Bilbon. Edozein modutan, oso topaketa interesgarria da, zalantzarik gabe. Ahal baduzue, ez galdu!

Komiki-lehiaketa ugari martxan

e-gor 2009/03/03 22:55
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailaren "Ziberkomikiak", Basauriko Kultur Etxearen "Ganorabako" eta Alhóndiga Bilbao-ren "Komikia" beka

Negu amaiera-udaberri hasiera honetan, hainbat komiki-lehiaketa ditugu martxan Euskal Herrian, mota eta xede-adin ezberdinetakoak.

Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak Sauré argitaletxearekin batera martxan jarri duen Ziberkomikiak izeneko lehiaketa daukagu. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko ikasleei zuzendutako lehiaketa honek, komikien bidez, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi ditu gazteen artean, teknologia erabiliz. Horretarako, sei gai aukeratu dituzte: Ekainberri kobazulo-erreplika izango da gai nagusia, eta beste bostak Sauré-ren komiki-bilduma ezberdinei lotutako gaiak izango dira (ingurumena, artearen historia, elezaharrak, giza eskubideak eta asmakariak). Gai horietako bakoitzean komiki baten bunbuiloak bete beharko dituzte eta gaiarekin lotutako galdera batzueri erantzun. Lanak apirilaren 30a baino lehen bidali beharko dira

Bestetik, urtero bezala martxan da berriz ere Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2009 komiki-lehiaketa. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Lehenengo saria 900€ dira, bigarrena 450€ eta hirugarrena 300€, eta horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Oinarri zehatzak, epaimahaia eta informazio gehiago euren web gunean aurkituko duzu. Lehiaketa hau beste askotan ere izan dugu hizpide blog honetan.

Azkenik, aurten bigarren aldiz, Alhóndiga Bilbao elkarteak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, apirilaren 14a baino lehenago. Epaimahaiaren burua Paco Roca komikigile ospetsua izango da, berriki Espainiako Komikiaren Sari Nazionala irabazi duena. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.

Animatu zaitezte, eta zorte on!

Tintini buruzko erreportajea Sautrelan

e-gor 2009/02/23 22:30
Mikel Aramendiren eta nire hitzekin eta Gasteizko erakusketako irudiekin


Irudia: Sautrela

Pasa den astean, ETBko Sautrela literatura saioan, Tintini buruzko erreportajea egin zuten, berriki bete dituen 80 urteen karira. Oso berri pozgarri eta ez oso ohikoa komikizaleontzat, literatura saio baten komikiari tartetxo bat eskaintzea.

Erreportajea Gasteizen izan den erakusketako irudiekin eta Mikel Aramendiren eta nire hitzekin osatu dute Jon Benitok eta bere taldeak. Jada EITBren web gunean dago erreportajea, eta blog honetan ere ikus dezakezue. On egin!

"Arturo Erregea" seriea osatu dute azkenik

e-gor 2009/02/18 22:45
Falta ziren 12 kapituluak jada Euskal Encodings-en daude

Iazko irailean aipatu genuen hemen Arturo Erregea marrazki bizidunetako serie bikaina, ETBk aspaldi emandakoa, euskaraz jartzen ari zirela Euskal-Encodings webgunean, eta jada 18 ripeatu zituztela. Ba, arazo asko izan eta kristoren lana egin ondoren, azkenean amaitu dute serie osoa ripeatzeaz. Helbide honetan dituzue eskuragai. Eskerrik asko berriz Euskal Encodings!

Barakaldoko "Teknologia berriak" umore grafikoko lehiaketaren inguruko berriak

e-gor 2009/02/08 15:50
Jada badaude 2008ko edizioaren irabazleak, eta museo birtuala egin dute lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako lanekin

Aurreko batean hitz egin genizuen hemen Barakaldoko Udalak antolatzen duen Teknologia berriak umore grafikoko VIII. lehiaketari buruz. Lehiaketa amaitu da jada, 54 herrialdetako 322 partehartzailek 816 lan aurkeztu dituzte, eta hauek izan dira irabazleak:

  • 1. saria, 1500 euroz hornitua, Emilio Federico Ferrero argentinarrarentzat
  • 2. saria, 1000 euroz hornitua, A Coruñako David Pintor eta Carlos Lópezentzat
  • 3. saria, 800 euroz hornitua, José Francisco Martínez murtziarrarentzat
  • 4. saria, 700 euroz hornitua, Ahmet Aykanat turkiarrarentzat
  • 5. saria, 500 euroz hornitua, Bahman Jallali irandarrarentzat

Gainera, Barakaldoko Udalak museo birtual bat jarri du online lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako 3800 lanetako batzuk erakusteko. Sauré argitaletxeak egindako webgunean udalerriko lau toki esanguratsu bisita daitezke, horietako bakoitzean lehiaketara aurkeztutako lanetako batzuk ikusiz: udaletxean zortzi urteotako lan irabazle guztiak ikus daitezke, lorategi botanikoan ingurumenarekin lotutako lan batzuk, Gurutzetako ospitalean medikuntzarekin lotutakoak eta BECen zientzia, teknologia eta informatikarekin lotutakoak. On egin!

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera

e-gor 2009/01/23 00:45
Berandu eta gaztelaniaz emango du berriz ere ETBk; zorionez, euskaraz dago jada Euskal Encodings-en!

Aurreko artikulu baten kexatzen ginen ETBk ez duelako aspaldian kanpoko helduentzako serierik euskaraz eman, eta Heroes seriearen adibidea aipatzen genuen, zeinaren 1. denboraldia telebistan bota zutenerako, DVDa kalean zegoen salgai euskarazko audioarekin, baina ETB2n eman zuten gaztelaniaz. Ba 2. denboraldiarekin zentzugabekeria bera egitera doaz...

Hasteko, oso berandu eman behar dute. 2. denboraldia AEBetan 2007ko irailean hasi ziren ematen eta abenduan bukatu. Hemen urte eta piku beranduago emango dute, eta hori tarte ikaragarria da Internet eta BitTorrent aroan. Seriearen zale gehienek aspaldi ikusi genuen saretik jaitsita, ETBri itxoiteaz aspertuta. Baina ez hori soilik, berriz ere DVDa aurreratu zaie. Zenbat ikusle ez ote dituzte galdu, beraien serie izarrarentzat...

Tira, behintzat DVDan euskarazko audioa ere badago, eta ETBk oso erraz eman zezakeen 2. denboraldia euskaraz... Baina ez, berriz ere kale. Euskaldunak ez gara existitzen ETBrentzat, ETB2n emango dute, gaztelaniaz beraz.

Orain zalantza bakarra da ea, egindakoa apurtxo bat zuzentzeko, emisio digitalean audio dualarekin botako duten, baina esperantza gutxi: iaz iragarri zuten 1. denboraldiarekin hori egingo zutela, eta gero bete ez... Gainera, oso jende gutxik du oraindik LTD hartzailea, beraz konponbide kaxkarra litzateke...

Zorionez, Euskal-Encodings badaude jada 2. denboraldiko atal guztiak euskarazko audioarekin. Eskerrik asko berriz, Euskal-Encodings! Orain ETBk merezi du euskaldun guztiok, berak aintzat hartzen ez gaituenez, Euskal Encodings-etik jaistea Heroiak-en 2. denboraldia euskaraz eta ETB2n ez ikustea, audientzia jaits dakien eta espabilatu daitezen...

Oin-ohar txiki bat, artikuluaren hasieran genionarekin lotuta. Egia esateko, ETB hasi da kanpoko serieak euskaraz ematen. ETB3n bi ematen dituzte orain, Doctor Who eta Heroiak-en 1. denboraldia. Baina ezin da konparatu ETBk horiei ematen dien tratamendua edo ETB2ko beste serieei ematen diena. Doctor Who gutxi eta gaizki iragarri zuten, eta Heroiak-en 1. denboraldiaren hasiera ez zuten iragarri. Heroesen ETB2ko emanaldiari, aldiz, kristoren propaganda, maratoia... Eta gainera, ETB3 telebista digitala dutenek soilik ikus dezakete...

Eta amaitzeko, gomendiotxo bat: ez galdu Irudi txokoa bloga (jarri ditudan azken bi estekak bertako artikuluetara dira); blog guztiz ezinbestekoa, euskarazko film eta serieei dedikatutakoa, horien inguruan jakintza izugarria du eta artikulu benetan interesgarriak argitaratzen ditu.

Tintinek 80 urte!

e-gor 2009/01/10 09:30
1929ko urtarrilaren 10ean agertu ziren Tintinen lehenengo binetak
Tintinek 80 urte!

Irudia: Hergé

Gaur 80 urte ikusi zuten argia Tintin erreportari famatuaren lehenengo binetek. Le Petit Vingtième aldizkarian Hergéren Tintin au pays des Soviets abentura argitaratzen hasi ziren 1929 urtarrilaren 10ean, eta ondorengoa historia da.

Tintin nire komiki pertsonaiarik gogokoenetakoa da, Hergéren jaiotzaren mendeurrenean idatzi nuen artikuluan argi geratzen denez. Lehen album hau kaskarra bada ere, eboluzio nabarmena jasaten dute ondoren bai egileak, bai pertsonaiak eta baita komikiak ere, eta saila osoan hartuta oso gomendagarria da haur nahiz helduentzat. Zorionak, beraz, Tintin!

OLPCk ustekabean amaitu du "Give One Get One" kanpaina

e-gor 2009/01/02 00:37
Aurtendik, jada ezin da XO bat eskuratu bi ordainduz

Garapen bidean dauden herrialdeetako haurren alfabetatze digitala helburu duen One Laptop Per Child erakundearen Give One Get One kanpaina, zeinaren bidez beraien XO ordenagailua eskuratu dezakezun hirugarren munduko haur batentzako beste bat ordainduz, amaitu da momentuz.

Kanpaina hasi zenean ez zioten amaiera datarik jarri, eta denbora aurrera joan ahala kanpainan herrialde gehiago (AEBak, Kanada eta Europaz gain) sartzeko asmoa zutela esan zutenez, luzerako kanpaina zela uste zuen mundu guztiak. Baina abenduaren 29an iragarri zuten euren blogean, guztiz ustekabean, 2008aren amaierarekin bat amaituko zela kanpaina.

Beraz, jada ez dago aukerarik XO ordenagailurik eskuratzeko. Ea 2009aren amaieran berriz ere jartzen duten martxan kanpaina...

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10