Alfonso Zapico, Bartzelonako komiki-azokan saritua
Alfonso Zapico komikigile asturiarra oso gustuko dut, eta askotan aipatu izan dut blogean: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, eta hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana).
Azken horretan nioen Café Budapest-engatik 2009an jasotako izendapen ugarietatik sari bat ere ez zuela eraman, baina komentatu nuen baita ere La guerra del profesor Bertenev album bikaina zela, 2010ean zeresana emango zuena ziur. Iragarpen hau egitera ere ausartu nintzen: "Dublinés aurten ateratzekoa da eta, zergatik ez, lan horregatik edo La guerra del profesor Bertenev-egatik ere izendapenak edo sariak jasoko ditu agian".
Ba aste bukaera honetan egiten ari diren Bartzelonako komiki-azokarako, Espainiako azoka garrantzitsuenerako, berriz ere jaso zuen egile berriarentzako Josep Toutain sarirako izendapena, Bertenev albumarengatik oraingoan, arraroa bada ere bi urtean jarraian jasotzea egile berriaren sarirako izendapena. Gaur gauean jakinarazi dituzte sarituen izenak, eta Alfonsok eraman du aipatu saria, ondo merezita zalantzarik gabe.
Zorionak bihotz-bihotzez, Alfonso! Eta dena hastea da, ziur beste asko ere etorriko direla etorkizunean! ;-)