e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
e-gor blogak 20 urte gaur!
Duela 20 urte, Web 2.0 zeritzona sortu zen sasoian, hark herritarren kazetaritza omen zekarren aroan, blogen loratzearen garaian, edonork bere komunikabide propioa izan zezakeela esaten zen denboran... Orduko ni askoz gazteago bati okurritu zitzaion kontatzeko gauza interesgarriak izan zitzakeela eta euskararen egoeraren normalizazioari ekarpentxoa egin ziezaiokeela blog baten bidez, sarean euskaraz presentzia handirik ez zuten bi arloren inguruan idatziz, informatikaz eta komikiez hain zuzen. Eta bideari bakarrik ekin beharrean, euskarazko webean aitzindari ziren Eibarko zibernauten eskutik eta laguntzarekin egitea hobe litekeela pentsatu zuen. Haietako batzuekin zuen harremana probestuz, eibartar edo haien elkarteko izan gabe ere beraien blog komunitatean blog bat ireki ahal izango zuen galdetzeko atrebentzia izan zuen. Hauek, ero-haizeren batek jota-edo ideia ona zela pentsatu bide zuten, eta blog bat egiteko sarbidea eman zioten. Eta hala, prestatze- eta ikasketa fase baten ondoren, 2004ko urriaren 25ean lehen artikulua publikatuta, ofizialki inauguratu zen e-gorblog txoko hau!
Geroztik ibilbide gorabeheratsua izan du blogak. Batzuetan gehiago publikatu dut, beste batzuetan gutxiago... Baina hemen jarraitzen dugu apal-apalik, informatikaren arloa nahiko utzita (horretaz aritzen diren beste gune asko badaudelako eta, beraz, behar gutxiago dagoelako batetik, eta ni neu IKTez beste foro batzuetan idazten aritzen edota aritu naizelako) eta komikiaren arloa beste garai batzuen aldean asko jaitsita bada ere. Gutxienez, euskarazko komikigintzan ateratzen diren nobedade guztien berri emateko nire buruari jarri nion helburua betetzen jarraitzen dut, eta ez da gutxi ere gaur egun argitaratzen diren euskarazko komiki guztiekin.
Eta tira, ez dakit blog honek inongo ekarpenik egingo ote zion euskarari, edo euskarazko komikigintzari, edo euskarazko IKTen munduari... Baina niri behintzat gauza asko ekarri dizkit, eta ez soilik zerbait egiten ari zaren sentsazioaren plazera edo irakurleekiko (apurrekiko) komunikazioa eta harremana; ez, nire bizitzan benetan aldaketa esanguratsuak gertatu dira blogaren eraginez, bloga ziberespaziotik haratago hedatu da nire egunerokoan.
Izan ere, blogean idazten ditudan gauzak direla-eta, beste hainbat tokitatik iritsi zaizkit kolaborazio-eskaera mota ezberdinak. Komunikabide askori interesatu izan zaizkie artikulu jakinak, informatikakoak zein komikiei buruzkoak, eta horren inguruan elkarrizketak egin dizkidate. Agertu naiz 7K-n, Goienan, Puntuan, ETBko Nickdutnik-en eta gehiago. Informatikari dagokionez, horren inguruko artikuluak modu jarraituan idatzi ditut Elhuyar aldizkarian (2009tik gaur arte gelditu gabe) eta Sarean.eus-en (2019tik iaz itxi zen arte) eta puntualki Administrazioa euskaraz-en eta besten. Eta Elhuyar aldizkariko artikuluez beste zenbait komunikabidetan hitz egin dut: La mecánica del caracol, Norteko Ferrokarrila...
Baina, bereziki, komiki-kontuetatik iritsi zaizkit horrelako aukera mordoa. Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariko albisteen txokoa neuk daramat 2007tik, Xabiroiko kuadrillak Angulemako Komiki Azokara egiten dituen espedizioetan urte gehienetan joaten naiz eta horren bitartez ezagutu dut komikigile mordoa. Kristoren gozamena da nire heroiak diren komikigileen eskutik ezagutzea komiki-munduko kontuak, komikia baten sortze-prozesua eta abarrak. Xabiroirentzat elkarrizketatu ditut Anguleman Pierre Christin, Grzegorz Rosinski, Hermann edo Juanjo Guarnido bezalako erraldoiak. Noticias taldeko Ortzadar euskarazko gehigarrian idatzi nuen garai batez. Idatzi izan dut Berriarako, Elkar argitaletxearen aldizkarirako, Behinola-rako... EiTBko hainbat saiotan agertu naiz: Sautrela, Arratsaldekoa, Faktoria... eta gaur Biba zuek!-en izango naiz. Aurkezpen-prentsaurrekoak eman ditut Harriet-entzat, Astiberri-rentzat, Parrapean-en... Eta komiki-solasaldiak gidatzen ditut Intxaurrondo Kultur Etxean 2016tk, Oñatiko Liburutegian iaztik eta urte berritik aurrera, taldea osatzen bada, nire herri Arrasateko Bibliotekan. Eta ziurrenik handiena: 1978ko Iker eta Ixone komikia, nire txikitako gogokoenetako bat zena (dena baitauka, euskal mitologia, haur protagonistak, abentura...) eta historikoa dena (itzulpena izan gabe euskaraz ateratako lehen istorio jarraituko albuma izan zen), berrargitaratu dutenean hitzaurrea idazteko ohorea izan dut! Zirkuluaren itxiera, niretzat komikizale bizitzaren gailurra.
Imajinatu ere ez nuen egingo duela 20 urte blogaren abenturatxo halako abentura handira eramango ninduenik. Ongi etorriak blogak ekarritako gauza zoragarri horiek guztiak!Ordainetan, saiatuko naiz beste 20 urtez (gutxienez ;-) jarraitzen!
Haurrentzako komiki gehiago
Bizitzak buelta asko ematen ditu. Garai batean argitaratzen ziren komiki gehienak haurrentzakoak izatetik, horrelakorik ia ez ikustera pasatu ginen, euskaraz zein bestela, eta hala egon gara berriki arte gutxi. Azkenaldian, baina, haurrentzako komikiak berpizte bat izaten ari dira, eta gaur egun nagusi ere izango dira ziur asko, batez ere itzulpenei esker.
Idefix eta menderakaitzak eta Biga sailek, adibidez, urte hasieran izan zuten jarraipenezko ale bana, eta orain jada bien beste bana atera da. Salvat/Bruño-k Idefix 4 - Menderakaitzen zirkua atera du, Yves Coulon, Simon Lecocq eta Cédric Bacconnier-en gidoiarekin eta David Etiene, Philippe Fenech eta Rudy-ren irudiekin. Eta Astiberrik Biga 7 - Txantxak sortzeko makina, aurrekoak bezala Romain Pujol eta Vincent Cautek egina. Horiez gain, Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Artur Laperlaren Superpatata sailaren hamahirugarrena atera du, Nahaspila kosmikoa sagaren hirugarrena, Estolderian izenburuduna. Eta azkenik, A fin de cuentos etxeak Yoon-sun Park-en Bubu eta haren lagunak argitaratu du. Etxeko komikizale txikienentzat badago lehengaia!
"Mo - Behi euskaldun baten memoriak" komikia atera du Pamielak
Nire adinekoak nerabezaro betean ginen Bernardo Atxagak Obabakoak-ekin txunditu gintuenean, eta urtetxo batzuk geroago iritsi zen, jada gaztaro-helduaroan edo geundela, irrikaz itxaroten genuen bere hurrengo eleberria: Behi euskaldun baten memoriak. Lan arinagoa, gaztetxoei zuzendua, errealistagoa (neurri bateraino), baina berdin ederra eta gozagarria. Hala, poz handiz jaso nuen honen komiki bertsioaren argitaratzearen berri, Pamielak aterea (jatorrizko liburua bezala), Pello Varelaren gidoia eta Juan Suárez-en irudiak dituena eta Mo - Behi euskaldun baten memoriak izenburua duena. Ia 200 orri ditu komikiak, eta irudi politez eta kolore biziki biziz hornitua dago.
Duela 30 urte baino gehiago irakurri nuenetik berrirakurri gabea nuen nobela, eta oso oroitzapen lausoak besterik ez nituen, zehaztasunik gabeak, asko gustatu izanaren akorduaz harago. Baina frogatu dut gaztetako gomutak indar bereziz gordetzen direla gure memorian, irakurri ahala arrapaladan itzultzen baitzitzaizkidan izen eta gertaeren gogorapenak (Balantzategi, Mo, Gerra Zibila, Genobeba, La Vache qui Rit, Setatsua, Soeur Pauline, Karral...) eta orduko hartan bezainbeste gozatu dut orain ere. Eleberriaren izpirituaz osoki zipriztindurik dagoen seinale. Hura irakurrita bazenuen, berriz gogoratuaz gozatzeko aukera emango dizu komikiak, eta ezagutzen ez bazenuen, besterik gabe gozatuko duzu ziur.
Harriet argitaletxearen Kabe manga zigiluak beste bi sail berri hasi ditu
Ikaragarria da Harriet argitaletxea Kabe zigiluaren eskutik manga komikiak euskarara ekartzeko egiten ari den lana. Cube Arts, Heroines game, Dinosaurs Sanctuary eta Girls' last tour serieen hiruna liburu atera ditu. Lehenengo biak amaituta daude eta beste biek oraindik jarraipena izango dute liburu berriekin. Bada, orain beste bi sail berri hasi ditu!
Batetik, Yuya Kanzakiren Change the world sailaren lehenengo liburukia atera da, Hiltzaile berri bat. Yuichi Sato galtzailearen prototipoa da, baina gertakari bitxi bat dela eta bizitzaren arlo denetan arrakastatsu totala den Sakutaro Mitsumune poliziarekin gorputza elkartrukatu du. Haren etxera joatean, baina, ikusiko du hura serieko hiltzailea dela. Eta orain bera du ituan, bere sekretua baitaki...
Bestetik, Rootport-en gidoia eta Tomomi Usui-ren (Cube Arts-en egilearen) irudiak dituen Otaku bat jainko lanetan saila ere hasi du, Adio, garai urrunak liburuarekin. Susumu bere ontziko animazio etenetik esnatzean, ezagutzen duen lurra pikutara joan dela konturatzen da, eta gizakien zibilizazio primitibo bat besterik ez du aurkitzen. Bere anime serie gogokoena den Pretty care: Sorgintxo musikariak-en azken kapitulua ezin ikusi geratu da, eta hori ez da onargarria bera bezalako otaku batentzat! Zibilizazioak albait azkarren aurrera egitea behar du seriea amaitu ahal izateko teknologia eskura dezaten, eta horretan eragiten hasten da, bere historiaren ezagutza baliatuta. Baina, jakina, ez da hain erraza izango...
"Gu" gaia du Tupust! kolektiboaren hirugarren (eta oraingoz azken) liburuak
Komikiaren mundura emakumezkoen presentzia eta ikuspegi feminista ekartzeko asmoz sortu zen Tupust! kolektiboak 2019an atera zuen lehen bilduma, Ni-ari eskainia, 2021ean bigarrena, Zu-a gaia zuela, eta aurten dakarkigute hirugarrena, Gu-ari buruzkoa. Hau ere, bigarrenarekin egin zuten bezala, autoedizioan atera dute.
Zenbait egilek aurreko liburuetakoren parte hartuak dira, hala nola Ainara Azpiazu Axpi, Arrate Rodriguez, Irati F.G., Regina Salcedo, Irati Eguren, Irati Jiménez, Loinaz Lekuona, Paula Estévez, Maitane Gartziandia, Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga. Eta berriak dira Ainize Sarasola, Ander Peretz, Andrea Ganuza, Araiz Mesanza, Higinia Garay, Idoia Beratarbide, Jone Taberna, Maider Leturiaga, Maite Rosende, Sandra Garaioa, Shu Otero eta Usue Egia.
Eta, antza denez, horrelako azken bilduma izango da. Kolektiboak lanean jarraituko du, baina ez du horrelako lan gehiago egingo, ez behintzat denbora batean. Hala ere, izango dugu beraien berri, ziur.
Portugalgo Krabelinen Iraultzaren komikia: Herriak du gehien agintzen
Aurtengo apirilaren 25ean bete ziren 50 urte Portugalgo Krabelinen Iraultza ospetsua izan zenetik, eta egun horretan bertan aurkeztu zuen Txalapartak hura kontatzen duen Herriak du gehien agintzen komikia. Ia 50 urteko diktadura luzearekin amaitu zuen ezkerreko militarren altxamendua kontatzen da bertan, soldadu gazte baten fikziozko istorioaren bidez. Raquel Varela historialariak idatzi du eta Robson Vilalbak irudiak jarri.
"Bi ahizpa", Sivan eta Duhamel-en komiki berria
Bruno Duhamel izango da euskarara gehien itzuli den komiki autoreetako bat, Hergé (Tintin) eta Goscinny eta Uderzo (Asterix) ezagunen ondoren. Izan ere, 7. albuma da Harriet argitaletxeak dakarkigun Bi ahizpa hau. Gidoia gehienetan Duhamelek berak egiten badu ere, Isabelle Sivan-ena da kasu honetan (Abelen bidaiarena ere egin zuena). Etxe berean baina etxebizitza ezberdinetan alokairuan bizi diren bi ahizpa oso ezberdin dira Lise eta Camille, eta jabeak etxea saltzea erabakitzean, batera erostea pentsatzen dute...
Literaturako beste klasiko bat komikian eta euskaraz: Jules Verne-ren "Munduaren itzulia 80 egunean"
Iazko amaieran Txalapartak George Orwell-en Abereen etxaldea komiki formatuan atera zuela kontatu genizuen. Bada, oraingoan literatura unibertsalaren beste klasiko baten komiki-bertsioaren berri dakarkizuegu, cARTEm Salamancako argitaletxeak ateratako Munduaren itzulia 80 egunean hain zuzen ere. Jean-Michel Coblence-k egin du gidoia Jules Verne-ren eleberrian oinarrituta, Younn Locard-ek irudiak eta Bego Montoriok itzulpena. Liburua irakurrita baduzu, berriz ere eta beste modu batera gozatuko duzu Phileas Fogg aberatsak lurbira 80 egunetan egiteko apustuaren abenturekin; eta ez baduzu irakurri are gehiago, amaierako plot twist zientifiko harrigarriarekin!
Euskarara itzulitako sailen jarraipenez oparo hasi da urtea
Irudia: Tsukumizu / Álvaro Ortiz / Vincent Caut / David Etiene / Philippe Fenech / William / Stacey Thomas
Urtea indartsu hasi du euskarazko komikigintzak. Bereziki, euskarara itzulitako komiki-sailen jarraipenek izan dute protagonismoa lehen lau hilabeteotan, horrelako 6 komiki atera baitira.
Harriet argitaletxeak Tsukumizuren Girls' last tour manga ateratzen jarraitzen du. Mundu post-apokaliptiko batean moto-traktorean janari bila bidaiatzen duten Chito eta Juri neska gazteen abenturen sail honen hirugarrena atera zuen otsailean.
Astiberri etxeari dagokionez, Álvaro Ortizen Iratxo txikiaren sailaren bigarrena atera du, Iratxo txikia eta ibarreko munstroa, eta Romain Pujol eta Vincent Cauten Bigaren seigarrena, Arrosa koloreko bizitza.
ETB3n animazio serieak dituzten bi komiki-sailek ere izan dituzte zenbaki berriak: Salvat/Bruño-k Idefix eta menderakaitzak-en hirugarrena argitaratu du, Luteziako bizitzia! (Ça balance pas mal à Lutèce! izenburuaren itzulpen ederra egin du Maddalen Arzallusek), Olivier Serrano, Marine Lachenaud, David Etiene eta Philippe Fenech egileena; eta Hachette-k Christophe Cazenove eta William-en Ahizpak sailaren zazpigarrena kaleratu du, Zu zara nire eguzki errea.
Azkenik, Ttarttalo-k, 24 ordu Harri Aroan-en eta 24 ordu espazioan-en ondoren, 24 ordu oihanean atera du, Lan Cook eta Stacey Thomas-ena.
Irakurketa eta gozamen une ugari emateko komikiak, haur eta gazteei bereziki (baina ez esklusiboki!).
"Wanted - Erretratu odoltsua", anti-western ederra
Western-ak tradizionalki kolono zuriak glorifikatu, amerindiar herrien suntsiketa justifikatu eta onen eta txarren arteko banaketa sinplista erakutsi du, nahiz eta onartu behar den horrek ez duela kentzen ikuspegi artistikotik zinema-pieza bikain asko utzi izana batetik, eta generoa inoiz ez dela erabat monolitikoa izan bestetik. Alabaina, aspalditxotik nagusi da anti-western edo western errebisionista deritzon azpigeneroa, non heroi-gaizkile dualismoa edota indarraren arrazoia zalantzan jartzen den, edo amerindiarren errepresentazio positibo bat egiten den; A man called Horse (1970), Dances with wolves (1990) edota Django unchained (2012) bezalako filmak dira honen adibide. Komikiei dagokienez, esan liteke ziurrenik western generoa AEBetan baino (non superheroien komikiak izan diren nagusi) handik kanpo landu dela gehiago, ia betitik ikuspegi errebisionista batetik eta azpigenero horretan nahiko aitzindari izanik, adibidez H. G. Oesterheld eta Hugo Pratt-en Sargento Kirk (1953-1959), Jean-Michel Charlier eta Jean Giraud-en Blueberry (1965-2005) edota Greg eta Hermann-en Comanche (1972-2002) bezalako lanekin.
Horietakoa da Harriet argitaletxeak euskarara ekarritako Wanted - Erretratu odoltsua ere. David Boriauk idatzitako album bikoitzeko istorioko protagonistak dira bere tribua sarraskitu eta bere ama hil zuen gaizkile-bandaren atzetik mendeku bila dabilen eta botere xamanikoak dituen Dull txeiene gaztea, anaiaren xerka dabilen eta emakumezkoa eta beltza den Rose sari-bilatzailea eta Oscar argazkilaria. Istorioaren osagarri bikaina dira Steven Dhondten irudi errealistak eta kolore iradokitzaileak, ederki irudikatzen dutenak mendebalde urruneko giroa. Emaitza, komiki guztiz gomendagarria.