Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zinemagintza espainiarra nazioarteko ordezkari bila

Zinemagintza espainiarra nazioarteko ordezkari bila

Amatiño 2025/09/13 19:00
Hilaren 17an. erabakiko da zein izango den espainiar zinemagintzak aurkeztuko duen ekoizpena, 2026ko Oscar Sarien Nazioarteko Filmik Onenaren kategorian. Hiru dira hautagaiak eta hiruak ikusgai ditugu egunotan euskal pantailetan: “Sirât”, “Romería” eta “Sorda”.
Zinemagintza espainiarra nazioarteko ordezkari bila

Karmengo Ama Birjinaren prozesioa Vigon

Sirât

Nik erabaki behar izango banu, aproposena izango litzateke Óliver Laxeren Sirât. trantzea basamortuan delakoa, benetan film gogotik mortala baita. Film gogorra, ezertan pentsatzen hasteko astirik eman aurretik ikusentzulea shock egoeran lagatzen duena. Errotik hunkitua ez ezik, basamortuko bidaian zehar ikusentzulea “touché” uzten duen istorioa, blog honetako bertako iruzkinez duela hilabete aurreratu bezala.

Romería

Carla Simonen Romería filmak, berriz, ikusentzulea hunkitu nahi luke baina ez da iristen. 1980eko hamarkadan Galiziako droga-giroak eraman zuen bikotearen alaba Kataluniatik Vigora abiatzen da, ezagutu ez zituen gurasoen aztarren bila.

Filmean zehar zirrararik bada, Galiziatik kanpo nekez sumatu daitezkeen emozioak dira: Cíes uharteak, delfinak, San Simon eta Toralla inguruko ibai zabala, Karmengo Ama Birjinaren eguneko (uztailaren 16an.) marinelen prozesioa (1), drogak ilundu zituen Vigoko kale-bazterrak, asko hitz egin arren esan beharrekoak ezkutatzen dituzten tradiziozko familia hierarkikoak, lagunarteko jaiak, dantzaldiak, Maruxinaren kantak (2) eta, jakina, erromeria. 

Erromeria  da-eta,  filmak titulu beretik azpimarratu nahi izan duen ideia. Segurutik bertakoek (3) irrikaz ikusiko dituzten irudiak (4). Dena tipikoa eta topikoa, ageriko zapore turistikoaz,  benetan ikusgarria, baina gurasoen berri jakin nahirik Kataluniatik Galiaziaraino joandako alabaren bidaiak, ordea, ez du, nonbait, interes larregirik sortarazten.

Sorda

Eva Libertad zuzendariaren Sorda filmean, haurdun nahiz haurra jaio ostean beldurrak jota dagoen ama gorrak bereganako identifikazio nabarmenik eragiten ez duen bezala. Bai, batetik, jaiotzear dagoen haurra ama bezain gorra izango ote den arriskua; eta, bestetik, “entzule” jaioko bada, amarekin solasean  asmatuko ez duen beldurra. Arriskua eta beldurra, biak dira ulergarriak. Baina pantaila barruan gelditzen diren argudio logiko samarrak baino ez dira, ikusentzulea partaide sentiarazteko besteko indarrik nekez lortzen dutenak.

---ooOoo---

1) Horrelako arrantzontzira igota, jaia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen behin eta, benetan, sekulako giroa.

2) “A miña casa non quero que veñas, sempre me follas, nunca me empreñas…”

3) Tradizio eta tipismo asko baina, harrigarri bada ere, film guztian zehar inork ez du galegoz hitz egiten, ezta aitona-amonek ere, gurasoen bila joandako bilobak katalanez egin arren, Kataluniara telefonoz deitzen duen bakoitzean.

4) Zenbait informazioren arabera, Vigoko hainbat zinema-aretotan doan proiektatu omen da filma. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: