Sirât, basamortuko trantze mortala
Raveren batean alaba eta arreba galdu eta haren bila ari diren aita eta seme gaztetxoa, ravez-rave bizi diren hainbat gizon-emakumerekin (2) elkartzen dira ezusteko bidean, azkenean inorako bidea baino izango ez den arren. Aitak ordezkatzen du, nonbait, edozein ikusentzule "arrunten" ohiko ikusmoldea eta ravezaleek, ostera, “normaltasun” horren kontrako (ez aurkako) jarrera, mendebaldeko gizarteak egituratu duen bizimoduarengandik ihesi doana. Mutikoa, berriz, ikuspegi bien arteko zubigintza.
Bi mundu, bi logika, bi ikuspegi. Une batez, autoko irratiak sintonizatzen ditu, pasadizoan, eguneko albisteak, zeinetan ematen den elkarrekin konpontzen ez diren nazioen arteko ika-mika eta liskarren berri. Bidaideetako batek galdetzen du hirugarren mundu-gerraz ari ote diren hizketan, eta aldameneko lagunak hitz erdirik gabe irratia itzaltzen du, bere azkenetan diharduen beste munduren bateko albisteak balira bezala.
Marokotik Mauritaniarantzako (3) road-moviea da, non zidor, estrata eta galbide ezezagun bezain traketsetan zehar, inork inondik ere sumatzen ez dituen larritasun latzak gertatuko diren. Ez da hau filmaren barrenak agertarazteko unea, baina esan dezagun protagonistek amaitzen dutela, basamortuan zehar, batek daki nora doazen hainbat etnia desberdineko migratzaileen trenean. Azken sekuentzia, ordea, moraleja besterik ez da. Aurrekoa da ikusi beharrekoa.
Film garratza, ezertan pentsatzen hasteko astirik eman aurretik ikusentzulea shock egoeran lagatzen duena. Film gogorra, nahiz ezin esan jakineko giza-indarkeriarik edo bortxarik sortzen denik bidaian zehar. Alderantziz. Beti ere nagusi dira elkartasuna, lagundu nahia eta balio etikoen defentsa. Urraspidea da bortxa.
Sekulako paisaia (2). Argazkaritza, maila berekoa. Tekno-musika, gogotik esoterikoa.
---oo0oo---
2) Aita (Sergi López) eta semea (Bruno Núñez) aktoreak dira. Beste bost protagonistak, aldiz, benetako ravezale beteranoak.
3) Maroko eta Mauritaniaren arteko inguru-minguruak Teruelgo Kanoi Gorria eta Villarquemadoko harrobiak baino ez dira, besteak beste. Gezurra dirudien arren, filmaren ekoizpenean parte hartu zuen lan-taldeak ordu erdira zuen ostatua.
.