Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Putzu Beltzeraino joan eta ubide gainetik itzuli

Putzu Beltzeraino joan eta ubide gainetik itzuli

Amatiño 2020/08/25 11:30
Putzu Beltza leku polita da. Nabarmen polita. Hala ere, ez dakit ba inguruko basoa ez ote den putzua bera baino xarmangarriagoa. Hain zuzen ere, buelta ubidetik egin nuen. Ez pasatzeko langa apropos jarria dago, ez da umeekin abiatzeko lekua eta, behar bada, ezta bakarrik ibiltzekoa ere. Hala ere, merezi du.
Putzu Beltzeraino joan eta ubide gainetik itzuli

Putzu Beltza

Pirinioetako 'Las Negras' eta Islandiako 'Svartifoss' ez dira ur-jauzi beltz bakarrak. Euskal Herritik atera gabe ere bada beltzik, Bidasoa inguruko Arantzako 'Putzu Beltza', esaterako. Etxetik ordu eta erdira baino ez, hartara jarriz gero.  

Googlen begiratu, wikiloc ikusi… aitortu behar dut harantza nindoala neraman susmoak ez zuela bertan aurkitutako errealitatearen antz handirik. Bizikleta arinez igotzeko baino zailagoa izango zelakoan, mendikada egiteko gertatu eta… goraino autoz joan daitekeen barren! Arantzako plazako tabernariak esan bezala: “Interneti kasu egin-eta, jendea erreka-bazterrean galtzen da”.

Taberna berean kafesnea hartzen, nire sasoi inguruko senar-emazteekin topo egin, ba ote zekiten nondik abiatu galdetu, elkarrekin joango ote ginen proposatu eta… “gu kotxez goaz”. Autoz? Ba... ni ez, behintzat. Ez naiz ordu bi lehenago ohetik jaiki, haraino joan eta ziztu bizian berriro etxeratzeko.

Arantzatik bospasei kilometrora dago Putzu Beltza, errepidean zehar behin eta berriz agertzen den 'Arantza erreka' seinalea jarraituz. Putzu Beltzaren lehen arrastoa laugarren kilometroan-edo agertzen da; zubia gurutzatu aurretik ezkerretara bidezidorra hartu eta erreka-bazterretik jo barreneko baserriraino, non autoa dagoen atarian. Leku polita. Hala ere, ez dakit ba inguruko basoa ez ote den putzua baino xarmangarriagoa.

Buelta, ezker ibarreko erreten gainetik egin nuen. Putzutik bertatik Arantza pareraino, lau-lau, ezinbesteko ordekan. Kanalik zegoenik ere ez nekien (ez du inon jartzen). Ez pasatzeko langa apropos jarria dago, ez da umeekin abiatzeko lekua eta, behar bada, ezta bakarrik ibiltzekoa ere. Hala ere, Arantzazu-Oñati, Lastur-Deba eta Almandoz-Mugaire ubideen gainetik ibilia naizenez, langak langa,  Arantzako hau ere ezagutzeko tentaldia ezin ba gainditu. Merezi du.

Harrobia
Putzu Beltzaren ingurua ere, Athleticen harrobia ote?

Ubidea
Ubide zaindua, harlauzok dardara egiten duten arren. Udaran edo izan ezik, indarrean omen dago.

Langa
Halakoren batean, ubideak harkaitza gurutzatzen du eta katamarrean pasatu beharra dago.

Landondo Arrata ibaia
Landondo Arrata ibai gaineko zubia. Hortik gora, harlanduzko zidor aldapatsua Arantza bertaraino.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: