Izas haraneko ur-jauzi beltza
Euskal itsasaldeko mendixken dimentsioetara ohiturik gaudenontzat, Pirinioek duten ajerik nabarmenenetakoa distantzia da, neska-mutiko gaztetxoekin joan nahi izanez gero, gehienbat. Pare bat ordutan ia edozein lekutara iris daiteke gurean; Pirinioetan, aldiz, gutxieneko ibilaldia da hori, ezer esanguratsurik ikusi nahi baldin bada, behintzat.
Hiru orduko joan-etorria merezi duen alderdia da, Izas haraneko “Las Negras” ur-jauzia. Zortzi kilometro eskaseko joan-etorria, batere galbiderik gabekoa, eta parkinetik ordubetera kastoreak, katagorriak eta, zori on apur batez, baita marmota edo muxar galduren bat sumatu ere.
Gidaliburuek diotenez, bidezidor erraza omen, haurrentzako modukoa. Ez dut uste, ordea, ekinerako harriarte aldapatsu eta luzexka hori, zango motzeko inorentzat denik. Zortzi-bederatzi urtekoek ez dira, seguraski, bidean igo ezinik geratuko, baina bospaseikoentzat, behintzat, ez da inondik ere pasealekurik aproposena.
Canfranc-eko kaletik bertatik abiatzerik badago, baina baita Coll-de-los Ladrones gotorlekuaren parkinera autoz igotzerik ere, pista dezente onean zehar, ordu erdi bizkorrago egite aldera-edo. Parkinetik gora, berriz, etenik gabeko ezpelditan barrena, haran-leporaino, non ikuspegia erabat irekitzen den, barren-barreneko eski-pisten mendilerroraino, Formigalen.
Udaberria euritsua izan ez bada ere, ur-jauziaren emariak itxurazkoa dirau oraindik. Bertako potzuan bainua hartzekotan, 12 gradu inguruan omen dago ura eta, aukeran, gogoan izan eguerdi arte leku ainube, ospel eta laiotza dela, zeharo hotza alegia.
Ez dut inon irakurri ahal izan –ezta dakikeenik topatu ere—zergatik deitzen zaion ur-jauzi honi “Las Negras”. Nik ezagutzen dudan ur-jauzi beltzik ospetsuena Islandiako Svartifoss delakoa da. Hain zuzen ere, “ur-jauzi beltza” esangura du islandieraz, basalto-harri hexagonal beltzez inguraturik dagoelako. Esango nuke, Izaseko hau ere, sumenditako harkaitz beltzen artean kanporatzen dela.