Lar protagonismorik gabeko Sakamantekasa
Juan Diaz de Garayo "Sakamantecas" zeritzanaren (1) istorioa ondo asko dokumentatua dago, ez baitzen alferrik garai berean Gasteizko kronikari ofiziala Ricardo Becerro de Bengoa idazle eta kazetaria izan, eta aurrena kontakizuna argitaratzen, heriotza-zigorra garrotez (2) gauzatzearen lekuko izan osteran. Geroztik, Pio Barojatik Xabier Montoiaraino (3), hamarren bat idazlan eta pare bat film (4) tarteko, ez da 150 urteotan Egilazko morroi analfabetoa ahazturan galdu.
David Pérez Sañudo zuzendariak informazio guztia eskura izan arren, ordea, ez du ezelango biopikik ekoiztu nahi izan. Alderantziz, biktimetako baten ahizpa erabat asmatu, txisteratik atera, bete-beteko protagonismoa ezarri eta, berorren ikuspegitik, inoiz inork landu ez duen kontakizun berria burutu du.
Hortik aurrera, ikuspuntua aldatuz, ahizpa (Patricia López Arnaiz) izango da gizartearen isiltasuna hautsiko duena, agintarien ez ikusia salatu eta, behingoz, aguazilak ikerlanetan jarriaraziko dituena. Hau da, zuzendariaren irizpidez, Sacamantecasen ohiko istorioetan bere kasa diharduen bortxatzailearen izua eta morboa protagonista diren artean, ahizparen ildotik, aldiz, Sacamantecas bera bigarren mailan utziz, filmak azaldu ahal ditu XIX. mendeko elite eta txairoen arteko kontrasteak, poliziaren behartsu eta emagalduekiko ardurarik eza (5), eta, oro har, gizarte matxistaren denetariko nagusitasuna.
Guztia, azken Karlistadaren (1872-1876) hondar gordinetan, Gasteiz hiriburua eta inguruko auzo eta herrixken arteko desorekan, azkenetako belaunaldi euskaldunaren (6) giro apalean (7) eta, nolabait, euskal abertzaletasunaren hastapenetan.
Bortxaketak (lehena baino ez da ikusten, distantziaz ateratako sekuentzia luzeaz), liberalen eta karlisten arteko gudu latzak (gorputz biluzi suntsituak) eta amaierako heriotza-zigorra (garrotez) kasu, filmak pasarte gordinak ditu. Aski ezaugarria Gasteizko hiria eta sinesgarria, berriz, hiriz kanpoko baserritarren bizimodu, etxalde eta janzkera.
Berriketa gabekoa Patricia Lopez Arnaizen interpretazioa. Ez dago zalantzan Antonio de la Torre, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoyren jakineko maila, eta aipagarri Haizea Carneros getxotar gaztearen lana.
---ooOoo---
.
1. Gaitzizenak besterik adierazi arren, ez dago frogatua biktimei gantzak kentzen zizkienik
2. Heriotza-zigorra garrotez bete zen, Gasteizko harresien ondoko Sutaustegi Zaharrean. Sarrera erosi behar izan zuten 12.000 lagun bildu omen ziren, Gasteizek 25.000-30.000 inguru biztanle zituen garaian. Aldez aurretik panfletoak zabaldu ziren eta zenbait liburuxka saldu.
3. “Lautadako mamua”, Xabier Montoia, 2024. Sakamantekas. Oier Gorosabel, 2025
4. “Cuerda de presos”, Pedro Lazaga, 1956. Eta “El Sacamantecas”, Jesús del Val eta Juan Carlos Ruiz de Gordoarena, 1979.
5. Udal aguazil nagusia Pio Jesus Fernández de Pinedo zelarik, ia hamar urte behar izan zituzten harrapatzeko eta, azkenean, ia ezustean gertatu zen.
6. Filmak besterik aditzera eman arren, Koldo Zuazori (“Arabako euskara”. Elkar, 2012) jaramonik egingo badiogu (mapa eta guzti), Gasteizko landa-auzoetan ez zen euskararik egiten 1860-1870tik aurrera. Betolazatik (Gasteiztik 12 km.) Gipuzkoa aldera (Urrunaga, Uribarri Ganboa, Elosu, Gopegi etab.) bai, baina ez ostera hegoaldera, Gasteiz inguruko Durana, Abetxuko, Gamarra eta bestelako auzo eta herrixketan. Filmak zehatz asko dio Sakamantekasak (Altsasura bideko Egilatzen jaioa) ez zekiela euskaraz.
7. Umeei ematen omen zitzaien aholkua: “Larrialdian, laguntza eskatzekotan, beti be hobe erderaz.
---ooOoo---
”.
..
