Operaren sozializazioa
Musika klasikoaren baitan, opera da munduan generorik ezagunenetakoa eta Verdiren La traviata, berriz, batere zalantzarik gabe, gehien ekoiztu ohi dena. Operagileei dagokienez, ostera, Verdi, Puccini eta Mozart dira zerrendaburuak.
Opera nabarmen sozialdu da demokraziarekin batera. Hogeita hamazazpi urte nituen nik Bilboko Coliseo Albiara joan nintzenean (edo eraman nindutenean) estreinako opera ikustera: Parsifal, oso oker ez banago. Wagner eta alemanez... benetan lartxo lehen egunerako. Gogoan dut Joseba Arregi (4) zela bertan, eta gogotik balioetsi zuela obra, ni asper-asper eginda, ipurdiko minez, atera nintzen arren. Geroztik izan dut betarik opera-girora hurbiltzeko baina, oraindik ere, aukeran, nahiago Verdi eta autore italiarrak (ezin frantsesak ahaztu) germaniarrak baino.
1980ko hamarkada arte Bilboko handikiak ziren, oro har, operaren bezerorik ohikoenak, nahiz, aurreko hamarraldian ere, nik ezagutu Bilbon, Elorrio, Eibar, Zarautz zein Tolosako ikasle-jendea, tokian tokiko abesbatzetan ari zirenak kantari eta opera gogotik maite zutenak. Baita lagunartean kantatzeko gauza zirenak ere. Geroztik antzokiak bikoiztu egin dira neurriz, eserleku berberak dira lehen lerrotik azkeneraino, sarreren prezioak futbolekoen pareko dira eta, zenbaitek besterik uste arren, gaur egun opera zuzenean ikusi ahal izatea, "Ura bere bere bidean" bezalako saiotara joatea baino zatia merkeagoa izan daiteke (5).
Bilbotarrek ez ezik, inguru zabalak erantzun ohi dio ABAOren deiari. Metroak eta autobus-zerbitzuek bertaratu dute gainerako Bizkaiko ikusentzuleak, eta Bizkaitik Bizkaira ez ezik, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Logroño, Burgos eta Santanderko autobus-zerbitzu aproposak ere antolatu izaten dira. Horrez gainera, nik dakidanez, baita Urola, Debagoien eta Debabarrenetik ere.
---ooOoo–--
1) 2.164 ikusentzule.
2) Asociación Bilbaína de Amigos de la Opera.
3) Urrian, “La traviata” (Verdi). Azaroan, “Il barbieri de Siviglia” (Rossini). Urtarrilean, “Die Walküre” (Wagner). Otsailean, “Roberto Devereux” (Donizetti) eta maiatzean, “Manon Lescaut” (Puccini).
4) Nahiz berak alemanez jakin, seguru gero eskertuko zukeela egun euskaraz zein gaztelaniaz jartzen diren azpidatziak.
5) Zer esanik ez grabatua. Orain urte guztian zehar ikusi daitezke opera saioak hiriburuetako zenbait zinema-aretotan, aldez aurretik grabatuak nahiz zuzen-zuzenean emanak, futbol-partidak bezalaxe, New York, Londres, Verona edo beste hainbat lekutatik. Digitalizazioak erakarri duen sozializazio isilaren beste ondorioetako bat.
