Ura bere bidean
Ez da gero batere erraza Barakaldon elkartu ziren gehienei azaltzea, zelakoak ziren orain dela mende erdiko euskal kanta-jaialdiak, baina, behar bada, guztiz esanguratsu bezain adierazgarri dirateke Pantxoa eta Peioren orduko eta oraingo argazkiak parekatzea. Bata, 1973an Eibarko Astelena pilotalekuan bikote lapurtarra kantari zela eta bestea, berriz, aurreko larunbatean, Ura bere bidean, Bizkaia Arena aretotzarrean.
Astelena frontoiko argazkia orduan bizi izan genuen giroaren ispilu da bete-betean. Kantxa erdian (bosgarren koadroa lekuko) jasotako oholtza, ipurtargitan. Pare bat mikrofono minimalista eta zurezko jarleku tolesgarririk apalena. Pantxoa eta Peio, berriz, gitarra bakarraz eta bestelako hornidurarik gabe, horma zikin eta zaharkitua koreografiatzat. Artean Francok bizirik zirauen.
Mende erdi luze geroago, aldiz, Pantxoa eta Peio bikote berbera (1), 650 m. karratuko agertokian, biak ala biak argiz josiak, izpi dirdiratsuen artean, egundainoko koreografia digitalaz eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa zein Bilboko Koral Elkartearen laguntzaz, Fernando Velázquez maisuaren zuzendaritzapean.
Argazki bien arteko arrakalan, urak bere bidea egin du eta jarraitu ere jarraituko du egiten, ubidea zaintzen den heinean behintzat.
1) 53 urte gehiagoz. Segurutik Bizkaia Arenan izan ziren zaharrenetakoak eta, zer esanik ez, kantarien artean.
- Pantxoa eta Peio. Barakaldo, 2026
