Natura edertu beharraren ajea
Bai. Zorrotz behatuz gero bada kontranaturazko zehazkizun bat, mundua mundu denetik sekula gertatu ez dena eta kataklismo mortalik ez bada behintzat, inoiz gertatuko ez dena. Zer ote?
Batetik, Deba ibaia urez gainezka ageri da, batere zalantzarik gabe. Itsasontzia bere kasa doa lasai asko, portua eta zubipeak urez estaliak daude eta, begi-bistan denez, marrazki-barreneko paduretan eta Artzabalgo hezegunetan sobera da ur-maila. Besteak beste, itsasgora nabarmena alegia.
Goian, eskuinaldeko itsasbazterrean, berriz, nabari dira hondartza biak, elkarren ondoan. Bai herritik hurbilen dagoen handiena, Santiago, eta baita Itziarko errepidepean dagoen Lapari hondartza ere. Bata zein bestea erabat zabaltzen eta elkartzen dira itsasbeheran (1), baina batetik bestera oinez pasatzerik guztiz ezinezkoa da, ostera, itsasgora denean. Hartara, hondartzan itsasbehera da.
Baina, itsabeheran, ibaiaren bi ibarretako harritzarrak zein zubipeko zimenduak agertarazten dira, kaio arruntak, koartzatxo txikiak (2) eta bestelako itsas-hegaztiak ibaiaren hondar hareatsura janari nahian jaitsi ohi dira (23 eta zenbait arrantzale, berriz, katiuskak jantzita bertaratu, karramarro berde, zizare ziztrin eta bestelako karnatu bila. Eta, jakina, itsasbehera balitz, ibaia ez litzateke urdin sumatuko, lur kolorekoa baizik.
Ondorioz, labur esanda, zalantzarik ez gero, hondartza aldean itsasbehera dela baina ibaian, ostera, itsasgora. Biak dira zilegi, jakina, baina ez aldi berean. Lizentzia poetikoa-edo esaten zaio horri. Artistikoa, nonbait. Eta turistikoa ere bai, jakina.
---ooOoo---
1) Alfonso Guilloren blogeko bannerra ikusi besterik ez dago.
2) Bizpahiru egoten omen dira normalean Deban. Pasekoak edo negua bertan igaro izaten dutenak.
3) Lekune aproposa Casacampoko behatokietara isil-isilik hurbiltzeko.
- Itsasgora
