Matilda efektua
Matilda Josliyn zientzialariak 1883an argitaratu zuen “Emakumea asmatzaile gisa” (1) saiakera, non estreinako aztertu eta salatu zuen gizartean nagusi zen emakume zientzialariekiko gutxiespena eta, beti ere, gizonezkoen lana lehenesteko joera, emakume asmatzaileen eskasia euren talenturik ezaren ondorioa besterik ez zelakoan.
Ehun urte geroago, Margaret W. Rowssiter zientzia historilariak Matilda Joslyn aintzindariaren kriseilua hartu eta haren hipotesia frogatzen zuten hainbat emakume (2) zehatzen datuak agertarazi zituen, XIX. eta XX. mendeetako zientzialarienak ez ezik, baita ere XII. mendean Italian izan zen Trota Salernoko medikuarenak, zeinek hainbat liburu idatzi arren, zendu bezain laster pasatu ziren zenbait gizonezkoren biografiak edertzera. Ikerketa haren ondorioz, Rowssiter historialari estatubatuarrak indarrean jarri zuen “Matilda efektua” deitura, emakume zientzialarien (3) lana ezkutatzeko joera historikoa ezagutarazteko, Matilda Josliyn zenaren gorazarrez hain zuzen ere.
Matilda Joslyn zenaren saiakeraren errotik eta Margaret W. Rossiterren ildo beretik, azken 25 urteotako ikerketek frogatu ahal izan dute, batere zalantzarik gabe, sarriago eta gehiago aipatu izan direla gizonezkoen erreferentziak emakumezkoenak baino, hainbat unibertsitatetako katedratan sexua kontuan hartu izan dela lanpostuak erabakitzerakoan, eta hedabideek ere, zientzialariak elkarrizketatzeko orduan errazago jo izan dutela gizonezkoengana emakumezkoengana baino.
---oo0oo---
1) Women as an Inventor,. 1883
2) Besteak beste, Marie Curie, Mileva Maric (Albert Einsteinen emaztea) Nettie Stevens, Lise Meitner, Marietta Blau, Rosalind Franklin eta Jocelyn Bell Burnell.
3) “Matilda efektua” zientzia arloari atxiki ohi zaio, baina misoginia hori literaturan eta artean ere sarri gertatu izan da. Hiru adibide aipatzekotan, Ellis Bell ("Wuthering Heights" , 1847) idazlearen izena Emily Brontëren ezizena baino ez zen, Gregorio Martínez Sierraren idazlanik gehienak María de la O Lejarraga (1874-1974) emazteak idatzi zituen eta Robert Venturi arkitektoak jaso zuen “Plitzkar Saria” (1991) Denise Scott Brown emazteari zor zitzaion partaidetza erabat isildu arren.
