Gutxiago gehiago da, ala gutxiago aspergarria ote?
Ludwig Mies van der Rohe arkitektura modernoaren aitzindariak “Less is more” (gutxiago gehiago da) leloa aldarrikatu zuen 1940eko hamarkadan, bere diseinu-filosofiaren soiltasuna azpimarratzeko. Hamabost urte eskas geroago, ostera, Robert Venturi eta Denise Scott Brown senar-emazteek, posmodernismoaren aurrelarietakoek, “Less is a bore” (gutxiago da aspergarria) ezarri zuten, arte eta arkitekturaren funtzioa nabarmen gehiago gizarteratu nahirik.
"Less is more" eta "Less is a bore", izatez, lelo bata zein bestea marketinaren hitz-jokoak baino ez dira, minimalismoaren eta maximalismoaren hautuak ahalik eta ulergarrien irudikatzeko.
“Learning from Las Vegas”
"Less is a bore” delakoaren ikerketa gisa, Venturi-Scott bikoteak 1972an aurkeztu zuen “Learning from Las Vegas” azterlana, non senar-emazteek azaldu zuten euren diseinu-estrategia eta, aldi berean, baita hainbat material zein proposamen zehatz bildu eta aditzera eman ere.
“Learning from Las Vegas” modernismoaren saiakera kritikoa da. Eta, aldi berean berriz, posmodernismoaren aldeko saiakera ‘iraultzailea’, 1960eko hamarkadako gizarte amerikarraren joerak, jokabideak eta emaitzak aurrenengo aldiz artetzat jo zituen heinean, alegia: “pop” delakoa, automobilaren inguruan eragindako kultura eta Las Vegas hiri ikonikoaren ildotik sortarazitako irudi berria.
Hain zuzen ere, horretan guztian oinarritzen da Bilbao Museoak Denise Scott Brown arkitektoaren proposamenez osatu duen erakusketa (1), hiru sailetan banatua: Hiria, Kalea eta Etxea. Guztira 120 lan original biltzen dira --marrazki, argazki, maketa eta kartelak tarteko—, hogeiren bat artelan eta altzari, eta baita Denise Scottek berak etxean dituen zenbait artistaren lanak ere, Antoni Gaudi, Roy Lichtenstein edo Andy Warholenak, esaterako.
Pritzker Sariaren afera
Pritzker Saria arkitektura arloan mundu mailako “txapelik” garrantzitsuenetakoa da, 1991 urtean Venturi-Scott senar-emazte arkitektoen hainbat urtetako lanak merezi izan zuena. Saria, ordea, Robert Venturiri baino ez zitzaion eman, Denise Scottek zer esanik izan ez balu bezala.
Historian zehar ohikoa-edo izan da emakumeei ez ikusi egitea. Ez da ohikoa, ordea, modernoa nahiz posmodernoa izan, bere burua hain arte-aditu handitzat duen epai-mahaiak horrelakorik egiten jarraitzea 1991 urtean, batere lotsa eta begirunerik gabe. Eta are lotsagabeagorik, berriz, saria jasotzeko orduan senarrak hitz-erdirik ere ez aipatzea emaztearen zorretan, omenetan, gorazarretan edo, gutxienez, esker onetan.
More ala bore ote? Bost axola. Bitartean, senar "txapeldunak", ez lore, ez adore eta ez amore!
---oo0oo---
1) Aurtengo otsailaren 11tik, maiatzaren 31ra.
.
- Denise Scott Brown, Las Vegasen, 1971 urtean.
