Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kanpolarrosak

Kanpolarrosak

Amatiño 2011/09/15 23:15
Bidesariak jarri behar ote diren ala ez berriro ere ezbaian, Etxegarate zein Bilboko saihesbide berria direla-eta… Eta “irteerak” kobratzen hasiko bagina, “barruan” denok doan ibil gintezen? Noiz arte jarraitu behar dugu honen kanpolarrosak izaten?

Bidesariak jarri behar ote diren ala ez berriro ere ezbaian, Etxegarate zein Bilboko saihesbide berria direla-eta. Egoera bakoitzari erantzun aproposa zor zaio eta nekez aurkituko dugu premia guztiei berdintsu egokituko zaien errezetarik baina, behar bada, eztabaida honen guztiaren inguruan nolabaiteko iruzur ideologikoa dago, doako zerbitzuak ordaindu beharrekoak baino aurrerakoiagotzat jotzea alegia. Eta ez da egia. Jakina herri-zerbitzuak doan eskaintzea zertxobait kobratzea baino populistagoa dena, baina ez gero uste izan beti justuagoa denik.

Zenbaiti besterik begitandu arren, autobide guztiak ordaindu beharrekoak dira. Bat bera ere ez da musu-truk eraikitzen eta kudeatzen. Eta ordaintzeko hiru modu besterik ez dago: 1- Den-dena hiritar guztion artean, zerga bidez, autobiderik erabili nahiz ez. 2-  Den-dena bidesariz, erabiltzaileen artean soil-soilik. 3- Zati bat zergaz, guztion artean, eta beste bat bidesariz, erabiltzaileen artean. Eta, ene irudiko, hirugarrena da modurik justuena eta, horretara, aurrerakoiena.

Inoiz esan dudanez, nik 40.000 kilometro inguru egiten ditut urtero autobidez. Neuk ordaintzen ditut eta, honezkero, ordaintzen jarraitu beharko dudala uste dut. Hala ere, “aurrerakoitasunaren” izenean norbaitek finantziatu nahi baldin badizkit, ez naiz ni lar arranguratuko. Ez horixe.

Nago, ordea, arlo honetan Euskal Autonomia Erkidegoan barrena dugun arazorik larriena ez dela autobideak ordaindu behar ditugun ala ez. Bidegabekeria dezente handiagoa iruditzen zait Bilbora, Donostiara zein Gasteiza joateko autobide guztiak ordaindu behar izatea (Eibartik, zer esanik ez) eta, hain zuzen, Bilbo, Donostia eta Gasteiz baino harantzago, Erkidegotik ateratzerakoan hasten direla tarifa-beherapenak, doako aukerak eta gainerako maukak. Sekulako justiziarik eta elkartasunik eza, inork eta ezein alderdik salatzen ez duena.

Inork esango al digu behingoz zergatik Donostiatik Iruñera doan den eta Donostiatik Bilbora, aldiz, hainbeste? Zergatik Eibartik Gasteiza ordaindu behar den eta Gasteiztik Mirandara doan? Zergatik Bilbora joateko ermuarrek ordaindu behar duten eta Castrokoek ez? Edo beste modu batez esanda, zergatik Bilbotik Arabarako zein Gipuzkoarako bidea ordainezkoa eta Kantabriarakoa doakoa? Eta “irteerak” kobratzen hasiko bagina, “barruan” denok doan ibil gintezen? Noiz arte jarraitu behar dugu honen kanpolarrosak izaten?

supersur

Bilboko Supersur saihesbide berria

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2011/09/16 13:50

Nik gainera, beste desberdintasun bat azaleratu nahi nuke, Luistxok sarritan atera izan duena.

Bi aukera hauetan, TAG famatua erabilita:

A - Hilaren 1etik 15era Eibar-Donostia ibilbidea egitea egunero eta hilaren 16tik 31ra Eibar-Elgoibar.

B - Hilaren 1etik 15era Eibar-Elgoibar ibilbidea egitea egunero eta hilaren 16tik 31ra Eibar-Donostia

Ba begira, B aukera, A baino ASKOZ merkeago ateratzen da. Zergatik ote? Misterio bat gehiago.

txu
txu dio:
2011/09/16 18:29

Hirekin bat najatok. "Ez pagatzeana", hau dok, dana zergetatik pagatzia, populismo kontua dok, jendiak ez jok ikusten benetan bai pagatzen dala. Ala! itsuak danak! Nik garbi jakat: erabiltzen dabenak pagau daixala, erabiltzen ez dabenak ez jakak zertan pagau. Zentzuzkua jeritzat osasuna edo hezkuntza guztien artian pagatzia, eta autobusa, tranporte publikoa... baina kotxian erabilera partikularra?! Tontotuak eta gaittuk? Erridikulua iruditzen jata kotxian erabilera zergetatik subentzionatua egotia. Ala! izan gaittian tontuak!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: