Josep Pla
Trantsizioa esan dut, baina hain zuzen ere, trantsizioarekin amaitu zen neurri handi batean Josep Pla zenaren erdal emaria, 1940 urtean hasi eta 1975ean utzi baitzion 35 urtez Destino astekarian gaztelaniaz (2) idatzitako 2.500 inguru artikulu-sorta luzeari.
Hirurogeita hemezortzi urterekin hasi eta asteroko konpromisoari uztea ulergarri izan daiteke baina, aldi berean, diktadura hastearekin ekin eta diktadura ahitzearekin batera amaitu izanak aztarrenen bat ematen digu pertsonaiaren nondik norakoaz (3).
Langilea zenik eta erraz idazten zuenik ez dago zalantzan. Guztira 30.000 orrialde inguru idatzi zituen, osoki 47 ale handitan bilduak. Asko ala gutxi ote den konturatzeko, gogoan izan Pio Barojak (4) 120 nobela idatzi zituela, 16 aletan jasoak. Plaren ekoizpena hiru bider oparoagoa da eta, jakina, Plak katalanez eta Barojak gaztelaniaz (5).
Josep Plaren idazlanik garrantzitsuenak, El quadern gris, 845 orrialde ditu, “jarrialdi batean” idatzitakoak. 1918ko martxoan hasi eta 1919ko azaroan amaitu (6). Hogeita bat urte bete zuen egun berean ekin zion, eta ez ezer prestatua zuelako, baizik eta Zuzenbide ikasketak egiten ari zela Bartzelonan, 1918ko Gerra Handia hasteaz gainera "gripe espainiarra" suertatu eta Unibertsitatea itxi zutelako. Hala beharrez etxeratu eta, barnemuinak lar estutu beharrrik gabe nonbait, gaur egun, aho batez, katalanezko literatura garaikidearen prosa nagusitzat jotzen den idazlana burutu zuen.
Josep Plaren obra nagusia, “El cuaderno gris” (7) gaztelaniaz itzulia dago, baina nik ezin izan dut amaitu, aspergarria (8). Irakurterraza eta entretenigarria da, aldiz, Calendario sin fechas sail luzearen (2.500 zutabe) antologia hautatua, 52 artikulu guztira (9). Niri behintzat, kazetaritza begiko dudan aldetik eta nik bizi izandako garaiaz ari denez, gustatu zait, sarri asko, sarriegi, orain inondik ere onargarri ez litzatekeen handipuzkeria askotxo sumatzen bazaio ere.
---ooOoo---
1) Garai hartan, artikuluak orain baino askoz ere luzeagoak izan ohi ziren... Gehexan Ponttok (Jean Haritschelhar) Baionako "Herria" astekarian idatzi ohi zituen iruzkin laburrak-edo izan ezik. Benetan inor gutxik gogoan dituen maisu-lanak.
2) Gaztelaniaz idatzi beharra arrazoi ekonomikoa izan zen funtsean. Giroak ez baitzuen katalanez idazteko laguntzen, eta are gutxiago ordaintzen.
3) Hala ere, haren eskuin-joera nabarmena ukatzeke, egia ere bada Josep Pla idazlearen pentsakera eta bere emaitza literarioa ez direla zirt edo zart laburbiltzekoak. 84 urtean Plak ezagutu zituen monarkia eta errepublika, pare bat diktadura, bi mundu-gerra eta Espainiako "zibila". Denei eman zien ongi-etorria eta denak uxatu zituen ez omen zirelako izan berak itxaro bezain onak. Francoren espia izan zen lehenik eta, Francoren kontra, aliatuena gero.
4) Josep Plaren ustez, Pio Barojak okerreko "teknika" hautatu zuen idazlea izan zen. Onena omen zen paisaiak, giroak, ohiturak, memoriak, bizimoldeak eta eguneroko pasarteak islatzen, baina, zoritxarrez, ez omen zitzaion besterik otu, gaztetxoentzako moduko nobela arin eta petralak idazteari ekitea baino.
5) Eta hori gaztelaniaz. Zer esanik euskaraz. Josep Plaren belaunaldiko euskal idazleen (Azkue, Aitzol, Altube, Barandiaran, Agirre, Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta enparaua) ekoizpena, guztia ere, beste dimentsio apalago batekoa da..
6) Haren jarioa ulertzeko, diodan, 75 urte zituela bihotzekoak eman zionean, eta medikuek une horretan sentitu zuena deskribatzeko eskatu ziotela. Baita egin ere, medikuentzako 9 orrialdeko (270 lerro, 2.725 hitz) txostena. Ni trantze horretatik pasatu nintzen aurreko udaberrian eta 20 lerrotik aurrera ez nuke jakingo zer esan.
7) El cuaderno gris”. Josep Pla. Círculo de Lectores, 1997.
8) Egilearen egunerokotasunak, familia-giroa, bakar-hizketak, memoriak, irizpide ideologikoak, balio moralak eta duela ehun urteko Palafrugellgo ipuinak, maisu-lanak izango badira ere, aspergarri iruditu zaizkit ehun urte geroago. Daitekeena ere, ni aguretu izana, pazientzia gutxi eta lehentasunak bestelakoak izatea.
9) Sorta osoko lehen artikulua, ekinera, “Otoño en el Baztán” (1940.02.24) da eta, azkena, "Portugal: quiebra de la democracia" (1975.05.14). Bien artean denetarikoak daude. Elebitasunaz, zahartzaroaz eta Chéjoven dramaturgiaren liluraz, Baita Raimonen kantagintzaren jatortasunaz, hegazkinen gurpilen garrantziaz edo Barcelona-Real Madrid futbol-partidaren (1960) ikuskizun ergelaz ere. Zer esanik ez "para hacer un buen articulo" formulaz. Eta, besteak beste, petroliontzia omen da garraio-motarik aproposena idazten jarduteko: lasai, geldo, bare, jende gutxi, ordutegirik gabe… Petrolio-sektorean niharduela jakin izan banu!
10) Zahartzaroan (euskal tankerako) txapela (kirten eta guztikoa) erabili ohi zuen, nekazari-jatorria aldarrikatu gurarik-edo. Francisco Umbralek “dandismo con boina” bataiatu zuen.
