Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gehexan Pontto, euskal “billettista”

Gehexan Pontto, euskal “billettista”

Amatiño 2013/09/04 18:30
“Gogoratu beharko, gure artean behintzat genero honi lehendabizikoz ekin ziona Jean Haritschelhar, Gehexan Pontto izenordez, euskaltzainburua izan zela, HERRIA astekarian 1969tik aurrera. Beraz, agur eta ohore, gaur egun euskaltzainburu dugun Haritschelhar jaunari, zortzi-hamar lerroko artikuluxkak idaztea guztiz ezohiko baitzen duela mende laurden. Zer esanik ez euskaraz, zerbait ganorazkorik idazteko luze idatzi beharra zegoela uste genuen-eta guztiok” (Luis Aranberri, 1996)
Gehexan Pontto, euskal “billettista”

Gehexan Pontto

Artikuluxka llabur-llaburrari “billet” esaten zaio frantsesez, eta “billetak” idazten dituen idazle edo kazetariari, berriz, “billettiste”. Ospetsuenetakoa Frantzian Robert Escarpit izan zen, zeinek hainbat urtez (1965-1977), egunero, idatzi zuen “billet” horietako bat Le Monde egunkariaren lehen orrialdean. Hain ezagun bihurtu zen eze Escarpiten iruzkina, genero honi “escarpit bat” idaztea edo irakurtzea esaten zitzaiola.

Jean Haritschelharrek eta Robert Escarpitek elkar ezagutzen zutenez gero gero, baigorritarrak bere egin zuen Herria astekarian girondatar adiskideak joeran jarritako artikulu-mota. 1969an ekin zion Haritschelharrek, Gehexan Pontto izenez, “billetak” idazteari eta ondoko hogeita bost urteetan 1.300 iruzkin idatzi zituen, frantses politika eta euskal giroa ironiaz bilbatuz eta txirikordatuz.

Guztiak ez baina, guztietatik hirurehunetik gora hautatu eta bildu zituen Beñat Oyharçabal euskaltzainak 1995an. eta Elkar argitaletxeak argitara eman. Ez da,  honezkero, hasi eta buka irakurtzeko alea. Zer esanik ez kontuan izanda 1960, 1970 eta 1980 hamarkadak gero eta urrutiago geratzen ari zaizkigula guztioi ere.  Baina, zer gerta ere,  nolabaiteko antologia horretan aurkitu ahal izango ditu interesdun irakurleak eguneroko zertzeladak arin eta artez  kontatzeko moldeak. Honetan ere maisu izan genuen-eta Haritschelhar aditu eta eruditua.

 

ZAZPI

1969/05/29

Zazpi, xifre ederra. Zazpi egun astean, zazpi eskualde Eskual-Herrian, zazpi bekatu kapitala… eta… zazpi lendakari gai Frantzian.

Zazpi egunetan nola ez hauta igandea? Zazpi bekatu kapitaletan ez dezaket bat berex, aspaldi huntan zazpiak neretuak ditudalakotz; nere bihotzean senditzen dut aldiz Eskual-Herriko zazpi eskualdeak galdegiten dutela batasuna. Zer egin beraz zazpi lendakari gaiez? Eskualdunez axola guti dutelakotz, joan ditela, zazpiak elgarrekin, antzaren ferratzerat.

Gehexan Pontto

amatinooo

Haritschelharrek 1969an ekin zion Iparraldean "billet" generoari, Hegoaldean euskarazko kazetaritzarik ere ez zen garaian

---ooOoo---

 

Intelektualak eta prentsa idatzia

Nekez aurki daiteke gaur bere burua intelektualtzat izan eta egunkari edo aldizkariren batean bere zutatxoaren jabe ez den idazlerik. Eta, esan gabe doa, ez dute literatura-maitasun hutsagatik idazten, merkatuan indarrean dauden eskupekoen truke baizik. Gainera, badirudi, azkenean ikasi egin dutela garai batean ia ezinezko zitzaien generoa eta, kasurik onenean, kazetarien azalkeriaren frogatzat salatzen zutena: hots, gauza sakon eta interesgarriak, intelektual mailakoak alegia, folio batto eskasean idatzi beharra. Hau da, kazetari-hizkuntza bereganatu dute, ez sintesi-gaitasunaz bakarrik, baita baldintza teknikoen diktaduraz ere, sarritasunaz, bizkortasunaz, erritmoaz, luzapenaz eta abarrez. Nork esango zion gero orain dela hamar urte eskas Antonio Galari egunero dozenerdi lerroko hausnarketa sakonak edo idatziko zituenik egunkari batean (El Mundo).

Hala ere, gogoratu beharko, gure artean behintzat genero honi lehendabizikoz ekin ziona Jean Haritschelhar, Gehexan Pontto izenordez, euskaltzainburua izan zela, Herria astekarian 1969tik aurrera. Beraz, agur eta ohore, gaur egun euskaltzainburu dugun Haritschelhar jaunari, zortzi-hamar lerroko artikuluxkak idaztea guztiz ezohiko baitzen duela mende laurden. Zer esanik ez euskaraz, zerbait ganorazkorik idazteko luze idatzi beharra zegoela uste genuen-eta guztiok.

Intelektualak, telebista eta multimedia. Luis Aranberri. Gasteiz, 1996

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: