Behar bezala idazteko arauak
Rafa Egiguren (Hernani, 1948) diskretua omen da. Xabier Mendigurenek (Diskretu baten gorazarrea. Ortzadar, 2012.03.31) gogoratu du haren diskrezioa, eta laudatu. Nonbait ezer gutxi idazten duten hainbat idazle saraoz sarao aritu ohi diren artean, hernaniarra jendaurrean inoiz agertzen ez direnetakoa omen. Izan ere, Zeruko Argian 1964an idazteari ekin arren, nork ezagutzen du egun Rafa Egiguren?
Baina ospe guztien azpitik eta diskrezio guztien gainetik, beti ere errealitatea fikzioa baino hobea denez gero, harribitxi horietakoa dugu Rafa Egigurenek eskaini berri digun Gauza guztiak (Pamiela, 2011) narrazio-bilduma: saiakera, bidaia-liburua, eresia, hausnarra, behatzaile-jarioa, kronika-kutsua, hitz lau neurtua... auskalo: maisu-lana.
Egileak bederatzi hilabeteko egonaldia egin zuen Txinan duela hogeita bost urte (1986) eta, nolabait laburbiltzekotan, euskal irakasleak txineraz ikasten ziharduela egindako hainbat burutapenen bilduma xumea da oraingo hau; apal asko kontu-kontari, batere handikeriarik gabe, minimalismo hutsez, baina sekulako ondorio eta emaitza gozo eta atseginekin. Tarteka-marteka, berriz, VII. mendeko hainbat olerki, jatorrizko txineraz zein euskaraz. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Plazer hutsa.
"Urteak txirikordatzea eta gertaerak brodatzea omen da idazlearen zeregina". Eta, behar bezala idazteko, Liu Xie handiak oinarrizko arau batzuk argitaratu zituen VI. mendean. Maisu onak izan zituen nonbait gure Rafa Egigurenek Beijing-en. Baita, segurutik, maisuek ikasle bizkorrik aurkitu ere.
Rafa Egiguren
Tilin egitten desta gaixak eta pertsoniak. Gitxittan erosten dot libururik, eta hau bat izango da.