Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Mejor que ficción"

"Mejor que ficción"

Amatiño 2012/04/16 11:00
Errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da sarri. Jorge Carrionen iritziz, berriz, kazeta-kronikaren errealitatea fikzioa baino hobea omen. Baina honek du esangura, horratik, kronika errealitatea denik. Ez, behintzat, errealitate hutsa.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko eztabaida, gatazka edo zubigintza ez dira bart gauekoak. Fikziorik bada Herodotoren geografian zein Marco Poloren bidaietan, eta hamaikatxo dira egiazko gertakarietan oinarritutako nobelak. Izan ere, zer ote kronika? Juan Villoro idazle eta kazetari mexikarrari jaramonik egitekotan, kronikak nobelaren narrazio-ahalmena du, erreportaiaren datuak, ipuinaren drama-zentzua, saiakeraren argudioak eta autobiografiaren nortasuna (La crónica, ornitorrinco de la prosa).

Kronika-moldeak sekulako joera arrakastatsuan diharduen honetan, Jorge Carrion irakasleak Mejor que ficción. Crónicas ejemplares (Anagrama, 2012) delakoa argitara eman du, eredutzat jotzen dituen hogeita bat idazle hegoamerikarren beste hainbat kronika bilduz. Baita, hitzaurre gisa, hogeita hamar orrialdeko saiakeratxoa eskaini ere, fikziorik ezaz.

Jorge Carrion ausartu da Brevísima historia universal de la no ficción laburbiltzen eta, besteak beste,  idatzi, Truman Capote, Tom Wolfe eta beste hainbaten  “Kazetaritza Berria”ren   (New Journalism) jatorria Hego Ameriketako narrazio-kazetaritzan eta kronikagintzan aurkitu behar dela. Nolabaiteko alde nabarmenaz, jakina: hegoamerikarrek historiak kontatzeko literatura-mota aproposa lantzeari ekin zioten artean, Ipar Ameriketan, aldiz, hasi bezain laster jabetu zirela estetika berriaz, asmakizuna bataiatzeaz eta, bidenabar, liburu-industriaren eta argitaletxeen babesa lortu beharraz. Hego Ameriketan, literatura literatura da. Iparrean, ostera, Business is Business.

Hogeita bat kroniken artean (Juan Villoro, Fabricio Mejía Madrid, Maye Primera, Alberto Salcedo, Juan Gabriel Vásquez, Juanita León, Julio Villanueva Chang, Gabriela Wiener, Jaime Bedoya, Pedro Lemebel, Alberto Fuguet, Cristian Alarcón, Juan Pablo Meneses, Jordi Costa, Guillem Martínez, Martín Caparrós, María Moreno, Leila Guerriero, Edgardo Cozarinsky, Rodrigo Fresán eta Edgardo Rodríguez Juliá) denetarik dago, bai, batzuk mundialak gainera, benetan eredugarriak, fikzioa baino hobeak (no es un género, es un debate), norberak noizbait idatzi nahi izango lituzkeenak. Baina, edozein modutan, Jorge Carrionen hitzaurreak, besterik gabe ere, gogotik merezi du.

Mejor ficcion

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: