Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Goyaren margo eta guztiko eliza, presa-gainean

Goyaren margo eta guztiko eliza, presa-gainean

Amatiño 2026/09/03 00:05
Zaragozatik ordu erdira, Muel eta Botorritaren artean 6 km. besterik ez daude. Botorritako ur-auziek eta Muelgo ur-kontuek 2000 urte inguru dituzte. Botorritan, urik ezaren eztabaidetan baskoiek galdutako auziaren testuak (1) aurkitu ziren eta Muelek, berriz, erromatarrek eragindako oasiaren gogoangarri izaten jarraitzen du.

Botorritaren historia, baskoiek, iberiarrek eta zeltiberiarrek duela 2000 urte elkarrekin izan zuten epaiaren berri, blog beronetan jaso zen orain dela 11 urte, eta harako “brontzeak” Zaragozako Museo Probintzialean daude.

Botorritan ez da honezkero bertan ikustekorik ezer geratzen, egindako eta amaitutzat jotako indusketen aztarrenak baizik. Muel (2), berriz, bisitariak gutxien uste duen lekua da, nekez itxaro baitezake inork horrenbeste ur-emari, horren inguru-minguru idorrean.

Huerva/Uerba (3) errekaren uraz baliatu ahal izateko, erromatarrek (4) sekulako presa egin zuten, K.o. lehen milurtea hasi bezain laster. Hain sekulakoa eze, III. mendean uholdeek lokatzez gainezkatu eta, XVIII. mendean, Fuenteko Andre Mariaren (5) elizatzarra eraiki baitzuten presa gainean (ikus alboko argazkia), Goia pintoreak, hormetako lau petxinetan  zuzenean  marraztutako fresko eta guzti.

Gaur egun geratu diren ur-jauziek, piszina naturalak eta erreka inguruan udalak beren-berengi moldatutako pasealekuek eta landatutako zuhaitz ederrek ezein kanpotarrek espero ez duen oasia osatzen dute.

2012 urtean, inguru guztia BIC (Kultura Interesdun Ondarea) izendatu zuen Aragoiko Gobernuak. 

---ooOoo---

1) Botorritako brontzeak.

2) Ospe handikoa da bertako zermika-tradizioa,

3) Hiru erreka handi biltzen dira Zaragoza hiriburuan bertan. Nafarroan zehar iparraldetik iristen den Ebroa, Pirineoetatik jaisten den Gallego erreka eta Terueldik etorri datorren Huerva edo Uerba (aragoieraz). 

4) III. Legio Mazedoniarrak.

5) Nuestra Señora de la Virgen de la Fuente

.

Mueleko ur-jauziak.
Ur-jauziak Muel herriko jardin naturalean, abuztu lehor honetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal